gizartea
Berba egiteko plaza berriak
Ibai Maruri Bilbao
Aitortu du «beharbada»ez zutela asmatu azterlanaren emaitzak ezagutarazteko moduan. «Ondarroarekin parekatu ginen. Geure burua begiratzeko ispilu moduan jarri genuen. Ondarroa, oso ondo; Bermeo, oso txarto. Eta hori ere ez da egia. Erabilerak kezkatzen gaitu, baina modu aktibo batean lan eginda horri buelta emateko moduan gaude».
Txosna batzordeko kideek zerbait egin behar zutela pentsatu zuten. Autobus bete gazte Ondarroara joan ziren, gaztetxera. Sare sozialetan bolo-bolo ibili zen bideo umoretsu batekin iragarri zuten txangoa. «Eurekaz egon gura genuen, jakin gura genuelako zelan dagoen hainbesteko desberdintasuna euren eta gure artean», adierazi du Xabi Ojinaga txosna batzordeko kideak. «Konturatu ginen ez dagoela desberdintasun handirik. Han gure antzeko jendea topatu genuen. Baina bai ohartu ginen eurek badituztela leku erreferentziazkoak euskaraz berba egiteko. Eta gu atomizatuta gaude, kuadrilletan sakabanatuta».
Horrelako leku erreferentziazkoetako bat da txosna batzordea bera; baita txosnen gunea ere, Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan. Baina ez zuten besterik. Duela bi urte aldatu zuten bermeotarrek txosna eredua, ordura artekoa krisian sartu zelako. Herriko eragile eta elkarte bakoitzak berea jartzen zuen lehen; orain, batzordea arduratzen da. «Jai eredu euskalduna eta herrikoia bermatu gura genuelako sortu genuen batzordea. Ordura arte gure artean loturarik ez genuen jende asko batu ginen, eta era normal batean sortu zen gure artean euskaraz egitea».
Jaiek irauten duten hamabost egunetan euskaraz bizi ziren, eta hori urte osora zabaldu gura izan zuten. Hala, aratusteetan bertso bazkari bat egin zuten. Gerora, beste jai bat ere egin zuten, eta ikusi zuten topagune horietan euskaraz berba egiteko joera zeukatela. «Denok batera gaudenean eta horrelako egunetan, ez da euskara besterik entzuten». Horregatik, topagune horiek urte osora zabaltzeko asmoa dute. Eta apurka-apurka, bakoitza bere gertueneko esparruan ere euskara erabiltzen hastekoa.
Horretarako aukera eman die Euskaraldiak. Alvarezen esanetan, bermeotar askoren sostengua lortu du egitasmoak. Urtebetez 40-50 laguneko taldea ibili da prestaketa beharretan, eta espero baino jende gehiagok eman du izena ahobizi edo belarriprest izateko. Txapa gehiago eskatu behar izan dituzte. «Lortu dugu nolabait sentsibilitatea daukan jendeak pausoa ematea eta modu aktiboan parte hartzea Euskaraldian, eta lortu dugu herritar mordo batek izena ematea. Horrek ondorio onak izango ditu aurrera begira».
Buru-belarri ibili dira iaztik Euskaraldiko egun hauek prestatzen. Baina bestelako lanak ez dituzte alboratu. Alvarezek hiruzpalau azpimarratu ditu. Batetik, adibidez, berbalagun talde «indartsua» dutela esan du. «Sektore bitara ailegatzen da: euskaraz hitz egin nahi duen jendea eta eurei laguntzeko prest dauden herritarrak. Alde bietan jende multzo esanguratsua daukagu». Talde osagarriak ere sortu dituzte; adibidez, gurasoek seme-alabekin euskaraz olgetan egitea ahalbidetzen duena. Talde horiek aparteko lekua dute Euskaraldian, Alvarezen esanetan.
Ahoz ez ezik, idatziz ere sustatu nahi dute erabilera. «Merkatarientzat eta ostalarientzat zerbitzu iraunkor bat daukagu: euskaraz idatzi ahal izateko itzulpen maketatuak eta kartelak egiten ditugu». Astean behin, merkatu txikia egiten dute herrian, eta, aurten, kartel mordoa egin dizkiete postuetako saltzaileei. «Horrek eragina dauka, Bermeora etortzen denak ikusten duelako herrian daukagun hizkuntza paisaia oso euskalduna dela». Izan ere, Alvarezen arabera, herri euskaldunetara doazen turistek euskara bilatzen dute.
Lehen berbatik hasita
Itxasne Gabilondo botikariak badaki idatzizko komunikazioak zer garrantzi duen. Bost langile dira farmazian. Egunotan, ahobizi txapa daroate. Baina bestelakoan ere badira: lehen hitza beti egiten dute euskaraz. «Guk euskaraz egiten dugunean, dakitenek euskaraz erantzuten digute beti». Lokaleko testu guztiak hizkuntza berean dituzte: kartelak, produktuen sailkapenak, zerbitzuen eskaintza, azalpenak... «Botikara etortzen diren gehienak nagusiak dira, eta oso ondo moldatu dira beti euskaraz. Gazteen artean erabilera aldatzeko, sare sozialetan euskarazko edukia igotzen dugu».
Erabilera ohitura txikitatik landu behar da, eta horretan ahalegintzen dira Xixili gimnastika taldeko kideak, Bego Gangoitik dioenez: «Saiatzen gara ahal den neurrian gure entrenatzaileak euskaldunak izaten, txikienen kasuan entrenamendua euskaraz izateko. Eta erdaraz entzuten badituzte, kargu hartzen diete». Halere, badute zer hobetu, eta hori izango dute 25. urteurreneko erronka: «Kide nagusiek gure taldeko beste batzuk animatzean ole esaten dute. Horren ordez, beste zer edo zer bilatu behar dugu, eta horren erabilera sustatu».
1990eko hamarkadan sartu zen Bermeo Ueman. Harrezkero, udal administrazioarekiko harreman guztiak euskaraz egin ditzakete bermeotarrek. Behargin eta politikari, udalean 300 pertsonatik gora direla esan du Juan Karlos Agirre euskara zinegotziak. Lanerako hizkuntza euskara dute gehienek. Erabilera hobetzeko eta indartzeko lan egiten dutela azaldu du; besteak beste, Eusle metodologia erabiltzen ari dira, Euskaraldiak oinarri duen eredua. «Udalak erreferentzia izan behar du euskararen erabileran. Eredugarriak izan behar dugu».
Bihar: Euskaldun dentsitate txikiko eremuak.
Arnasguneak eta euskara ardatzera ekartzeaz