astekaria 2018/11/30
arrowItzuli

kultura

ITZALAREN NEURRIAZ

Amagoia Gurrutxaga Uranga

ITZALAREN NEURRIAZ

Lehen jokaldia: ama-alabak etxeko sukaldean; irratitik, kantuan ari da Mikel Laboa (Donostia, 1934 - 2008). «Ez nuen ezagutzen, baina familiakoa sentitu nuen». Bigarren jokaldia: Laboaren ahotsean Joseba Sarrionandiari ezagututako lehen poemak. «Hala, Sarri ere familiako bihurtu zitzaidan». Hirugarren jokaldia: 16-17 urterekin Gernikako frontoira egindako txangoa, eta Komunikazio-Inkomunikazio zuzenean ikustea, oholtzako mutur batean ezarritako mikrofonoan ingelesez, eta beste muturrekora jauzitxo bat eginez pasatzea, mexikanoz egitera. «Hantxe sentitu nuen lehenengo aldiz bizitzan gauza oso abstraktuak, arraroak, pertsonalak egiteko nahia. Sentitzen zuena egiteko zeukan askatasun hori maite diot bereziki. Eta antzerkia ikasten hasi nintzenean, Eugene Ionesco, Samuel Beckett eta beste ezagutu nituenean, Laboa hantxe ikusi nuen». Mireia Gabilondo (Bergara, Gipuzkoa, 1964) aktore eta zuzendariaren Laboari buruzko oroitzapen batzuk. Ez bakarrak.

Artista gertutik ezagutzeko eta berarekin lan egiteko parada izan zuelako gerora Gabilondok. Komunikazioa-Inkomunikazioa (Kukai/Tanttaka, 2012) lanean erabili zituen oroitzapenon arrasto zenbait. Are gehiago, Zazpi aldiz elur, Mikel Laboa elurretan (2014, Tanttaka) antzezlanean. Ikusgarriok prestatu zituenerako, hila zen Laboa. Bizirik dago bere barruan, hala ere, nabarmendu duenez: «Gaur egun ere, askotan, zerbait sortzen ari naizenean, Mikelen musika entzuten dut, sortzeko askatasuna sentiarazten didalako». Inposturarik gabeko, anekdotaz betetako eta gauza txikiak maite zituen pertsona gisa dauka gogoan. «Emankortasuna zeukan. Norbaitekin gustura sentitzen bazen, festa handi bat izaten zen. Benetakoa zen».

Benetakotasuna. Hortxe hitz gakoa 1984tik hil artean Laboak lankide eta lagun izan zuen Iñaki Salvadorrentzat (Donostia, 1962) ere. «Nire memorian, Mikel artista eta Mikel pertsona banaezinak dira. Oso integroa zen, eta oholtzara igotzeagatik ez zion uzten oholtzatik kanpo zena izateari. Benetakoa zen. Haren musikan sakontasun handia dago, eta espiritualtasuna, eta umorea, eta ironia, eta, noski, hizkuntza eta herri batekiko maitasuna. Oso konprometitua zen, baina, aldi berean, oso dibertigarria. Eta lotsatia. Niri horiek denak nahasten zaizkit harekin akordatzen naizenean, eta denen falta nabaritzen dut».

Laboaren herabetasuna sortzailearen ertz bat zela nabarmendu du Josu Larrinagak ere (Sodupe, Bizkaia, 1964); eta ausardia eta intuizioa ere bazituela erantsi: «Mikelen alargun Marisol Bastidaren biografia ederrean gizon nahiko zaurgarria, herabea agertzen da, eta zuzenean ikusi genuenok ere halaxe ikusi genuen, hitz egin behar zuenean gorriak ikusten. Baina, aldi berean, gauza apurtzaileak egiteko ausardia hori zeukan; eta horretarako bilatu behar ziren zirrikituak aurkitzeko, uste dut intuizioa ere bazuela».

Intuizioa, esaterako, musikariak, testuak, lankideak aukeratzeko; atseden hartu, eta besteren lanei erreparatzeko. Eta ausardia, gauza berriei ekiteko. «1980ko hamarkadan Euskal Herrian musika panorama aldatzen ari zenean, esaterako, rockarekin, Mikel eta Ez Dok Amairuko gainerakoak apurtxo bat geldituta zeuden, eta lehenengoetakoa izan zen hura berriro ere grabatzen eta jotzen, eta asmatu zuen garai berriekin ere konektatzen», azaldu du Euskal musika kosmikoak (Baga-Biga, 2016) liburuaren egileak.

Kontzertuak emateari, Iñaki Salvadorren memorian, «bai sormen arrazoiengatik, bai inguruan sumatzen zuen zarata politiko eta sozialagatik» utzi zion Laboak, 1978an. «Zarata guztiaren gainetik, berak sortu egin nahi zuen. Jarrera horri esker, bere lanak hamaika irakurketa izan ditzake oraindik ere, ez dira itxiak».

Interpretazio desberdin guztien gainetik, hala ere, badira konstante batzuk Laboaren lanean. Larrinagaren ustez: «Jende askoren ametsetan eta gogoan iltzatu diren kantak sortu zituen hark, konektatu zuelako momentuan zegoen giro batekin eta eternal bilakatu direlako». Ez Dok Amairuko «hiru L-ak» -Laboa, Lertxundi eta Lete- Euskal Herriko santu zibil bihurtuak direla erantsi du ikerlariak: «Gure gizarteko esparru oso zabalek onartzen dute haiek egin zutena. Eta egia da gaur egun gauza asko aldatu direla haiek hasi zirenetik, baina Euskal Herria zer den eta euskaldunok zer eta nortzuk garen garai hartan birdefinitzen hasi ziren, eta definizio horietan gaude kokatuta oraindik ere. Orduko marko kognitibo asko gureak dira, eta oso presente daude».

Eta presentzia horretan, Laboak baditu ezaugarri propioak. Alaitz Aizpuruk (Azpeitia, Gipuzkoa, 1983) Laboaren begiak liburuska aurkeztu berrian honela idatzi du: «Hautu moral bat, ahozkotasun eta mintzamenerako sentsibilitate berezia eta barne askatasun estetikoa, 60ko hamarkadan desagertzear den euskara eta gotortuta gelditzen ari den euskal kulturaren aldeko jarrera eta apustu pertsonal batean egikarituko dira Laboarengan». Eta egikaritze horretan, ahozkotasunak du zentraltasuna.

«Laboak performatu egiten zuen zuzenekoetan. Bestelakoa zen erabat, kantari garaikideen aldean», Josu Larrinagaren hitzetan. Auritz Aurtenetxe (Bilbo, 1978) musika irakaslea bestelakotasun horrek liluratu du, neurri handi batean. Mikel Laboa eta kantagintza ari da ikertzen, Euskal Herriko zein kanpoko eraginak kontuan hartuz, Baga-Biga-Higa (Ez Dok Amairurekin, 1969) eta Ikimilikiliklik (Artze anaiekin, 1972) ikusgarriekin lotuta. «Nire ustez, sentikari eta garai horietan daude Laboaren kantagintza guztiaren oinarriak. Egin zutenean, Baga-Biga-Higa bezalakorik ez zen ezagutzen hemen. Guztizko artearen kontzepzioa zeukan, eta Laboaren lanetan ere bada guztizko artearen ideia». Xehetasun txikiena ere zaintzen zuen Laboak. Eta berritzailea «denean» izan zen, ez Lekeitioetako bide esperimentalean bakarrik. «Kanta tradizionala lantzerakoan ere, berritzailea izan zen».

Iñaki Salvador bat dator Aurtenetxerekin, Laboaren hainbat esparru oraindik ere ulertzeko daudela esatean. «Txoria txori, Izarren hautsa eta beste hainbat kantu mitiko sortu zituenez, uste dut kantu horiek itzal egin diotela Mikelen obraren beste parte batzuei. Lekeitioei buruz ari naiz, bereziki», dio Salvadorrek. «Gaur egun Lekeitioak baloratzen ditugu, aurrerapauso direlako, baina ez dakit benetan jabetzen ote garen hitzekin-eta egiten duen jolasaz eta bestez. Laboaren unibertsoa ulertzeko, badago zeregina», Aurtenetxek.

Gazteen Laboa

Mikel Laboak sortzaile eta entzule gazteagoekin lortu zuen konexioa. Laboaren itzala ez urritu izanaren arrazoietako bat horixe. «Laboaren kantek bizirik diraute, erabiltzen segitzen dugun heinean. Horren adibiderik argiena Txoria txori da. Eta horretan lagundu dute, zalantzarik gabe, talde ezberdinek Laboaren kantei egindako bertsio eta ekarpen propioek», Aurtenetxeren aburuz. Xabier Montoiak bultzatutako Txerokee (1990, Elkar) eta Txinaurriak (Bidehuts, 2010) bertsio diskoak mugarri izan dira horretan. «Omenaldia dira diskook, baina baita Laboaren kantei musikaltasun berriak emateko eta entzule gazteagoetara helarazteko bide ere, gizartearen momentu bakoitzaren egoerara egokituta. Bada continuum bat». Eta continuum horretan, diskoak ez dira izan transmisio bide bakarrak: «Ahoz aho ere transmititu dira Laboaren kantak. Horri esker bizi da. Gugan bizi da».

Akauzazte, Amorante, Anari, Bas(h)oan, Inoren Ero Ni, Ibon RG, Xabier Montoia, Mursego... aipatu ditu Josu Larrinagak Laboaren eraginaz galdetutakoan. «Horiek denengan handia da Laboaren itzala. Eta Laboaren hiru ildoak, poetak musikatzearena, kantu tradizionalak gaurkotzearena eta esperimentatzearena, oso presente daude egungo euskal musikagintzan».

Iñaki Salvadorrek Laboa errepikaezintasuna azpimarratu du. «Arrastoa utzi du ia guztiongan. Egin beharreko bidea egiteko, benetakotasuna bilatzeko nahi hori, hortxe dago. Eredu bat utzi digu, jarduteko era bat. Eta, batez ere, bere kantuak utzi dizkigu».

BERRIAn argitaratua (2018/11/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA