ekonomia
Asko, bizkor eta merke banatzea
Jon Fernandez
Zein da sekretua pantailan saguarekin edo atzamarrarekin klik bat egin eta biharamunean edo egun gutxiren buruan Txinako produktu bat etxean jasotzeko? Zer aldaketa ari dira gertatzen logistikan eta banaketan? Zer irabazi tarte eta lan baldintza dauzkate sektorean? Galdera horiek eta gehiago argitzeko sektoreko bost eragile kontsultatu ditu BERRIAk:BANAKETAREN ERALDAKETA
Nazioarteko katearen efizientzia beharra
«Aldaketarik handiena logistikan dator». Zalantza izpirik ez dauka Fernando Zubillagak, MLC EAEko Mugikortasun eta Logistika Klusterraren zuzendariak. Bereziki azkenengo miliako banaketan sortzen dira zailtasunik handienak, hiriguneetan: gero eta pakete gehiago bidali behar dira gero eta etxebizitza gehiagotara, eta horrek oztopatu egiten du hiriguneetako trafikoa, eta ugaritu egiten ditu igorpen kutsagarriak.
Amazonek marka historikoa hautsi zuen joan den asteburuan: black friday-aren eta ciber monday-aren bitarteko egunetan 18 milioitik gora jostailu eta 13 milioitik gora modako produktu saldu zituen. Kontsumo zoramenaren adierazle, bakarrik Amazonen Espainiako adarrak segundoko hamasei salmenta egin zituen black friday egunean.
Nola antolatzen da horrenbeste produktu egun gutxitan helarazteko erosleei? Teknologiak erraztutako «efizientzia» da gakoa Zubillagaran esanetan.
Katebegi askoko katea da koipeztatu behar dena. Zubillagak azaldu du ibilbidea: «Demagun Txinatik datorrela pakete bat. Lehenengo, itsasontzira bidali behar da [munduko merkantzia trafikoaren %90 itsasoz egiten da], eta, horretarako, pare bat kamioi bidaia egin beharko ditu; gero, itsasoz Algecirasera edo Bartzelonara joan daiteke; hortik, garraiolari batek eramango du Madrilera, adibidez, Azkarrek han daukan biltegi handi batera; han, kontainerra ireki eta pakete bakoitza banatzen hasiko dira. Paketea Donostiako biltegira edo Irungora iritsiko da, eta hor tokiko banaketa egiten duen garraiolari batek hartuko du, eta etxeraino eramango dio erosleari».AZKARTASUNA
Eskaria kudeatzearen sekretua
Bidea hain luzea izanda, zelan da posible Amazon eta Inditex bezalako erraldoiek paketeak biharamunean edo egun gutxiren buruan bidaltzea etxera?
Erraldoi horien «sekretua» 4.0 logistika erabiltzea dela azaldu du Zubillagak. Inteligentzia artifiziala erabiltzen ari da Amazon, adibidez. Jendearen Interneteko erosketa ohiturak aztertzen ditu, eta gehien eskaturiko produktuak aurrez biltegiratzen ditu hiriguneetatik ahalik gertuena: hartara, berehala agindu dezake paketea.
«Inteligentzia artifiziala erabiltzen ari dira, algoritmoa entrenatzen dute jendearen erosketa ohituren datuekin. Googleren sekretua ere horixe da». 4.0 LOGISTIKA
Paketeak une oro lokalizatzeko euskal teknologia
Katean paketerik ez galtzeko, efizientzia irabazteko, gakoak dira I+G ikerketa eta garapenean oinarritutako soluzioak.
Wimbitek euskal konpainia gazteak, esaterako, lokalizagailu batzuk sortu ditu une oro jakiteko non dauden merkantzia kontainerrak, edo galtzen badira erraz bilatzeko. 2016. urtean EHUko informatika fakultateko ADIAN ikerkuntza taldetik sortutako enpresa bat da, spin-off bat. Txorientzako lokalizagailuak egiten hasi ziren, biologoek hegaztien jarraipena egin zezaten, baina behin gailuak sortuta, logistikaren sektorera egin dute salto.
Unai Burgos da Wimbitekeko zuzendaria, eta azaldu du lokalizagailuen datuen segurtasunerako patente bat daukatela martxan: «Gaur egun, datu base handiak sor daitezke, baina ziurtatu behar da datua benetakoa dela, inork ez duela manipulatu. Enpresentzat interes handia dauka gauzen Internet edo IoT (Internet of things) segurua erabiltzeak. Guk, adibidez, blockchain teknologia erabiltzen dugu hotz katea ez dela puskatu ziurtatzeko, gehienbat elikadurarekin eta farmaziarekin lotutako enpresentzat».AZKEN MILIAKO BANAKETA
Banaketa moldea ere aldatu egin da
Horrelako teknologiarik ez darabilte Txita konpainiako banatzaileek. «Gurea oso 1.0 teknologia da. Big data buruan daramagu: espezialistak gara Donostiako azken miliako banaketan, eta bezeroen ordutegiak ondo ezagutzen ditugu. Langileen errotaziorik ia ez daukagunez, ez dugu galtzen jakintzarik».
Dani Ruiz da Txitako arduraduna, eta bederatzi laguneko lan taldean dabiltza Donostiako alde zaharrean, zentroan eta Grosen banaketa egiten modu jasangarrian: bizikleta gurdidunak erabiltzen dituzte.
Bederatzi urtean banaketa moldea aldatu egin dela azaldu du Ruizek. «Horretaz jabetzeko nahikoa da paketeei erreparatzea, haien forma ere aldatu egin da», azaldu du. Gutxiago eta handiagoak ziren lehen; txikiagoak eta gehiago orain.
«Lehen, zapata denda batera bi-hiru kutxa handi eramaten genituen, haiek hornitzeko. Orain, bakarra eramaten diegu. Aldiz, gero eta zapata kutxa txiki gehiago banatzen ditugu etxez etxe». Banatzaileek, lehen, nagusiki dendak hornitzen zituzten; orain, norbanakoak.
«Zentroan badaude dozena bat langileko bulegoak, eta ia egunero joaten gara Amazoneko paketeren bat uztera». Jende askok lanean jasotzen ditu paketeak. «Erosoagoa da norbanakoentzat, eta baita ere banaketa enpresentzat, logistika errazten duelako». Baina Madrilgo enpresa batzuk hasi dira debekatzen paketeak lanean jasotzea, produktibitateari kalte egiten diola eta.LAN BALDINTZA ESKASAK
«Oso txarto pagatuta»
Txitak Donostiako Atotxako dorrean dauka biltegia. Han jasotzen ditu, besteak beste, Seur, DHL, Correos Express Tipsa eta Gureak-ek kudeatutako paketeak, hiriko hiru auzotara banatzeko.
Ruizek esplikatu du euren helburua ez dela kilometro asko egitea, baizik eta entrega asko egitea. «Oso txarto pagatuta dago sektorea. Bakarrik entrega kobratzen dugu, ez kilometroa. Eta etxean ez badago inor, itzuli hori ez dugu kobratzen. Entrega bakoitzeko 1,5 eta 2 euro artean kobratzen ditugu, batez beste. Bakarrik banaketa egingo bagenu, ez genuke lortuko errentagarri izatea. Beste jarduera batzuk egiten ditugu, mugikortasun jasangarriari lotutakoak».
Beraz, bederatzi soldata pagatu ahal izateko, Txitak bizikleta gurdidunak alokatu eta saldu ere egiten ditu; udan, bizikleta taxiak erabiltzen ditu publizitate kanpainak baliatuta, eta Txita Sound System zerbitzua ere ematen du. Azken hori megafonia ibiltaria daukan bizikleta taxia da, eta kirol eta kultur ekitaldietarako erabiltzen dute batik bat.
«Ezin da ahaztu sektoreko langileen prekaritatea», nabarmendu du Pilar Aranak, Donostiako Udaleko Mugikortasun zinegotziak. «Gainera, sarri publizitatea egiten dute esanez bidalketa doan eskaintzen dutela: hainbeste ari dira estutzen, egunen batean lehertu egingo da. Amazonen greba egin zuten black friday-an, eta poztu egin nintzen».
Langileen esplotazio bide berriak ere ekarri ditu teknologiaren garapenak. Behargin batzuk auzitara eraman dituzte, esate baterako, Deliveroo eta Glovo erraldoiak, baina justiziak ez du erantzun bateraturik eman. Ekainean Valentziako epaitegi batek arrazoi eman zion Deliverooko langile bati, esanez autonomo faltsu bat zela; ostera, irailean Madrilgo epaitegi batek kontrako ebatzi zuen Glovoren kasuan.
Banaketaren erraldoien jarrera eta praktika kritikatzeaz gain, klik bulkadaka diharduen kontsumitzaileen «dilema morala» ere aipatu dute sektoreko eragileek. «Nik uste dut kontsumitzaile gisa ez garela kontzienteak», adierazi du Aranak. MLC klusterreko Zubillagak nabarmendu du «irabaziak oso txikiak» direla logistikan, baina hori ezingo dela mantendu luzaroan. Ezinbestekotzat jotzen du ordaina duintzea eta efizientzia hobetzea.MUGIKORTASUN BERDEAGOA
Igorpenak gutxitzeko erak
Banaketa eredu berriak ari dira sortzen Europako hirietan: biltegi publiko eta pribatuak sortzen ari dira, armairuz betetako espazioak sarri, eta zero emisioko banaketa sustatzen dute.
Donostian, adibidez, hiru proiektu dituzte martxan, Aranak azaldu duenez. Batetik, Bretxako merkatuaren birmoldaketaren harira, logistika zentro bat sortu nahi dute, Ahora enpresaren ekimen pribatuz: inguruko tabernak eta jantokiak hornitzeko, hoztutako eta izoztutako produktuak biltegiratuko dituzte, eta triziklo elektrikoekin banatu. Bigarrenik, Pio XII.aren plazan, autobus geltoki zaharrean, ekimen publikoz, logistika zentro bat jarriko dute, bizikleta gurdidunekin banaketa egiteko Amaran.
Azkenik, EBko hainbat hirik sustatutako CCCB proiektua jarri nahi dute martxan Donostian datorren urtean, herritarrei zein negozioei bizikleta gurdidunak alokatzeko orduka. Mandatuak egiteko, kargak mugitzeko edo umeak eramateko balio dezakete bizikletok.EREDUAREN AZELERAZIOA
Sareko eskariaren igoera etengabea
Ez du atzera-bueltarik: ez sareko kontsumo ohiturak, ez mugikortasun jasangarriaren joerak. Hala uste du, behintzat, Txitako Dani Ruizek.
Eta bi adibide jarri ditu. Lehena, kontsumo elektronikoaren azelerazioarena: Amazon botoia, Amazon dash button. Bezerorik fidelenei eskaintzen hasi da botoia: kontsumitzaileak nahikoa du komuneko paretan itsatsitako botoi bat sakatzea Amazoni jakinarazteko, esate baterako, komuneko papera behar duela, eta hurrengo egunean etxean jasoko du papera.
Bigarrena, mugikortasunaren arloko berrikuntza da. Ruizek dio ez duela beldurrik dronek euren lana ordezkatzeko, «pisu txikiak eramateko gai dira, eta hori ez da errentagarria». Aldiz, kezka gehiago eragiten diote ibilgailu autonomoek. «Googlek jada martxan jarri ditu gidaririk gabeko bizikletak eta furgonetak».SUPERMERKATUAK
Aldaketa bizkorren erritmoari jarraika
Banaketa eta logistika irauli egin ditu Amazonen ereduak, eta AEBetan elikagaien sektorean ere sartu da, Whole Foods supermerkatu katea erosita. Horren beldurrik ba ote dago Europan?
«Joerak salto egin dezake Europara, baina ez daukagu beldurrik», dio Luz Perezek, Uvescoren logistika zuzendariak eta MLC klusterreko presidenteak. Uvescok iaz %34 handitu zituen online salmentak. «Hala ere, oraindik sareko salmentak gure salmenten oso zati txikia dira. Espainian sektoreko salmenten %1 baino ez da, eta online gehien saltzen duten herrialdean, Erresuma Batuan, %6».
Asko haz daitekeen eredua da, bereziki natibo digitalak ugaritu ahala. «Gaur egun, batez ere 35-45 urte bitarteko langileak dira erosle gehienak, familiadunak, egunerokoan denbora irabazi nahi dutenak».
Pausoak ematen ari dira digitalizazioan eta emisioak gutxitzean. Monitorizazioa erabiltzen dute hotzaren katea ez dela eten ziurtatzeko, eta banaketarako furgoneten %15 elektrikoak dira. Azkar ibili arren, bizkorrago ibili beharra dagoela dio. «Testuinguruak aldaketa oso bizkorrak eskatzen ditu, eta, oro har, kostatu egiten zaigu erritmo berean egitea. Kontsumitzaile gisa azkarrago ari gara eboluzionatzen organizazio gisa baino. Baina ja inork ez du zalantzan jartzen aldaketa teknologikoa egin behar denik; duda bakarra da zer erritmotan egin».