iritzia
Zergatik egiten dute uko emakumeek?
Haizea Barcenilla
Bost urte lanketan eman duten arren, kongresurako bi eskas falta zirela gehitu zen kultura proiektura. Ordura arte, Kultura eta identitatea deituriko taldean identitatea izan zen nagusi, kultur sorkuntza edota kudeaketa ahaztuta. Maiz gertatu bezala, kultur sorkuntza azken unean zetorren, herren. Prozesu eratzaile baten zentroan kultura eta feminismoaren garrantzia aldarrikatuz sartu nintzen taldean, eta Iruñean egin zen seminarioa antolatzeko ardura hartu nuen, Iratxe eta Aintzane lantaldera gehituz. Handik atera zen Liburu Berdean kultura eta sorkuntzari zuzendutako atala, eta hurrengo fasean landu behar genituen erronkak.
Horren ostean gure taldeko buru zientifikoak (gizona, soziologoa, identitatean eta ez kulturan aditua) zuzendaritza utzi behar izan zuen, eta kongresutik urtebetera presaz behar zen ordezkapena. Ni sartu ninduten, lanak suposatzen zuen karga nirekin adostu gabe, ohoretzat hartu eta eskerrak eman behar nituelako akaso; hor sortu edo azaleratu ziren hurrengo arazo larriak. Alde batetik, beste arlo batzuen neurrira erabakitako formatu eta metodologiekin topo egin nuen, hots, berriz ere politika lehenetsiz. Lan egiteko beste moduak txertatzeko aukera handirik ez zegoen. Gainera, gure taldean identitatearen inguruko lana izan zenez nagusi, nire jakintza-arlotik aldendutako eta jarraitu ez nituen prozesu batzuen erantzule publiko bihurtuta ikusi nuen neure burua. Mugitzeko espaziorik gabe, baina aurpegi publiko, azken finean.
Egin beharreko galdera da zenbateraino eragin zuten ni panpinatzat hartze horretan nire genero eta adinak. Ez da txantxetako kontua, HYPERLINK "https://www.berria.eus/paperekoa/1880/033/002/2018-11-13/matxismoa_akademian.htm" "EsSg-o47ieuZ0jYqQnE1w8A akademiako matxismoari buruz idatzi nuen artikuluko hainbat pasartek EIko esperientziaz dihardutelako. Alegia, EIko zuzendaria izan zen nire lehen bileran, beste buru zientifiko guztien aurrean, «gaztea eta emakumea» nintzelako profila betetzen nuela esan zidana, nekarren edukiaz ezer jakin gabe. Eta EIz ari nintzen ikusten nituen arazoak mahai gainean jarri nituenean, eskaini zitzaidan aukera ederra azpimarratu zidatela idatzi nuenean; arazo horiek aurreko paragrafoan azaldutakoak dira, ez nolanahikoak, ene ustetan. Ederra omen da feministak argazkian agertzea, baina ez horren ederra feministekin datozen kritikak barneratzea.
Proiektura gehitzean, maiz entzun nuen garrantzitsuena pertsonak zaintzea zela. Haatik, horren garapenarekin argi geratu zen pertsonak aurreikusitako emaitza batzuk aurrera ateratzeko baliabideak ginela. Eztabaidak eta ezin ulertuak gehitu ziren, edo, hobeto esanda, guk EIren ikuspegia ulertzen genuen arren, ez genuen konpartitzen; EIk gurea ez zuen ulertzen. Kulturako mahai parte-hartzaileak ez gauzatzea erabaki genuen, EIk nahitaezkoak kontsideratzen genituen agente askoren parte-hartzea bermatzeko behar ziren baliabideak ezin zituelako ziurtatu, ordaindutako kolaboratzaile bakarraren soldata barne. Berriz ere kultura beste arlo batzuen atzetik zetorren sentsazioaz, balio berberak ez genituela baieztatuta, proiektutik alde egitea erabaki genuen. Dantza egin ezin badut, ez baita nire iraultza.
Iratxeren, Aintzaneren eta nire ikuspegitik, BERRIAn bertan argi uzten dudana, feministok estrukturetan sartzeak ez luke inoiz estruktura horietan errotuta dagoen paternalismo, maskulinismo eta hierarkiaren logika bermatu beharko; hori kolokan jarri behar du. Gu baginen lan hori egiteko prest, baina horrek instituzioaren aldetik moldaketak egiteko prestasuna ere eskatzen du. Bestetik, kulturari halako instituzioetan lekua emateak, nazio-proiektu batean sartzeak, beste arloen parean jarriko dela eta transbertsalki jorratu ahalko den ikuspegi kritikoa txertatuko duela suposatu behar du. Bi horiek izan ziren EIri egin genizkion proposamenak, baina interes handiagoa ei zuten gure irudian, gure edukian baino. Eta edukitik lan egiten dugunez, eta eduki horrek estrukturak beraiek autokritikaz begiratzea eskatzen duenez, lankidetza ezinezkoa izan zen. Argi baitago autokritika ez dela, egun, EIn oso presente.