kultura
Ez da bera, baina bada
Ainhoa Sarasola
«Zergatik Imanol?», galdetu izan diote Canori, idazleak berak azaldu duenez. Bikoitza da bere erantzuna: «Esango nuke, lehenbiziko eta behin, pertsona askea zelako, egitura guztietan enkaje zailekoa beharbada, bere legeen arau bizi zen kantari bat. Eta pertsona publiko guztiekin gertatzen den bezala, badu alderdi bat oso ezaguna, edo denok ustez ezagutzen duguna, eta beste bat oso ezezaguna». Fikzioaren zereginetako bat «gauza batzuk kamustea eta beste batzuk zorroztea» dela iritzita, bere lana zein izan den ere azaldu du: «Ezagunegia den horretan motibazioak, ñabardurak eta gezurtatzeak bilatzea; eta ezezaguna den horretan gertaeretan edo kronikan gehiago sakontzen saiatzea».
Bestalde, halako proiektu bati ekiteko «motibazio sentimental bat» ere behar izaten duela adierazi du Canok, eta oraingoan ere izan duela. 14-15 urterekin idazten hasi zenean Imanol asko entzuten zuela azaldu du, gehien estimatzen dion garaia Oroituz (1985), Mea kulparik ez (1986) eta Joan-etorrian (1987) diskoetakoa dela gehituta. «Itoizek Bernardo Atxagarengana bezala, edo Hertzainak-ek Jon Miranderengana bezala, Imanolek ere hainbat poetarengana eraman ninduen, Mikel Arregi dela edo Sarrionandia dela, eta eraman ninduen iristeak plazer gehien ematen duen modu horretan, hau da, iristen ari nintzela ohartu gabe».
Izenburuagatik ere galdetu izan diote, eta, azaldu duenez, Fakirra zen Larzabalen ezizena. Halabeharrez titulu hori jarri behar zuela sentitu zuen, liburua haren ahotsaz ari delako etengabe. Fakir bat zer den ere ekarri du gogora: «Sua botatzen duena ahotik, eta kutxilloak sartzen dituena eztarritik, eta iltzedun ohean lo egiten duena, eta txingarren gainean oinez dabilena. Baina zein da fakirraren ahotsa?», galdetu du. «Fakirraren ofizioa ez al da mina irenstea? Beraz, mina irensten duenaren eta mina irensten dutenen ahotsa zein da? Horren bila ere bagabiltza beharbada».
Larzabal zenaz «tximistorratz batek bezala» jokatzen zuela sentitu du Canok, «bazuela erakarmen indar hori, tokatu zitzaiolako edo bilatu zuelako». Imanolen inguruko istorio ofizial bat ere badagoela gaineratu du, «desterruan, baztertua eta bakarrik hil zen mito greziarrarena, nolabait bere herriak abandonatua», eta hori ere «ñabartu beharreko zerbait» da haren ustez. Nolanahi ere, «artistak modu espontaneoan eta ezerezetik sortzen diren pieza bateko pertsonaia oso, jainkotiar eta suntsiezinak diren ideia horren kontrako nobela bat» ere bada berea, egilearen ustez, ideia hori ez dela egia, eta artista bati bere istorioa horrela kontatzeak ez diola mesederik egiten iritzita. «Nahiago ditut, eta nahiago izan ditut nobela batean ere, artistaren zaurgarritasunak eta argi-itzalak; eta horien gainean idaztea, samurtasunez baina min horiek ere kontatuz».
Biografia bat ez, fikziozko narrazio bat idatzi du Canok, eta nabarmendu duenez, «errealitatearen eta fikzioaren arteko alde nabarmenena da, agian, errealitateak ez bezala, fikzioak koherentzia eskatzen duela». Hala, ohartarazi du fikzioak bere arauak dituela. «Krudelak dira fikzioaren legeak: murriztu behar da pertsonaia kopurua, garaiak trinkotzen dira... dena murrizten da, jibarizatu egiten dugu idazleok». Fikzio lan oro «sakrilegio bat, profanazio bat» dela ere gogorarazi du, eta bere liburua ez dela salbuespena. Profanatzeak, berez, tenplutik kanpo ateratzea esan nahi duela azaldu du. «Pentsatu nahi nuke tenplutik atera dena lehenbizi tenpluan sarrarazi egin zutela, eta batzuetan beharbada gerta daiteke, zergatik ez, ez bakarrik tenplutik atera izana, baizik eta bere benetako lekura bueltatu izana akaso».
Zaldia, irakurlearen esku
Narrazioa 40 urtetan barrena doa, eta kronologikoki kontatu du istorioa Canok, beretzat «anomalia bat» dena, nobela batean hori egiteko «ezgai» dela iritzita. Alde horretatik, «konforme» geratu dela esan du. Halaber, orainaldian idatzi du istorioa, hasieratik oso argi zuen hautua eginda, «iraultza bat egin nahi duenari ez diolako balio iraultza atzo izan zela edo bihar izan daitekeela kontatzeak». Halaber, «dekoratuei» dagokienez, Paris, Berlin eta, batez ere, Donostia agertzen direla zehaztu du, eta alde horretatik, egile bezala «Donostiarekin kontu kitatze bat» egin duela.
Liburua idazteko hainbat lagunekin izandako elkarrizketak eskertu ditu idazleak, eta bildutako guztia kudeatzeko, bere buruari «irudimenaren zaldi zoroa» baliatzeko aukera eman diola azaldu du, zeinak batzuetan urrundu egin duen egiatik, eta besteetan bere kasa ausartuko ez litzatekeen lekuetara eraman duen, haren hitzetan. «Kontua da irakurleak daukala orain zaldi horren ardura, eta onartu beharko duela galopa bera dela inportantea, eta ez gertaeren kronika zehatza».