gizartea
Hamaika abiapuntu, euskara topaleku
Jon Rejado
Euskaraldiko lehen egunak pasatu direla, baikor hitz egin dute hirurek, zailtasunak zailtasun. Kalean zenbat txapa ikusi dituzten nabarmendu dute, eta euskara «ohi baino gehiago» entzun dutela. Natasha Ruedak belarriprest rola hartu du. Ostiraletik bertatik antzeman du ingurukoak «oso sartuta» daudela Euskaraldian; are, harengana euskaraz jo dutenen jarrera ona berretsi du. Oterok hausnarketa bera egin du: ahobizi rola hartu du, eta euskarazko solasaldiak abiarazteko borondate handiagoa antzeman du, baita txapa daramaten ezezagunen partetik ere.
Euskaraldian konpromiso berbera egikaritzen ari badira ere, horra bide ezberdinetatik heldu dira hirurak. Ruedak 15 urterekin izan zuen lehen harremana euskararekin, eskolatu zutenean, eta aitortu du ez zela «bereziki positiboa» izan erlazio hori. Euskara ikastetik salbuetsi egin zuten. Lehen euskara eskolan laguntza behar zuela sentitu zuenean, irakaslearengana jo zuen. «Esan zidan ikasgai hori gainditu behar zuten 30 ikasle zituela, eta, ni ez nintzenez horietako bat, jolastokira joan nintekeela». Bizipen horren ostean, gerora Euskal Herrira etorri diren senideei eskatu die seme-alabak D ereduan matrikulatzeko.
Derrigorrezko hezkuntzaren garrantziari heldu dio Mint Karame ahobiziak ere; areago, hizkuntza ereduetan jarri du begirada. Ume zela heldu zen Euskal Herrira. «Gurasoek ez zekiten bi hizkuntza zeudenik, baina ikastolara joan nintzen, eta han izan nuen lehen harremana euskararekin». Bilbon izan ziren hasieran. Iurretara (Bizkaia) joan ziren gero, eta, azkenik, Gasteizera. «Iurretan, euskaraz egiten nuen ingurukoekin; 8 urterekin heldu nintzen Gasteizera, B ereduan matrikulatu, eta hor hasi nintzen euskara galtzen».
Oterok gogora ekarri du bikotekidearekin Gasteizera heldu aurretik Alemanian bizi izan zirela. Han zeudela alemana ikasi zuen, eta uste du horrek nolabait erraztu ziola euskarari heltzea. «Herri batera bizitzera bazoaz, errespetuagatik bada ere, hango hizkuntza ikasi behar dela uste dut». Gasteizera mugitu aurretik euskararekin harremana zuela gaineratu du: euskal musika gustuko zuen, lagun euskaldunak zituen... Lagun horien eskutik ezagutu zituen hiriko hainbat txoko, non euskararen presentzia handia baitzen.
Ikastea, ahalegina eta saria
Euskarara gerturatzerakoan harremanek duten balioa goratu du Ruedak: hizkuntza ezagutzen edota «benetan duen garrantzia» aitortzen dioten pertsonak gertu izatea. «Hori gertatzen ez bada, pentsa dezakezu euskara ikastea merezi ez duen zerbait dela, edota zurea ez den hizkuntza dela». Euskaraz bizi ziren lankideekin denbora eta espazioa partekatzean aldatu zuen Ruedak euskarara gerturatzeko modua, Goian Gasteizko Alde Zaharreko egitasmo komunitario hezitzailean lanean hasi zenean.
Aitortu du «jauzi» bat dagoela euskara ikasi nahi izatetik ikastera. Batetik, ikasteko «benetako gogoa» izatea; hori, hein batean, aurrez aipatutako harreman sozialekin lotu du. Bestetik, ikasi ahal izateko dirua izatea. Iaz hasi zen euskaltegian, «benetako gogoa» izatearekin batera ekonomikoki horretarako aukera zuelako. «Inbertsio handia da, eta horregatik ez nintzen lehenago hasi euskaltegian».
Egin beharreko inbertsioaren eraginaz ohartarazi du Oterok ere. «Ia 700 euro behar dituzu urtean, eta agian ez dituzu, edo ez da zure lehentasun nagusia». Ahalegin ekonomikoarekin lotu ditu euskara ikasteari egotzi ohi zaizkion mezu «ezkorrak», hain justu. «Behar hitza gehiegitan erabiltzen da: lana topatzeko behar da, titulu bat lortzeko behar da... Horrek sor lezake erreala ez den inposizio sentsazio bat».
Behin pausoa emanda, euskaltegiek egiten duten lana txalotu dute Ruedak eta Oterok. AEKn ikasi dute biek, eta «motibazioa» aipatu dute. Are, ikasteko prozesuan aurrera egin ahala izandako lorpenen balioa berretsi du Ruedak. Edonola ere, euskaltegian ikastetik kalean hitz egitera «klik handi bat» egin behar dela hausnartu du Oterok. «Hasieran, ume bat bezala sentitzen zara; elkarrizketak oso sinpleak dira, eta ezinezkoa da ezertan sakontzea». Ruedak gaineratu du hitz egiten hastea zaila egiten zaiola, inguruko guztien laguntza duela jakinda ere. «Esaldiak esan, eta segituan pentsatzen dut ea ondo esan ote dudan».
Eskertzen den ahalegina
Oterok nabarmendu du solaskideek jarrera ona izan ohi dutela. Euskal Herritik kanpo jaio izana mesedegarri ere gerta daitekeela hausnartu du: «Kanpotik etorritako norbait zaren heinean, oso ondo baloratzen dute euskaraz egiteko ahalegina; agian bertokoentzat ez da hain erraza, suposatzen delako jakin behar duzula». Jarrerak jarrera, ikasten ari ziren euskara baliatzeko ezohiko egitasmo bat abiarazi zuen Oterok euskaltegiko ikaskide batzuekin batera: Hala Bedi irratian Euskal Txarrak programa egitea. «Erakutsi nahi genuen hitz egitea posible zela, perfektu egin ez arren; komunikatzea genuen helburu».
Egungo egoera aztertuta, Ruedak antzematen du «akats» batzuk badaudela oraindik ere: derrigorrezko hezkuntzan gazte batzuk euskararekin harremanik ez izatea, esate baterako. Mint Karamek gaineratu du euskaraz ikasten jarraitzeko zailtasunak daudela. Lanbide Heziketako ziklo batean dago, eta bera da gelako euskaldun bakarra. «Ez dit inporta euskaraz niri baino ez egiteak, baina beste ikasleei gehiago eska dakieke». Egoera hori beste testuinguruetara zabaltzen dela ohartarazi du. Horregatik, besteekin euskaraz harremanak izateko espazioen beharra aldarrikatu du: Goian egitasmoa, adibidez.
Bihar: Euskararen erabilera jaisten ari den udalerriak.
Migratzaileak eta Euskaraldia