politika
IñAKI DORRONSORO
«Neurtu gabe, ezin da Euskal Herria irudikatu. Forma eta edukia behar ditugu»
Maider Galardi F. Agirre
Polemika piztu du artikuluak.
Gure artean hitz egin dugu gai honen inguruan. Ondorioetako bat izan da andreek halako postuak hartzerakoan ardura handiz jokatzen dutela. Gizonezkoek askotan hartzen dituzte, erantzukizunak bete gabe. Ahalegindu gara batzorde zientifikoan emakumeak egoteko lana egiten; izan ere, gabezia hori oso agerikoa da. Hau da kontraesana: lantaldeko guztiak andreak dira, baina zuzendaritza akademikoan desoreka nabarmena da. Eztabaidagarria da, jakina. Hala ere, ez dut itsu-itsuan erantzun nahi, lausotu egiten baitu Eusko Ikaskuntzaren erronka.
Tira, ba, amaitu berri duzue Mendeurren Kongresua. Zer balorazio egiten duzu?
Balorazio oso positiboa egiten dut. Azken hiru urteotan egindako lanak bat egin du mendeurrenarekin, eta gai izan gara bigarren mendeurrenaren hasieran proposamen moderno, eraberritu eta erakargarri bat aurkezteko Euskal Herriko gizartearen aurrean.
Duela bi urte zenioen xedea zela Eusko Ikaskuntzaren erreferentzialtasuna berreskuratzea.
Hasi ginenean, ez genituen argi gure elementu guztiak, eta, prozesua abiatu eta jarraitu dugun heinean, aldaketak egiten joan gara. Prozesuan bertan asko ikasi dugu. Argi dago oso aberatsa eta oso indartsua izan dela. Honela berretsi dugu hortik jarraitu behar dugula, eta herri honetan une honetan ezinbestekoa dela horrelako espazioak sustatzea.
Liburu Zuriaren oinarrietan bildu dituzue ondorioak. Tresna bat dela diozu, baina zertarako?
Oinarri horiek markatzen dute Eusko Ikaskuntzaren lanerako agenda. Ordea, duela bost urte abian jarri genituen planteamenduekin ez du hausturarik, nahiz eta askoz legitimitate handiagoa dugun, Euskal Herriko 1.200 lagunek parte hartu baitute.
Jende hori guztia bildu duzue bost ardatzen bueltan: gizarte jasangarria, errealitate soziokulturala, sozioekonomia, euskara eta soziopolitika. Sinergiak sortu dituzue?
Lortu duguna solidotu eta zabaldu behar dugu, baina lortu dugu batzorde zientifikoa eta batzorde zientifikoaren inguruan konprometitutako 40 edo 50 laguneko taldea indartzea. Horretaz gain, Euskal Herriko eragile mordo bat bildu da gurekin. Hori da Eusko Ikaskuntzaren nahia, eta hori sendotu eta hedatu behar dugu. Udaletara ere ailegatu gara, eta izan du bere ondorioa. Asmoa da bide horretan segitzea. Lanean aritu garen 1.200 lagunetatik herenak ziren bazkideak. Horrek adierazten du Eusko Ikaskuntzarekiko interesa sortu dugula eta gure proiektua gizarteratzea lortu dugula. Orain, bazkidetza berritu eta indartu behar dugu.
Hausnarketa bai, baina nola eraman arlo praktikora hori guztia?
Garaia da gure leloko Ekin hori lehen planora eramateko. Paperetik errealitatera jaitsi behar dugu guztia orain. Liburu Zurian proposamen asko daude, eta ikusi behar dugu zer baliabide ditugun eta zein diren premiak. Horren arabera, lehentasun hurrenkera bat jarriko dugu. Proiektuei ekintzaile bat ezarriko diegu, nahiz eta bideragarritasun plana gurea izan. Politika publikoei ere erreparatuko diegu: Euskal Herriko politika publikoetan dagokionari dagokiona helarazi behar diogu. Amaitzeko, batzorde zientifikoak erabaki beharko du zer ildori heldu.
Erakunde publikoez jardun zara. Mendeurren ospakizunean elkartu ziren Euskal Herriko hiru lehendakariak. Izan daiteke Eusko Ikaskuntza lurraldeen arteko zubiak eraikitzeko tresna eraginkorra?
Ez dakit izan daitekeen, baina Oñatin (Gipuzkoa) hiru lehendakariek argazkia ateratzea ez zen erraza izan, eta, horregatik, uste dut Eusko Ikaskuntzak baduela gaitasun bat. Liburu Zurian argi azaltzen da gaur egun Euskal Herrian behar handia dugula erakundetzeari dagokionez, eta garbi dago Eusko Ikaskuntzaren nahia hortik doala. Gauza konkretuak planteatzen ditugu, gainera. Esaterako, orain ari dira Eusko Legebiltzarrean EITBren planteamendu berriarekin, baina guk badugu gurea: ez al da garaia Euskal Herriko EITB bat hiru administrazioek elkarrekin sortzeko? Gure eginbeharra hori da, proposamenetik harago planteamendu ausartak egitea. Uste dut gure nahiak urruti daudela, baina baliatu behar ditu aukera eta zubi posibleak tira egiteko.
Horretarako, kultura politiko berri bat sustatu behar da?
Liburu Zuriaren azpian badago nahi bat gobernantza demokratikoan sakontzekoa. Gure praxi demokratikoa apur bat esklereotizatuta dago. Euskal Herrian ez dugu sistema politiko bateraturik, eta, eraldaketa prozesu batean bizi garenez, kultura politikoa eraberritu eta demokratizatu behar dugu. Garrantzitsua da gizarte zibilaren iritzia agintariengana eramateko zubiak eraikitzea.
Prozesu demokratikoetan herritarrek parte hartzearen garrantzia azpimarratu duzue.
Herri gisa dugun proiektua garatzeko ezinbestekoa da. Ezin gara beste demokrazia batzuen zain egon; gurea propioa behar dugu. Abantaila bat dugu: txikiak garela. Aginte politikoa dutenen eta herritarren arteko harremana txikiagoa da, eta horrek harremanak errazten ditu. Horren adibide, Eusko Ikaskuntzak egin ditu dagoeneko hiru agerraldi legebiltzarrean. Lehena ondare kulturalari buruz, bigarrena EITBrena, eta hirugarrena autogobernu ponentziarako egin genuen herritarren ekarpen hori. Eusko Ikaskuntzaren funtzioa hori dela argi esana diet Nafarroako eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariei.
Baina nahikoa da Eusko Ikaskuntzaren ahotsa bakarrik?
Herri honek erresilientzia handia du. Aberatsak gara herri egitasmoak abiarazteko, eta sare oso indartsua dugu. Eusko Ikaskuntzak ez du erakunde potolo bat izateko asmorik. Erreferentzia bat bai, baita sare baten zentroa ere, baina sarearen indarrak elkartzea da asmoa. Beharrezkoak dira Euskal Herriko eragile horiek guztiak.
Erresilientzia aipatu duzu. Duela ehun urte Eusko Ikaskuntza sortu zen, baita Euskaltzaindia ere. 50 urteren buruan sortu ziren ikastolak eta euskara batua. Mende erdi geroago, kolpe bat emateko unea da?
Beste kolpe bat eman behar dugu. Maslowen piramidearen antzera, lehen mailako beharrak ase ahala, piramidean gora egiten dugu. Duela ehun urte, beharrak batzuk ziren, eta, orain, bigarren mailan gaude. Egia da oinarrizko eskakizun asko ez direla bete, baina tira; instituzioetan, kultur arloan, hezkuntzan, komunikazioan... egin dira urrats batzuk. Orain beste behar batzuk ditugu.
Kolpe hori litzateke, batzuen ustez, Liburu Zuria Euskal Herriko prozesu konstituziogilearen oinarri izatea.
Prozesu konstituziogileak prozesu politikoak dira. Gu ez gaude arlo politikoan, zientzia eta kultur arloan baizik.
Autogobernu Lantaldean parte hartuta ez duzue jauzi hori egin?
Bai, baina batik bat Euskal Herriko euskaldunon pentsamendua partekatu, eztabaidatu eta planteamenduak egiteko gaude. Ez du esan nahi pentsatu ez dugunik Euskal Herriko Konstituzioa mahai gainean jartzea. Jakina, pentsatu dugu Eusko Ikaskuntzak bide hori irekitzea, baina ez zen unea. Hala ere, etor daiteke.
Euskal herritar guztientzako prozesu konstituziogile bat ireki nahi izatea ez al da kontraesana Eusko Ikaskuntzako emakumeen presentzia urriarekin?
Teorikoki, edozein prozesu konstituziogileren aurretik, edo guk geuk egin dugun prozesuan bertan, argi dugu andreek egon behar dutela hor, baita belaunaldi berriek ere. Eta hor izugarrizko esfortzua egin dugu. Uste dut ez garela iritsi egoera perfektu batera, baina egin dugu lan. Geure burua autoflajelatzen dugu sarri, eta esango nuke urteotan aldatu egin dugula Eusko Ikaskuntza ikuspegi horretatik. Gazteen arazoa ere badugu: nola irudikatzen dute mundua belaunaldi berriek?
Egiturak berak sortu ditu erresistentziak? Barruko langile guztiak andreak izanda, nola ez dago emakume gehiago arlo publikoari begira?
Ez dakit. Kontraesana da, gure lantaldean emakumeak daude, eta gero kontseilu errektorean eta batzorde zientifikoan ez daude, baina esango nuke hor ez dagoela hesirik. Ez dakit, pentsatzen dut badaudela gogoa duten andreak. Kultura arazo bat izan daiteke? Egiturak jartzen dizkie oztopoak? Ez dakit haiek horrela bizi duten. Niretzat, zulo beltz bat da. Ez dakit. Badaude emakume gazteak ere gurean, baina egia da aurre egin behar diogula horri.
Gazteengana heltzea ere kostatzen dela diozu.
Erakarri behar ditugu gazteak, baina baita geu hurbildu ere. Unibertsitatera joatea eta gure proiektua aurkeztea ideia ona da. Gazteak kontseilu errektorean sartzea zaila da, debaldeko lana handia delako, baina bestelako lantaldeetan aritu daitezke. Proposamenak ere baditugu: gazteez osatutako organo bat sortzea, esaterako. Hala ere, gustura nago ikusi dudan gazte kopuruarekin.
Ondorioetan argi gelditu da eragile eta instituzio askorekin aritu zaretela lanean. Nola elkarbanatu osatu duzuen agenda?
Egitura politikoetan agintean daudenak, kultura politiko zaharrak eraginda, beti susmopean ikusten dituzte gizarte zibilean lanean ari diren erakundeak, baina uste dut hori aldatu behar dugula. Badugu hor zer egina.
Zeregin horietan garrantzia izan duzu Eusko Ikaskuntzako lehendakari gisa. Segituko duzu?
Beti izaten dira zalantzak. Niri beti gustatu izan zait erantzukizunak hartzerakoan baldintza minimo batzuk beteta uztea. Oraingoz, Liburu Zuriarekin lortu dugu xede bat. Hala ere, sentitzen dut liburua definizio bat dela, eta orain lurrera jaistea dagokigula. Aurrerago joan arte, ez litzaidake gustatuko lehendakaritza uztea. 2020ra arte dut agintea. Ordura arte ekin nahi dut.
Zer espero duzu 2020rako?
Proiektu asko daude, eta ikusi beharko dugu zein diren lehentasunak. Ni hor ez naiz sartuko. Gustatuko litzaidake adierazle sozioekonomiko batzuekin lan egitea. Euskal Herrian ez baditugu neurtzen gure adierazle garrantzitsuak, ez gara ari Euskal Herria irudikatzen. Hori Gaindegiak oso ongi egiten du. Lurraldearen forma nolakoa izan eztabaidatzea, tira, baina edukiz bete behar dugu. Eta, lurralde diferenteetako lagunak ere elkar gurutzatzen hasi behar dugu. Hala ere, nire nahiak besteekin kontsentsuan lotu behar ditugu. Ikusiko dugu zer jarri mahai gainean. Gure erronka nagusia da ahalik eta erakunde, eragile eta bazkide gehien biltzea proiektu erakargarri hau aurrera eramateko. Ilusio handia dugu.