kirola
LYNDRA WEAVER
«Goxoa naiz kalean, baina kantxan aurkaria txikitzea baino ez daukat buruan»
Ainara Arratibel Gascon
Zazpi partidaren ondoren, zein hausnarketa egin duzu denboraldi hasieraz?
Oso ona izan da. Bost partida irabazi ditugu, eta bi bakarrik galdu. Halere, amorru pixka bat badut, galdu ditugun bi partidetan, Valentziaren eta Quesos El Pastorren aurka, eskura izan baikenuen garaipena. Gorroto dut galtzea.
Nola ikusten duzu taldea?
Oso ondo. Emaitzetatik harago, garrantzitsuena da talde moduan gero eta hobeto jokatzen ari garela. Horri balio handia ematen diot. Partida eta entrenamendu bakoitzean egiten ditugu talde gisa hobetzeko gauzak: gure arteko komunikazioan, kontraerasoan, joan-etorrietan, errebotean... Gainera, jokalari guztiek gauza bat dugu buruan: egunero hobetzea. Horrek dena ematera behartzen gaitu, eta hazten laguntzen digu.
Zein zerikusi du horretan taldea aurreko sasoiko ia bera izateak?
Erabatekoa. Abantaila handia da hori. Vivi [Vionise Pierre-Louis] da jokalari berri bakarra, eta hura ere azkar ari da ikasten. Ondo ezagutzen dugu elkar, eta, gainera, garbi dugu Azuk [Muguruza, entrenatzailea] zer nahi duen. Horrek asko errazten ditu gauzak. Nik beti esan izan dut talderik onenak denbora luzez elkarrekin jokatzen ari direnak direla.
Inoizko denboraldirik onena izan zen aurrekoa. Antzeko lana egitea da sasoi honetarako helburua?
Bai. Liga irabazteko kanporaketetan gertu izan genuen finalerdiak jokatzea. Hori lortzea handia litzateke. Gainera, Espainiako Kopan edozer gerta daiteke. Partida bakarrera, gai izan gaitezke Perfumerias Avenida, Girona eta halako taldeei irabazteko. Handia litzateke datorren sasoian Europan jokatzea. Nik aukera izan dut Txapeldunen Liga eta Eurokopa jokatzeko, eta ederra da. Asko zailtzeko balio du.
Taldeko saskiratzailerik onena zara. Pozik al zaude egiten ari zaren denboraldiarekin?
Estatistika onak lortu ditut, baina neure buruari asko eskatzen diot, eta beti pentsatzen ari naiz zer eta nola hobetu. Hobetu beharra dut, eta eraginkorragoa izan. Badut zer hobetua hor. Ez bakarrik hor, baita defentsan ere, errebotean, paseetan... Horretarako, goizetan askotan etortzen naiz Gaskara, pistan bakarka entrenatzera, baita, tarteka, atseden eguna dugunean ere. Gimnasioko ariketak eta jaurtiketak egiten ditut batez ere.
Nolako jokalaria zara?
Grinatsua. Berez, irribarretsua eta goxoa naiz kalean. Baina kantxara ateratzean aldatu egiten naiz. Nire aurkaria txikitu nahi izaten dut. Oso lehiakorra naiz, eta buruan dudan gauza bakarra irabaztea da. Azuk, gainera, horretara bultzatzen nau.
Zeure buruari hainbeste eskatuta, pozik egongo zara Muguruza entrenatzailearen aginduetara, ezta?
Bai, oso. Tankera horretako entrenatzaileak ditut gustuko. Izan ere, hona lanera gatoz, hobetzera. Lan saioetan zenbat eta gehiago eskatu, partidetan antzeman egiten da. Azu beti dago gure proposamenak entzuteko prest, baina, aldi berean, oso zuzena da, eta gauzak argi esaten ditu. Jokalari bakoitzari hobea izaten laguntzen digu, eta hori funtsezkoa da.
NCAAn jokatu zenuen, AEBetako Unibertsitateen Arteko Ligan. Aukerarik ikusten al duzu WNBAn jokatzeko?
Bai. Maiz pentsatu izan dut hori. Nik uste dut hango jokalari kaxkarrenak baino hobea naizela. Beraz, nork daki? Gainera, hango jokatzeko era maite dut. Oldarkorragoa da.
Saskibaloi asko ikusten duzu?
Bai, ia egunero. Edozein partida ikus dezaket: NBA, Euroliga, ACB liga... Asko ikasten dut; batez ere, teknikoki eta mugitzeko orduan. Lebron James da nire jokalaririk kutunena.
AEBetako emakumeen kirola hemengoa baino egoera hobean al dago?
Diru eta baliabide gehiago dago han, eta, horri esker, aukera, baliabide eta erraztasun gehiago dago.
Maiz esan izan duzu gauzak oso garbi dituen pertsona zarela. Hala izanda, txikitatik izan zenuen garbi saskibaloi jokalari izan nahi zenuela?
11-12 urte nituenean hasi nintzen jokatzen. Lehengusu bat dut, ni baino bost urte helduagoa. Egun osoa elkarrekin ematen genuen, eta beti egiten nuen hark egiten zuena. Saskibaloian jokatzea gustatzen zitzaion, eta ni ere hasi egin nintzen. Eskolan, mutilekin jokatzen nuen, ez zegoelako nesken talderik eta lehiaketarik. Batxilergoan, beste eskola batzuetako eskutitzak jaso nituen, han ikasi eta saskibaloien jokatzeko proposatuz. Orduan konturatu nintzen serio eta gogor lan eginez gero aukera izan nezakeela jokalari profesional izateko.
Uste baino gehiago kostatu zitzaizun goi mailara iristea?
Bai, uste baino gogorragoa izan zen. Jokalari ona bat izatearekin ez da nahikoa. Gora iristeko ahalegin fisiko eta mental handia egin behar duzu, eta jendeak askotan ez du ikusten hori. Isilean eta bakarka egindako lana izaten baita hori askotan.
Etxekoek zer esan zizuten?
Ez zidaten ezer esan. Izan ere, batetik, bazekiten saskibaloia asko maite dudala; eta, bestetik, oso burugogorra naiz. Beraz, zerbait esanda ere, ez nien kasurik egingo. Gauzak garbi nituen, eta saskibaloian aritzea onena zen niretzat.
Han eta hemen jokatu duzu. Hamabi taldetan jokatu duzu, eta hamar herrialdetan bizi izan zara. Nolatan erabaki duzu IDK Gipuzkoan beste urtebetez segitzea?
Duela urtebete egin zidaten Azuk eta Carmenek [Muguruza, presidentea] jarraitzeko proposamena. Oso gustura eta eskertuta nago. Taldekideekin oso ondo moldatzen naiz, eta klubak erraztasun handiak ematen dizkigu atzerritarroi hemen ondo bizitzeko. Ez nuen bitan pentsatu.
Hamar herrialdetan jokatu duzu. Non egon zara gusturago?
Eguneroko bizitzari erreparatuz gero, Donostian oso gustura nago. Jendea oso adeitsua da. Gogoan dut hona iritsi berritan maiz galtzen nintzela, eta jendea beti zegoela laguntzeko prest. Parajeak ederrak dira, janaria oso goxoa da... Ezin dut gehiago eskatu. Polonian eta Israelen ere oso gustura egon nintzen. Jokatzeko orduan ere Espainiako Liga gustatzen zait gehien, oso ondo egokitzen baita nire gaitasunetara. Bizi eta ikusgarri jokatzen da, eta hala izanda asko disfrutatzen dut.
Eta zein da gutxien gustatu zaizun herrialdea eta liga?
Zalantzarik gabe, Letonia. Hotz handia egiten du han, eta jendea oso tristea da. Apenas ateratzen diren etxetik, eta, bakarrik egonda, tristea da hori. Jokatzeko, berriz, ez zitzaidan batere gustatu Turkiako liga. Gogor jokatzen zen, eta nahiko mantso.
Nolakoa da zure egunerokoa Donostian?
Bakarrik bizi naiz, Bidebieta inguruan. Ez dut gustuko goiz jaikitzea. Entrenatzera joan baino ordubete lehenago jaikitzen naiz, normalean. Motibatzeko, rap musika jarri, eta lasai gosaltzen dut. Eguerdira arte kiroldegian egoten naiz, eta, bazkalostean, kuluxka bat egiten dut normalean, arratsaldeko lan sasoira bete-betean ailegatzeko. Amaitu, eta normalean berriro ere etxera etortzen naiz, eta hurrengo egunerako janaria kozinatzen dut. Hori da nire eguneko unerik kutunena. Kozinatzeak lasaitu egiten nau. Nire zaletasun nagusia da.
Eta atseden egunetan zer egitea duzu gustuko?
Lasai egotea, eta neure burua zaintzea: ordu asko lo egin, masajea hartu, hanketako eta eskuetako azkazalak apaindu eta txukundu...
Tatuajeak egitea ere bai? Makina bat dituzu.
Hamabost dauzkat. Sei urte daramatzat berririk egin gabe, baina laster egingo dut beste bat. Gainera, egun ditudan batzuk kolorea galtzen ari dira, eta errepasatu egin beharko ditut. Gehienetan, neure sentipenekin eta emozioekin lotutako tatuajeak egitea atsegin dut.
Gustuko duzu hemengo txokoak ezagutzea?
Bai, baina denboraldian nahiago dut Donostian lasai egon. Bertan, eguneroko bizitzarako behar ditudan txoko guztiak ezagutzen ditut, eta eroso nago.
Euskarazko hitzik ikasi al duzu?
Nahiz eta herrialde askotan bizi izan naizen, nahiko baldarra naiz hizkuntzekin. Oso zaila da niretzat.
Kozinatzea da zure zaletasun nagusia. Gustuko duzu Euskal Herriko gastronomia?
Noski. Batez ere, arraina, bai jatea, bai prestatzea, eta hemengoak ez du parekorik. Oso gustuko dut merkatura joan eta baserritarren produktuak erostea ere.
Zure herrialdeko zeren falta sumatzen duzu?
Familia eta eguneroko bizitasuna. Ez dut gustuko telefonoz hitz egitea, baina etxekoekin maiz hitz egin ohi dut Facebook eta Skype bidez; astean bizpahiru aldiz, gutxi gorabehera. Bestalde, han egunerokoa zoroagoa da. Eguerdian ez da kuluxkarik egiten, eta jendeak apenas hartzen duen denbora bazkatzeko. Tarteka, horren falta sumatzen dut.
Erretiroa hartzen duzunean AEBetara itzuliko zara?
Hori da nire asmoa. Orain arte irabazitako diruarekin, kalean janaria saltzen duten furgoneta horietako bat erosi nahiko nuke, eta hori kudeatu.
Noizbait jasan duzu arrazakeria?
Bai,Turkian. Kalean nindoan, eta gizon batek iraindu egin ninduen; eta Italian, partida batean, zale batzuek «tximu» deitu zidaten. Gauza larriak dira, eta salatu egin behar dira. Beren jarrerarekin, nolako pertsonak diren erakusten dute.
Zer sentitzen duzu AEBetako presidente Donald Trumpek etorkinen inguruan duen jarrera ikusten duzunean?
Zoritxarrez, presidente ergel bat daukagu. Arrazakeriarekin oso arduragabe jokatzen ari da. Arrazakeria leku guztietan dago, baina, gainera, halako presidente bat baduzu, arrazistak diren pertsonak eroso sentitzen dira, eta hori oso arriskutsua da, halako jarrerak areagotzea baitakar. Larriena eta sinestezina da, gainera, Trumpek hori egiten duela bere emaztea etorkina izanda. Pena da. Izan ere, Barack Obamak AEB hobe bat lortu zuen esparru gehienetan, eta hori hankaz gora jartzen ari da Trump.
Zure bi taldekide ama dira: Iva Brkic eta Toch Sarr. Zuri gustatuko litzaizuke jokalari zaren bitartean ama izatea?
Haurrak oso gustuko ditut, eta Ivaken [Brkic] eta Tochen [Sarr] erabakia asko errespetatzen dut. Baina nik garbi dut: erretiroa hartu arte ez naiz ama izango. Bospasei urte barru izango da hori.