astekaria 2018/12/07
arrowItzuli

kultura

IRAULTZA EDO EBOLUZIOA?

Aitor Biain

IRAULTZA EDO EBOLUZIOA?

Iraultza iragarri zuten. Erabateko aldaketa, eta ia bat-batekoa izango zena. Baina ez da halakorik gertatu. Telebistak irratia hil ez zuen modu berean, gailu elektronikoek ere ez dute papera ordezkatu: liburu elektronikoek ez dituzte analogikoak desagerrarazi, ez irakurle aldetik, ezta ekoizpen aldetik ere. Ez, behintzat, Euskal Herrian. Horrek ez du esan nahi, ordea, aldaketarik izan ez denik; liburu digitalaren erabilera egonkortu egin baita gizartean, eta bere tokia egin baitu merkatuan dagoeneko. Ugariak dira, hala ere, euskarri aldaketaz eta etorkizunaz egiten diren interpretazioak.

Duela hamar bat urte hasi zen haizatzen liburu digitalaren inguruko joera. Mikel Elorza Susa argitaletxeko kideak nabarmendu du «indartsu» sartu zela merkatuan. «Bazirudien papera ordezkatzera zetorrela, eta egia da egon zela halako boom moduko bat. Baina behera etorrita dagoela esango nuke». Iritzi bera du Pello Elzaburu Pamielako editoreak ere. «2007-2008 inguruan hasi ziren liburu elektronikoen guruak hitz egiten, esanez 2012rako liburu digitalen salmentak gainditu egingo zituela paperarenak, eta 2014rako dena digitala izango zela; begira non gauden egun».

Izan ere, datuek ere ez dute euskarri aldaketaren aldeko zantzurik erakusten gaur-gaurkoz, liburu digitalak irakurle kopuru apala duela adierazten baitute azken ikerketek. Elkar fundazioak eta Siadeco ikerketa etxeak iragan martxoan jarri zieten neurria euskal herritarren irakurketa ohiturei, besteak beste. Datu horien arabera, galdegindako hamar herritarretik batek erosi du azken urtean gutxienez liburu digital bat, eta %5ek aitortu zuten bost baino gehiago erosi zituztela. Aldiz, hamarretik sei dira urtean gutxienez papereko liburu bat erosi zutenak, eta hiru lagunek esan zuten bost baino gehiago erosi zituztela. Aldea nabarmena da.

Jon Jimenez Txalapartako editoreak gailu elektronikoen fabrikatzaileetan jarri du arreta: haiei egotzi die iragarpen faltsua zabaldu izana: «Aparailu saltzaileen kanpaina bat izan zen; ez zuen zerikusirik argitaletxeekin».

Argitaletxeen apustua

Euskal argitaletxeei dagokienez, askotariko jarrerak hartu dituzte edizio digitalaren inguruan. Tarte bat egitearen alde azaldu dira zenbaitzuk; beste batzuek, ordea, ez diote eraginkortasunik ikusten euskarriari, eta paperezko edizioari soilik eustea erabaki dute.

Susa argitaletxeak, esaterako, 2011z geroztik argitaratzen ditu liburu digitalak. Papereko edizio bakoitzeko, formatu digitalean ere kaleratzen du ordutik. Elorzak nabarmendu duenez, 8.000 liburu digital baino gehiago saldu dituzte urteotan guztietan. «Bere garaian literatura zabaldu eta jendearengana iristeko aukera berri bat zegoela ikusi genuen formatu berriarekin, eta iruditzen zitzaigun hasieratik egon behar genuela esparru horretan». Euskarri berriaren alde apustu nabarmena egiten aurrenetarikoa izan zen Susa Euskal Herrian, eta emaitza onak eman ditu saiakera horrek, Elorzaren esanetan. «Esango nuke begi onez hartu dutela». Hiru euroan saltzen dituzte liburuak: bi dira idazlearentzat, eta bat argitaletxearentzat; «paperekoarena bezalatsua da kopurua».

Elkar argitaletxea ere liburu digitalari aukera ematearen alde azaldu zen hasieratik. «Gure helburua da liburu bati ahalik eta ikusgarritasun eta zabalkunde handiena ematea, eta, horretarako, eskaintza digitalean ere presente egon behar dugu», azaldu du Alaitz Aizpuru Elkarreko kideak. Egun, literaturako 500 tituluko baino gehiagoko eskaintza du Elkarrek, eta, «salbuespenak salbuespen», lan oro bi formatuetan argitaratzen dute egun. «Azken urteetan ahalegin handia egin da digitalean inbertitzeko, hori ez dadin izan ez irakurtzeko arrazoi bat».

Txalaparta eta Pamiela daude txanponaren beste aldean, liburu digitalaren aukera alboratzea erabaki baitzuten bi argitaletxeek bere garaian. Zalantza ugari izan zituztela aitortu du Jimenezek, baina orduko erabakiari eusten diote egun. «Zalantza asko izan genituen bere garaian, eta uste dut zalantza berberak ditugula oraindik ere».

Edizio digitalari ezezkoa ematearen arrazoiak azpimarratu ditu Elzaburuk: «Etorkizunik ez genion ikusten liburu elektronikoari. Pirateria erabatekoa zela uste genuen, eta ezinezko zela gastu guztiei aurre egitea salmentekin soilik. Tarte bat hartzea erabaki genuen, beraz, merkatuak zer bide hartuko zain». Orduz geroztik «ahalegintxoak» egin dituztela adierazi du editoreak, baina salmentak «zerotik gertu egon dira gehienetan».

Datuak argigarriak dira, oso. Joan Mari Torrealdaik Jakin aldizkarian argitaratutako Euskal Liburugintza 2016 artikuluan nabarmendu zuenez, argitalpen digitala ekoizpen osoaren %21,6 da Euskal Herrian. Aizpuruk ñabardura bat egin dio datu horri, halere: «Ehuneko horretan, hezkuntza eta irakaskuntzako materialek dute pisu nabarmenena, eta hor argitaratzaile nagusiak kanpokoak dira». Bada, literaturari dagokiona zenbateko horren %15 inguru dela azpimarratu du.

Fakturazio zenbakiak oso bestelakoak dira, ordea. Izan ere, Elorzaren arabera, edizio digitalaren fakturazioa ez da iristen %5era ere. «Kopuru txikia da, ez da batere azpimarragarria. Argi dago jendeak ez duela dirurik gastatzen liburu digitaletan». Horrek eragin ditzakeen ondorioez ohartarazi du Elzaburuk, hain zuzen: «Fakturazioaz ari garenean, ez gara ari negozio hutsaz. Jasotako ordain horretatik profesional batzuei ordaindu behar zaie, eta hori ez da debalde».

Berdin uste du Jimenezek ere: «Jendeak uste du oso erraza dela liburu digital bat egitea; finean, inprentara bidaltzen dena sarean jartzea dela uste dute. Baina ez da horrela; lanketa bat behar du». Ideia horretan egin du azpimarra Aizpuruk ere: «Digitala berdin doakoa binomioa oso arriskutsua eta faltsua da. Kontsumitzaileak jabetu behar du liburu digital batek sormen eta produkzio lan bat duela eta ezin dela doakoa izan».

Liburu digitalek ordaintzen duten BEZ zerga handiagoa da paperekoek ordaintzen dutenarekin alderatuta, halere: %21 eta %4 ordaintzen baitute, hurrenez hurren. Europako Batasuna hori aldatzearen alde agertu da berriki, eta argitaletxeek neurri onuragarria dela uste dute, eroslearentzat oztopo izan zitekeena ezabatzea baitakar, eta haren alde apustu egiten jarrai baitezakete.

'eLiburutegia'

Dena ez da ilun liburu elektronikoaren panoraman, nolanahi ere. Digitalizazioaren mehatxua aukera bilakatu duenik ere bada: eLiburutegia da horren adibide. Sarearen aukerak baliatuz, eduki digitalak Internet bidez irakurtzeko aukera ematen du Eusko Jaurlaritzaren plataforma publikoak. Liburu digitalak maileguan hartu, eta streaming bidez edo gailu elektronikoetara deskargatuta irakurtzeko aukera ematen du.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak adierazi duenez, 20.000 irakurlek deskargatu dute inoiz libururen bat bertatik. Maileguei dagokienez, berriz, nabarmena da urtetik urtera izaten ari den goranzko joera: orain arteko datuei erreparatuta, 51.000 mailegu egin dira aurten orotara, inoiz baino gehiago. Egun, 16.000 liburu baino gehiago daude eskuragarri. Gehienak gaztelaniazkoak badira ere, «euskaraz argitaratzen den liburu digital oro» erosteko konpromisoa dutela diote Jaurlaritzatik. Ingelesez, frantsesez, alemanez, katalanez, italieraz eta portugesez ere bada eskaintzarik.

Euskal argitaletxeek begi onez hartu dute zerbitzua. Egitasmo «txalogarria» dela uste du Elorzak, eta «argitaletxeekin batera egindako bidea» azpimarratu du: «Bultzatu beharreko zerbait da». Aizpuruk, bestalde, liburutegi sareen garrantzia nabarmendu du. Haren hitzetan, inportantea da «eLiburutegi indartsu, ongi hornitu eta tituluetan aberats bat edukitzea». Ia 300 argitaletxerekin dituzte loturak, eta idazleekin ere sortu dute harremana.

Elzaburuk ez du uste aukera txarra denik, baina aitortu du «zail» egiten zaiola neurtzen zer eragin duten halako plataformek sektorean. Pamielak liburu gutxi batzuk baino ez ditu plataforman. Elzaburuk adierazi du, hala ere, harremanetan daudela Jaurlaritzarekin antzeko proiektuetan parte hartu ahal izateko. Txalapartak, aldiz, ez dauka libururik eLiburutegian, baina ez du baztertzen etorkizunean edukitzea.

Euskarria ez da gakoa

Euskarriak euskarri, irakurzaletasuna behera doala diote datuek, eta, alde horretatik, liburu elektronikoak ez du krisia apaldu. Hala ere, argitaletxeak bat datoz euskarriaren auziak ez duela zerikusirik irakurketa ohituren aldaketarekin. «Gero eta gehiago irakurtzen dugu. Kontua da nola. Denbora gutxiago eskaintzen diogu zerbait konkretua irakurtzeari, eta liburuan eragin nabarmena du horrek», Jimenezen hitzetan. Horiek horrela, egoera iraultzeko teknologiatik harago doazen «beste bide batzuk» jorratu beharraz ohartarazi dute argitaletxeetako kideek. Aizpuru: «Teknologiak, bere horretan bakarrik, nekez indartuko du irakurzaletasuna». Ildo beretik mintzatu da Elzaburu ere: «Gailu batean 4.000 liburu izateak ez du irakurle berririk sortzen».

Bide horretan, halere, Internet «tresna bat» izan daitekeela uste du Elorzak. Baita Jaurlaritzak ere: «Paperak iraupen luzea izango du, baina, egungo haur eta gaztetxoak natibo digitalak izanik, horiengana heltzen saiatu behar dugu, irakurketa eredu berrien bidez. Eta horien artean dago eLiburutegia».

BERRIAn argitaratua (2018/12/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA