astekaria 2018/11/30
arrowItzuli

kultura

Bortxaren itzala duen ikurra

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Bortxaren itzala duen ikurra

Oroimenaren galerak min ematen ziola aitortu zuen duela hamabost urte, Donostiako Zinemaldian izan zenean, Bernardo Bertolucci zinemagile italiarrak (Parma, 1941-Erroma, 2018). 1968ko maiatzari buruzko The Dreamers filma aurkeztera etorri zen Euskal Herrira. «Aldaketak eragin zituen 68ko maiatzak, nahiz eta gerora egin diren interpretazioek ukatu eta errefusatu egiten duten haren eragina». Oro har, historiari lotutako lanak egin zituen Bertoluccik zinemagintzan eman zituen 56 urteetan, eta probokatzailetzat jo izan dituzte haren lanak maiz. Last Tango in Paris, Novecento eta The Last Emperor-ek egin zuten ezagun; hain zuzen, bederatzi Oscar irabazi zituen azken lan horregatik. Zinemari mundua iraultzeko gaitasuna aitortzen zion italiarrak. «Zinema egiteak esan nahi du bizitzaz arduratzen zarela; eta bizitzaz arduratzeak esan nahi du politika egiten duzula». Ilunik ere badu zinemagilearen bizitzak, ordea. Duela bi urte aitortu baitzuen jendaurrean, Last Tango in Paris filmeko eszena batean, Maria Schneider aktorea bortxatzea adostu zuela Marlon Brando aktorearekin batera. Ez zuen damurik agertu. Atzo hil zen Bertolucci, 77 urte zituela.

Poeta izateko bokazioa izan zuen Bertoluccik gaztetatik. Attilio Bertolucci poeta eta zinema kritikariaren eta Ninetta Giovanardi irakaslearen semea, txikitatik heldu zion hitzaren arteari, eta hainbat lan argitaratu zituen Erromako Unibertsitatean ikasketak egiten ari zela. Haren anaia Giusepperekin batera hasi zen zineman murgiltzen: kamera txiki bat eskuetan, inguruko kontuak grabatzen aritzen ziren bi anaiak; harik eta, aitaren laguna zen Pier Paolo Pasolini zinemagile italiar ospetsuaren bultzadari esker, industrian sartzea lortu zuen arte. Pasoliniren laguntzailea izan zen Bertolucci Accatone (1961) filmean, 20 urte zituela. Handik urtebetera ekoitzi zuen bere lehen lana izango zena: La commare secca. Erromako aldirietako bizitza deskribatzen zuen pelikulak, baina oharkabean pasatu zen.

Aita eta Pasolini, biak izan zituen eredu; eta, ideologikoki ere eragin zuten zinemagile gaztearengan, marxismoaren gertukoak baitziren biak. 1969an hasi zen Bertolucci Italiako Alderdi Komunistarekin harremanetan; 1968ko maiatzeko gertakarien ondoren. Parisen bertan bizi izan zuen 68ko maiatza Bertoluccik, eta han bizi izandakoak bizitza osorako aztarna utzi ziola aitortu zuen behin baino gehiagotan.

Politikari lotutako lanak

1970eko hamarkadan ekoitzitako pelikulekin lortu zuen arrakasta: La strategia del ragno eta Il Conformista lanekin. Musoliniren erregimen faxistan kokatutako istorioa kontatzen du azken lan horrek, eta Oscar sarietarako izendatuta egon zen, gidoiagatik. Nolanahi ere, ondoren ekoitzitako filmek izan zuten oihartzunak handitu zuten zinemagilearen itzala.

Estreinatu zutenetik polemikari lotuta egon zen Last Tango in Paris (1972) lana; zuen erotismoagatik. Estreinatu eta jarraian filma zentsuratu zuten Italian, eta bi hilabeteko espetxe zigorra ere ezarri zioten zuzendariari, «lizunkeria» leporatuta. Are, bost urtez, boto eskubidea kendu zioten. Italian ez eze, beste hainbat herrialdetan ere debekatuta egon zen Last Tango In Paris: frankismoaren menpe zeuden Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan, kasurako. Iparraldeko zinemetara jo zuten askok lana ikustera.

Zentsura ez zen izan pelikularen arazo bakarra, bortxaren itzala ere izan baitzuen filmak. Marlon Brando aktore eta pertsonaia nagusiak Maria Schneider bortxatu zuen filmean, zuzenean, eta Bertolucciren onespenarekin egin zuela azaldu zuen Schneiderrek, gerora. Orduan, inork ez zuen emakumearen akusazioa sinistu, baina kasua berriz azaldu zen jendaurrera duela bi urte. Aitorpena Bertoluccik: «Ez nuen nahi Schneiderrek umiliatze momentu hori antzeztea, zuzenean sentitzea nahi nuen». Schneider hil eta bost urtera onartu zuen bortxaketa zinemagileak, baina ez zuen damu izpirik agertu. «Errudun sentitzen naiz, baina ez naiz damutzen».

Gertatutakoak gertatuta ere, garaiko zinemagintzaren ikurra izan zen pelikula, eta, Oscar sarietan, zuzendaririk onenaren saria jasotzeko hautagaia izan zen Bertolucci. Arrakastaz beterik zegoela ondu zuen bere ibilbideko egitasmorik handiena: Novecento (1976). Robert de Niro, Donald Sutherland, Gerard Depardieu eta Burt Lancaster aktore ezagunek parte hartu zuten filmean. XX. mendeko lehen hamarkaden historia du ardatz; zehazki, Italiako faxismoaren hastapenetik, erregimenaren erorketara bitarteko aldia kontatu zuen zinemagileak, 314 minutuko iraupena duen filmean. Komunismo italiarrari gorazarre egitea leporatu zioten Bertolucciri, eta filma zabaltzeko arazoak izan zituen horregatik.

Bederatzi Oscar jasota

Bi ataletan aurkeztu zuen Bertoluccik Novecento, eta hirugarren atal bat filmatzeko aukera aztertzen ari zela sortu zitzaion beste film bat egiteko ideia: 2003an gauzatu zuen, ordea. 1968ko maiatzari buruzko The Dreamers filma ekoitzi zuen orduan. Bertoluccik aitortu zuen 1968ko gertakariei buruzko ezagutza eskasa zegoela, eta hutsune hori bete nahi zuela, nonbait, filmarekin.

Nahiko oharkabean igaro ziren La luna (1979) eta La tragedia di un uomo ridicolo (1981), ondoren ekoitzi zituen filmak, baina 1987an indartsu bueltatu zen Bertolucci pantaila handira. The Last Emperor-en Pu Yi Txinako azken enperadorearen bizitza kontatu zuen, eta arrakasta handia izan zuen, bederatzi Oscar sari irabazteraino -besteak beste, film eta zuzendari onenarenak-. Handik aurrera, film komertzialak -Little Bhuda (1993)-, eta pertsonalagoak -O ballo da sola (1996), Besieged (1998)-, tartekatu zituen, 2012an azkeneko filma egin zuen arte: Io e Te.

77 urte zituela hil zen zinema zuzendaria, atzo, gaixotasun luze baten ondorioz.

BERRIAn argitaratua (2018/11/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA