astekaria 2018/11/30
arrowItzuli

kirola

Mendira jo du, hutsetik hastera

Eñaut Agirrebengoa

Mendira jo du, hutsetik hastera

Datorren urtean aro berri bati ekingo dio Lierni Lekuonak (Lezo, Gipuzkoa, 1995). Bost urtez Bizkaia-Durango taldean aritu ondotik, errepideko bizikletatik jaitsi, eta mendikora igoko da. Ez da diziplina berria harentzat, azpiko mailetan aritua baita. Txukun, gainera: 2012an, hirugarren izan zen junior mailako Espainiako Txapelketan. Hortaz, jatorrira itzultzea deliberatu du, errepidean garai zailak bizi eta gero. Oraingoz, jomuga zehatzik ez dio jarri bere buruari: lehendabizi, gozatu egin nahi du bizikleta gainean. «Oraindik ez dut helburuetan pentsatu. Urte gogorrak izan dira, eta disfrutatzen hasteko gogoz nago. Ilusio handia dut».

Behar bezalako egokitzapena egitea izango da Lekuonaren aurreneko zeregina. Izan ere, urte asko iragan dira mendiko bizikleta ganbaran gorde zuenetik. «Noizbehinka egin ditut entrenamendu batzuk, baina asko galdu dut». Gainera, aitortu du «aldaketa handia» dela errepidetik mendira igarotzea, diziplina «oso ezberdinak» direlako. Aldea, gehienbat, «teknikaren garrantzian» omen dago. «Errepidean, behar duzu teknika, baina, mendiko bizikletan, zati handi bat teknika kontua da. Fisikoki ondo egon arren, teknikoki gaizki bazabiltza, postu asko gal ditzakezu. Niretzat diziplina ia berria izanda, lan handia egin beharko dut teknika lantzen».

Euskal Herrian mendiko bizikletak duen egoerari dagokionez, lasterketa ugari dagoela azpimarratu du txirrindulari lezoarrak. «Hemen, maratoia edo olinpiar rallya egin daitezke. Olinpiar Jokoetako probek ordu eta erdi inguru irauten dute. Maratoiak luzeagoak dira: 60-90 kilometro artekoak. Luze jotzen dute horiek». Zokoratutako diziplina izaki, baldintza orokorrak kaskarrak dira, eta zer esanik ez emakumezkoenak. Bederen, Lekuonak Orbea eta Etxeondo marken babesa izango du.

Gainera, badaki zer den kondizio zailetan jardutea, errepidean ere egoera makurrean baitabiltza emakumezkoak. «UCI —Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuna— mailako talde batean aritu naiz, baina horrek ez du esan nahi talde profesionala denik. Profesionala izateko, txirrindularitzak txirrindularien bizibidea izan behar du. Egun, talde asko ez daude maila horretan». UCIk egoera iraultzeko asmoa du, 2020rako txirrindularien gutxieneko soldata ezarrita. Ekinbidea begi onez dakusa. Uste du hasieran «zaila» izan arren «egin beharreko zerbait» dela. «Esan izan da agian orain dauden talde asko desagertu egingo direla, baina txirrindulariok urte asko eman ditugu egoera kaskarrean. Gizonezkoen eta emakumezkoen baldintzak berdindu egin behar dira, eta, bide horretan, pauso garrantzitsua da gutxieneko soldata ezartzea».

Txirrindularien eta teknikarien egoera hobetzeko asmoz, Bizkaia-Durangok kolaborazio hitzarmen bat sinatu zuen Euskadi Muriasekin orain dela urtebete pasatxo; ordea, harremana apurtu egin du berriki, gizonezkoen taldeak zenbait akordio bete ez dituelakoan. Lekuona denboraldiaren erdialdean atera zen taldetik, eta, azaldu duenez, berari ordaindu zioten ordaindu beharrekoa. Halaber, deitoratu du soilik alde baten bertsioa plazaratu dela. «Hutsegiteak bi aldeek egin dituzte. Ematen du Murias izan dela errudun bakarra, baina hor gauza gehiago gertatu dira».

Lokatzetara ohituta

Mendiko bizikletan, sarri lokatzarekin egingo du topo Lekuonak, baina hori ez da gauza berria harentzat. Izan ere, txikitatik dihardu ziklo-krosean: kadete mailatik errepidearekin uztartu izan du, eta, orain, gauza bera egingo du mendiko bizikletarekin. 23 urteko txirrindulari lezoarraren aburuz, ziklo-krosak ez du prestakuntza planifikatu edo espezifiko bat eskaintzen beste diziplinei begira, baina «negua pasatzeko modurik onena» omen da. «Lasterketak oso biziak dira: 40 minutuz bete-betean aritzen zara. Oso zaila da entrenatzen halako ahalegina egitea. Hala, ziklo-krosa ondo dator gero beste diziplinetan pedal kolpe biziagoa izateko».

Denboraldi honetan, oraingoz, hiru garaipen lortu ditu, hirurak ere Euskadiko federazioak antolatutako probetan: Urduñan, Berrizen (Bizkaia) eta Legazpin (Gipuzkoa). Sasoi betean izan zen hasierako lasterketetan, baina asteen joanean beherantz zihoala nabaritu du. Hala, atseden hartu zuen iragan asteburuan, eta on egin ei dio etenaldiak. «Nire onera itzuli naiz, eta, orain, indartsu iritsi nahi dut abendura eta urtarril hasierara, denboraldiko azken txanpara».

Diziplina osasuntsu dakusa Euskal Herritik kanpo, «txirrindulari asko maila ona ari direlako hartzen». Aitzitik, bestelako diagnosia egin du etxeko egoeraz. «Euskal Herrian, egutegia oso ona da. Asteburuero lasterketa bat edo bi ditugu. Horri begira, ondo gaude, baina uste dut jende gehiagok animatu behar duela ziklo-krosean aritzera. Gazte mailara neska gutxi iristen dira, eta elite mailan, azkenean, betikoak gaude».

BERRIAn argitaratua (2018/11/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA