kirola
GURUTZ AGINAGALDE
«Bidasoari nire lana eta ilusioa eskaintzea: ez zegoen erretiroa hartzeko arrazoi hoberik»
Julen Etxeberria
Jokalari ohia zara jada. Hasi zara hori barneratzen?
Bai, poliki-poliki. Astebete besterik ez da pasatu azken partida jokatu nuenetik.
Zer sentipen duzu?
Oso pozik nago. Zalantza banuen ea nola joango zen dena hauteskundeak sasoiaren erdian egingo zirela kontuan hartuta, baina, zorionez, ondo atera da. Jendearen estimua eta maitasuna sentituta utzi dut, eta azkeneko egunera arte lagundu ahal izan diot taldeari. Oso polita izan da agurra.
Halako agurra nahi zenuen?
Asmoa zen denboraldia amaitutakoan aurkeztea hauteskundeetara, baina gauzak ez dira norberak nahi duen bezala. Zorionez, nahiz eta sasoia hasita hauteskundeak egiteko une aproposa ez izan, horrek ez dio kalterik egin Bidasoari kirol arloan, bikain ari baita. Horregatik ere, oso zoriontsu naiz.
Ez duzu sentipena 24 urteko ibilbide luzea egin ondoren amaiera oso azkar joan dela?
Bai. Nik neure burua prest ikusten nuen beste bizpahiru urtez jokatzeko, baina beti izan dut zalantza ea noiz izango zen uzteko unea eta, batez ere, zein izango zen erretiroa hartzeko arrazoia. Azken urteetan inguruko jende askok utzi du eskubaloia, horietatik asko ni baino gazteagoak izanda, eta Bidasoako presidente izateko aukeraren berri izan nuenean pentsatu nuen horixe zela unerik eta arrazoirik onena nire kirol ibilbidea amaitzeko. 24 urte hauetan eskubaloiak eman didan guztia itzultzeko modu ederra da.
Beste bizpahiru urtez jokatzeari uko egin diozu. Horrenbesteko beharra zenuen Bidasoako presidente izateko?
Kontziente naiz jokatzen jarrai nezakeela, eta azken partidetan argi geratu da hori. Baina ederra da Bidasoari edo halako talde bati nire denbora, lana eta ilusioa eskaintzea. Ilusioz gainezka nago. Ez zait batere kostatu uzteko erabakia hartzea. Ez zegoen arrazoi hoberik.
Zein da helburu nagusia orain?
Hurrengo lau urteetan Bidasoak guztiak harro sentiaraz gaitzala.
Ilusioa badago zaleen artean. Bikain ari da taldea.
Hala da, eta gorakada horrek aukera emango digu beste arlo batzuk jorratzeko, eta indarrak horretara bideratzeko. Klubak baditu hobetu beharreko zenbait alor.
«Ilusioz gainezka» zaude. Hasi ere halaxe hasi zinen, 13 urte baino ez zenituela. Andereño batek animatu zintuen Bidasoarekin proba bat egiteko. Zenbat aldiz eskertu diozu hori egin izana?
Ez dut harekin askotan egoteko aukerarik izan, baina izan dudanean eskertu izan diot. Erabaki horrek bizitza aldatu dit. Ez dakit eskubaloi jokalari ez banintz izan zer izango nintzen, baina ez dut zalantzarik egokia izan zela orduan hartutako erabaki hori.
Atezainarena ez da posturik atseginena, are gutxiago eskubaloian, non baloikada mordoa jasotzen diren. Saiatu zinen atepetik ihes egiten?
Bai, nahiz eta entrenatzaile guztiek esan atezain izan behar nuela. Hilabete eta erdiz izan nintzen jokalari, baina, egun batean, atezaina zena ez zen entrenatzera etorri, eta mesedez eskatu zidaten atean jartzeko. Egun bateko mesedea 24 urteko ibilbide bilakatu da.
Eredu bikainak zenituen Bidasoan: Miguel Angel Zuñiga, Tomas Svensson...
Bidasoak sekulako atezainak izan ditu, eta gure eredu izan dira. Gainera, gero, aukera izan dut Svenssonekin harremana izateko. Ohorea da hura bezalako atezain puska batekin zerbait partekatu izana.
1995a ahaztezina izan zen Bidasoarentzat. Espainiako Liga eta Europako Kopa irabazi zituen. Nola bizi izan zenuen?
Bigarren taldean ari nintzen, baina nagusiekin entrenatzen nintzen egunero. Nahiz eta ia ezer ez jokatu, oparia da hori bizi izana. Ametsetako denboraldia izan zen. Oroitzapen oso politak ditut.
Gogoan duzu lehen taldearekin entrenatu zinen lehen aldia?
Bai, noski. Ivan Sopalovicek, orduko bigarren entrenatzaileak, eskatu zigun ea nahi genuen lehen taldearen entrenamenduan eskua bota. Ordurako denbora generaman korrika, eta gehienak lehertuak ginen. Azkenean, pare bat bakarrik animatu ginen. Sekulako gogoz jardun nintzen. Ametsa zen hor egotea. Zorionez, egun bateko kontua zirudiena luzatu egin zen.
Svensson, Nenad Perunicic, Oleg Kisselev... Talde puska zuen Bidasoak. Nola zen haiekin entrenatzea, jokatzea, bizitzea?
Itzela zen. Urtebete lehenago zale moduan miresten nituen jokalari horiek taldekide nituen. Laino batean egon nintzen horretara ohitu nintzen arte.
Talde historiko horrek lemazain argia zuen: Juantxo Villarreal entrenatzailea. Nolakoa zen?
Maisua zen. Hogei urte baino gehiago zeramatzan lehen taldea entrenatzen, eta urte horietan lortutako guztiagatik sekulako errespetua zioten jokalariek eta zaleek. Miretsi egiten genuen. Juantxo oso garrantzitsua izan zen nire hastapenetan. Asko maite dut, eta oraindik ere miresmena diot.
Bidasoak makina bat titulu irabazi zituen urte haietan, baina zuk apenas jokatu zenuen. Zureak sentitzen dituzu orduko lorpen horiek?
Bai eta ez. Bai, taldeko kide bainintzen, eta zenbait partida jokatu bainituen. Eta ez, nire ekarpena oso txikia izan baitzen. Horregatik, harroago sentitzen naiz gerora nire ibilbidean lortu ditudan beste zenbait gauzaz, nire parte hartzea garrantzitsuagoa izan baita.
Europako Kopa irabazi eta bi urtera joan zen Villarreal, eta, harekin, Elgorriaga taldearen babesle nagusia. Mugarri izan zen hori. Akabo Bidasoa ahaltsua.
Ziklo baten amaiera izan zen. Urte batzuetan eutsi genuen, baina taldeak behera egin zuen gero.
Ez dago txarrik onik ez dakarrenik. Etxekoek garrantzi handiagoa hartu zenuten taldean.
Beharrak bultzatu zuen horretara, eta guretzako garrantzitsua izan zen, eskarmentua hartzeko.
Horri esker iritsi zen anaia lehen taldera. Nola gogoratzen duzu elkarrekin aritutako garai hura?
Oroitzapen polita dut. Etxetik Artalekura elkarrekin egindako joan-etorriak, elkarrekin egindako entrenamenduak, elkarrekin jokatutako partidak, Julen nola hazten zihoan ikusi... Ederra da hori guztia bertatik bertara bizi izana.
Zenbateko garrantzia izan du Julenek zure bizitzan?
Handia. Denok badakigu zer-nolako kirolari puska den, baina nik uste dut berak duen onena dela nola egin den pertsona gisa, izan dena izanda ere nola mantendu dituen sustraiak, herria eta lagunak. Eredu da horretan. Oso harreman ona dut berarekin, eta espero dut etorkizunean harekin proiektuak partekatzea. Oso harro nago beraz. Asko lagundu dit, eta arrasto handia utzi du nigan.
Zenbat aldiz eskatu dizute jada fitxa dezazun?
Gehiegitan. Ilusio bat da, eta hori lortzeko lan egingo dugu. Baina ikusiko dugu horretarako aukera izaten den. Anaia, bazkide eta presidente gisa, Julenek Bidasoan jokatzeak irrika sorrarazten dit.
Lortuz gero, Bidasoan hartuko luke erretiroa. Zuk ezin izan duzu hori egin. 2005ean joan zinen Logroñora, eta han aritu zara azkenera arte. Nola bizi izan zenuen Bidasoa uzteko momentua? «Kanpokoa izateko, gauzak beste aldetik bizitzeko, jokalari gisa gehiago errespeta nazaten». Horixe esan zenuen orduan.
Bidasoan, urtero ekartzen zen atezain bat titular izateko, eta sentitu nuen aurrerapauso bat eman behar nuela. Ardura hartu nahi nuen, talde bateko makuluetako bat izan. Europan utzi nuen Bidasoa, eta Ohorezko B Mailan zegoen talde batera joan nintzen. Erabaki zaila izan zen, noski, baina apustu hori egin beharra nuela sentitu nuen. Zorionez, gerora argi geratu da bete-betean asmatu nuela.
2006an igo zineten Asobal ligara, eta mailari eutsi zenioten. Aldiz, Bidasoak maila galdu zuen, eta gertu egon zen desagertzetik. Nola bizi izan zenuen garai hura?
Gogorra izan zen, lagun asko bainituen klubean. Zorionez, klubak buelta eman zion egoerari, eta hobera egin du. Asko pozten naiz.
Krisiak gogor jo zuen garai horretan, baina Logroño kluba oasi baten antzekoa izan zen.
Logroño kluba eredu izan da kudeaketan. Krisiaren urte gogorrenetan klub askok behera egin zuten, eta beste batzuk desagertu egin ziren. Logroñok, aldiz, oso ondo lan egin zuen, eta, horri esker, behera egin beharrean, gora egin zuen, ikaragarri. Hala, inork imajina ez zezakeen tokietara iritsi ginen. Lehenbizi, ligan sendotu ginen; gero, Europarako sailkatu; eta, azkenik, Txapeldunen Liga jokatu, ondo jokatu ere. Etxean, Atletico Madrili, Bartzelonari eta Paris Saint-Germaini irabazteko gai izan ginen. Ametsa bizi izan genuen.
Txapel bat falta izan zitzaizuen. Baduzu arantza hori?
Erretiroa hartu aurretik Logroñorekin titulu bat irabaztea zen nire ametsa, baina eskubaloia utzi aurretik eta ondoren horren estimatuta, errespetatua eta maitatua sentitu naiz, ezen argi baitut hori dela irabazi dudan titulurik handiena.
Utzi duzu eskubaloia, eta Bidasoako presidenteak ez du soldatarik jasotzen. Zein asmo dituzu etorkizunerako?
Joan den udan eskubaloi campus bat antolatu genuen anaiak eta biok, eta arrakastatsua izan zen. Hori hobetzen saiatuko gara. Entrenatzaile titulua badut, trebatzaile ikastaro batzuk ere bai, eta ingeniari teknikoa naiz ikasketaz. Egingo dugu zerbait.