astekaria 2018/11/30
arrowItzuli

mundua

Lopez Obradorren administrazioaren lehen keinua

Gabriel A. Corral Velazquez

Lopez Obradorren administrazioaren lehen keinua

Mexikoko hauteskunde federaletan gailendu zenetik lau hilabete baino gehiago igaro diren honetan, Andres Manuel Lopez Obrador presidente hautetsiak —larunbatean hartuko du kargua— herri kontsulta baten esku utzi du hogei urteotako herri lanik garrantzitsuena: Mexiko Hiriko Nazioarteko Aireportu Berria. Peña Nieto azken sei urteotan presidente izan denaren administrazioak azpiegitura plan baten parte gisa baliatu du megaobra hori: plan horren bidez, Mexiko barnealdearekin lotzeko garraiobideak modernizatzekoak ziren.

Aurreko gertakariak

Aeronautikako aditu guztiak bat datoz honetan: egungo aireportua gainezka dagoenez, ezinezkoa da Mexikoko hiriburuaren eskariari erantzutea, 20 milioitik gora biztanle baititu. Dena dela, arazo teknikoa arazo politiko bihurtu da.

2001az geroztik, arazoak daude Mexiko Hiriak aireportu handiagoa behar duela eta. Orduan, gobernu federalak —Vicente Fox Quesada buru zuela (2000-2006)— iragarri zuen Mexiko Hiriarentzako aireportu bat egingo zutela Atenco udalerriaren mugapean, garai bateko Texcoco aintziratik gertu. Fox Quesadak lege dekretu bat aurkeztu zuen; haren bidez, 5.000 hektarea lursail desjabetuko zizkieten eskualdeko nekazariei. Ia berehala, mugimendu sozial bat sortu zen, Lurraren Aldeko Herri Frontea izenekoa; borroka sozialaren buru jardun zuen, autobideak itxiz, alkatetzak blokeatuz, bai eta manifestazio jendetsu bat antolatuz ere Mexiko Hiriko plaza nagusian. Borroka horren ondorioz, bertan behera utzi zuten proiektua.

Aurrez hori gertatuta ere, Peña Nietoren gobernuak berriro ekin zion hasierako proiektu hari: zamarentzat eta bidaiarientzat gaitasun handiagoa izango zuen aireportu bat egitea hiriburuan. Milioi askoko proiektu bat eta ospe handiko arkitekto bat uztartu zituzten: Norman Foster, eta Carlos Slimen babesa. 2014ko irailean, proiektuaren eta haren kokalekuaren berri iragarri ondoren, hainbat herritarrek oposizioari ekin zioten, eta nabarmendu zuten aireportua Texcoco aldean egiten bazen izugarrizko eragin ekologikoa izango zuela hirian. Aldi berean, Manuel Lopez Obradorrek —orduan Morenako buruzagia (Nazioa Birsortzeko Mugimendua) eta gaur egun presidente hautetsia— behin baino gehiagotan adierazi zuenez, obra hura Slim buru zuten kontratisten taldeari adjudikatu izanaren atzean ere baziren ustelkeria trikimailuak eta inguru hartako lurrekin espekulatzeko sareak.

Hauteskunde kanpaina guztian, Lopez Obradorrek adierazi zuen errefusatu egiten zuela Texcocon egitea Mexiko Nazioarteko Aireportu Berria (NAIM). Premisa horrexetan zedarritu zuen, hein handi batean, kanpainako ekitaldietan aurkeztu zuen egitasmoa. Lopez Obradorren ustez, aireportu berria egiten ari diren baldintzetan egiteak argi erakusten du ustelkeria dela nagusi Mexikoko bizitza politikoko hainbat arlotan.

Presidente hautetsiari, administrazio federalaz formalki jabetu aurretik ere, lehenbailehen konpondu beharreko arazo bihurtua zitzaion aireportu berriaren arazoa eta hura bertan behera utzi izana. Horrela, keinu argi bat egin nahi izan die duela 12 urtetik baino gehiagotik jarraitzaile izan dituen horiei; izan ere, aurrerantzean aldatu egingo da erabakiak hartzeko modua, bai forman eta bai funtsean, Mexikoko politikan.

Hala, presidente hautetsiaren taldeak herri kontsulta batera deitzea erabaki zuen. Hor zehaztuko zen ea aurrera segituko zuten Texcoco aldean aireportu berria egiteko asmoarekin, edo Santa Luciako base militarrean egiteko aukera baliatuko zuten, hura ere gertu izaki Mexiko Haranetik.

Herri kontsulta

Texcocoren inguruan, susmoa dago zenbait kontratu eskatu ahala adjudikatu zirela. Erreklamazioak zerikusia du kontratuen baldintzekin, zeinek izugarri igoarazi baitute kostua. Hala ere, obra bertan behera uzteari edo ez uzteari buruzko eztabaidak bost milioi euro inguru —100.000 milioi peso mexikar— ordainaraziko lizkioke gobernuari berme kontzeptuetan; alegia, Mexikoko Gobernuak kopuru hori gastatu behar luke, lizitazioak irabazi zituzten enpresa eraikitzaileei kalte-ordainak emateko.

Egiaz, obra hori bertan behera uztea izan zen Lopez Obradorren kanpainako eskaintza nagusietako bat. Argudio teknikoak ez ziren nahikoa izan gaur egungo eraikuntza sostengatzeko. Pilotuen sindikatuek, aire konpainia nazionalek eta atzerritarrek adierazia dute nabigaziorako eta aire zirkulaziorako baldintza hobeak dituela Texcocoko aireportuak. Dena dela, egoera politikoak pisu handiagoa izan du presidente hautetsiaren talde tekniko eta politikoan. Alde horretatik, badirudi kontsultaren aukera izan zela aurkitu zuten alternatiba bakarra aireportua dekretuz bertan behera uzteko eskaintza ñabartzeko.

Kontsulta urriaren 25ean eta 28an egin zuten, 538 udalerritan —joan den asteburuan beste zenbait gairi buruzko galdeketa egin zuten; hautesle erroldaren %1ek parte hartu zuen—. Lehen begiratuan, gutxieneko demokrazia parte hartzaile bat baliatzea da gobernu batek herritarrei galdetzea nola erabili behar diren baliabide publikoak, eta nola diseinatu politika publikoko konturen bat. Baina, esaera klasikoek diotenez, politikan forma ere bada funtsa. Gobernu hautetsiak antolatutako herri kontsultak hutsegite sakonak izan zituen, eta, horiek direla bide, nabarmendu dute oposiziokoek —enpresari taldeek, herritarren erakundeek eta alderdi politikoek— okerbide handiak eta manipulazioak izan zirela emaitzetan. Batzuk aipatzearren: hauteskunde mahaiek ez zeukaten kokaleku jakinik udalerrietan; federazioko zenbait erakunde neurriz gain ordezkatuak izan ziren, eta beste batzuk, ozta-ozta kontatuak; Morenak gobernaturiko udalerriak pribilegiatu egin zituzten, eta ez zen kontrolik izan botopaperak kontatzeko orduan. Horrekin guztiarekin, parte hartzea ozta-ozta iritsi zen hauteskunde erroldaren %1era.

Ortodoxia politikotik begiratuz gero, porrota agerikoa da zenbakien eta formaltasunaren ikuspegitik, baina aurrekorik gabeko ekinaldi bat izan zen gobernu hautetsiarentzat, eta argi erakusten du nola gobernatzeko asmoa duten larunbatetik aurrera. Azkenean, Mexico Decide kontsultan (Mexikok erabakitzen du) parte hartu zutenek baztertu egin zuten Texcocon aire terminal bat egitea. Horren ordez, presidente hautetsiaren proiektuaren alde egin zuten; kontsultan parte hartu zuten 1.067.859 pertsonetatik %69,95ek bozkatu zuten haren alde. NAIM proiektuarekin segitzearen alde, berriz, %29 bakarrik agertu ziren, zeina 2015ean hasi ziren egiten, Texcocon.

Oraindik martxan da

NAIM egiteari utziko diotela iragarri zutenez geroztik —oraindik ere martxan da—, agerikoa da enpresarien eta gobernuaren arteko desadostasuna. Solasaldi politikoetan, albistegietan eta herrialdeko egunkari nagusietan, nabarmen ageri da iritzi desadostasuna dagoela gai horren eta agendako beste batzuen inguruan ere. Agenda hori arindu egin behar lukete larunbatetik aurrera.

Analisten iritziz, kezkagarria da gobernu berriak nola jokatu nahi duen, ez izatea batere garbi lehentasunak, eta Lopez Obradorren kabineteak ez agertzea elkarrizketarako gaitasun handirik. Hautesleen iritziz, erabakiek egokiak dirudite, eta uztailaren 1ean bozkalekuetan lortu nahi izan zen alternatiba horren parte dira: pribilegioak behingoz amaituko dituen gobernu bat, eta talde ahulenei begira jardungo duena. Praktikan, badirudi gobernu horrek ez dituela burutaldi batere argiak, eta dena ahamen bakarrean jan nahian dabilela, bozkalekuetan erdietsitako kapital politikoa alferrik ez galtzearren gobernuan jarduteak berez dakarren higaduraren ondorioz. Honetan guztian, baina, bitxiena da oraindik jardunean ez diharduen gobernu bat ari dela erabaki horiek hartzen.

BERRIAn argitaratua (2018/11/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA