astekaria 2018/11/30
arrowItzuli

mundua

VICTORIA SANDINO

«Gobernuak ez du motiborik ezer ospatzeko; eta guk ere… askorik ez»

Jon Artano Izeta

«Gobernuak ez du motiborik ezer ospatzeko; eta guk ere… askorik ez»

«Aixx...». Hasperen luzea egin du Kongresuan daramatzan estreinako lau hilabeteez galdetuta. Lau ordu inguru baino ez omen ditu egiten lo. «Lan handia», baina eutsiko dio larre motzean hazitakoa da-eta Victoria Sandino (Tierralta, Kolonbia, 1965). Gerrak behin eta berriz kolpatutako familia pobre batean sortu zen, nerabetan hasi zen Gaztedi Komunistetan, eta 1992an sartu zen FARCen Kolonbiako Indar Armatu Iraultzailean. Gerrillari garaian lan politikoa egin zuen gehienbat, Habanako negoziazio mahaian eseri zen emakume apurretako bat izan zen, eta Legebiltzarrean ari da egun FARC Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailearekin: «Eskuin muturreko hiruzpalau ordezkari irainka hasten zaizkigu telebista kamerak pizten dituztenean; dena den, gehienekin hartu-emana gozatu da». Alvaro Uriberekin —Kolonbiako presidente ohia eta eskuin muturreko liderra— aritzea egokitu zaio batzorde batean. «Ez gara kafea hartzera kontu kontari joango, baina errespetuz hartu dugu elkar».

Kazetaria zara ikasketaz. Zein titulu jarriko zenioke urteurrenari?

Bada esperantzarik oraindik. Hori alde baikorra nabarmendu nahiko balitz. Aldiz... bizi izaten ari garena laburbildu beharko banu, Latza doa jarriko nuke.

Zerk sortzen dizu da kezkarik handiena?

Hainbat kontu… Estatua ez da ari gerra sortu zuten arazoak konpontzeko lanean, baztertuta dauden eskualdeetan ez dute akordioaren onurarik ikusi ere egin. Bestalde, Bakerako Justizia Berezia boikotatzen ari dira. Sistema horren bidez, gerran aritutako alde guztiek beren egia kontatzeko konpromisoa adostu genuen. Guk hasieratik onartu dugu biktimekiko erantzukizun hori, baina orain uribismoak estatuko indar armatuentzat aparteko epaimahaia sortu nahi du. Estradizioari atea ireki diote. Gure 76 kide eta hogei senide erail dituzte...

Zure kide batek esan digu: «Guk estatua borrokatzen genuen, baina ez genuen ezagutzen. Orain ari gara horretan».

Ikasketa prozesuan ari gara. Eta harrigarriena izan da deskubritzea kongresukide askori gizarte arazoak ez zaizkiela axola. Bake prozesua ere ez zaie inporta, esan gabe doa, baina gehiago erasan nau haren boto emaileen arazoekiko ezaxolak. Oligarkiaren jarreraren berri bagenuen, baina gauza bat da horiek irudikatzea, eta bestea, elkarren aldamenean aritzea.

FARCeko buruzagioi egiten dizueten kritika da oinarrizko militanteekin hartu-emana galdua duzuela… Zu joaten al zara gerrillari ohiak dauden gizarteratze herrixketara?

Aldi oro joaten naiz. Astelehenetik ostegunera Kongresuan buru-belarri, eta asteburuero lur eremuetara.

Gerrillari ohiak dauden gune gutxi batzuetan proiektuak loratzen ari dira, eta ilusioa sumatzen da; gehienak, ordea, jendez erdi hustuta daude, etsipenak hartuta…

Denoi gertatzen zaigu hori... Lur eremuetan dauden kideek eta hemen gaudenok berdin sentitzen dugu. Baikortasunetik begiratu nahi izanez gero bada itxaropenik, batik bat ez diegulako geure helburuei uko egin. Baina begi bistakoa da zailtasun itzelak ditugula, eta horrek frustrazioa sortzen du. Neuri ere sortzen dit! Hitzemandakoa bete dezaten lortu ez dugulako. Dena den, ez zait bidezkoa iruditzen FARCekoon artean elite-oinarria bereizketa egitea. Kongresuan gauden guztiok kideek aukeratu gintuzten. Nire bizi helburua ez da hemen betikotzea, ezta hurrik eman ere!

Akordioak Egiaztatzeko Batzordean hiru zineten FARCen ordezkari, eta beste biak orain ez daude. Jesus Santrich espetxean sartu dute…

Atzo izan nintzen kartzelan, Jesus bisitatzen —New York-eko epaile batek narkotrafiko delitu bat egozten dio, eta bera estraditatu edo ez ari da ebazten Kolonbiako justizia—. Jo eta ke ari gara, lan juridikoa eta politikoa eginaz haren aurkako salaketa azpijokoa dela ikusarazteko. Bera irmo dago; horregatik iraun zuen 40 egunez gose greban. Ez du utziko estradita dezaten.

Hirukotea Ivan Marquezek osatzen zuen. FARCen zuzendaritzako kidea da, eta Kongresuan behar luke zuekin batera, baina ezkutatu egin da, beste hainbat buruzagi bezala… Dagoen lekutik ezagutarazi duten azken gutunean Santrichen estradizioa bake prozesuaren behin betiko porrota litzatekeela esan du. Zer irizten diozu?

Atzera-bueltarik ez lukeenik ez dut esango, baina kolpe izugarria litzateke. Traizioa bai akordioari, bai gure militantziari. Ez dugu bakea sinatu buruzagiek kartzela gringo batean amai dezaten. Gu ez ginen errenditu, eta hori denek argi izan behar dute.

Kevin Whitaker AEBen enbaxadoreak Habanako akordioa deformatzeko egiten duen presioa ere salatu du Marquezek.

Eta arrazoi du horretan, AEBek ez dute etsi nahi Santrich estraditarazi arte.

Eta zer deritzozu Marquez eta FARCeko beste buruzagi zenbaitek ezkutatzeko hartutako erabakiari?

Bake prozesuak daraman sigi-sagaren ondorio da. Estatuak emandako hitza bete izan balu, ez zuketen inola ere alde egingo. Marquez arriskuan dago, haren iloba nahastu baitute Santrichen auzian. Ez gara inozoak, denok dugu urte askotako eskarmentua gerrillan, eta Marquez zegoen gizarteratze gunearen jiran estatuko indarrek egindako mugimenduek ez zuten ezer onik iragartzen. Horregatik ezkutatu zen. Ez dute lider jakinen bat jokoz kanpo utzi nahi, alderdia kolpatu nahi dute. Errezelo txarra dute askok, hurrena haren aurka joko ote duten beldurra…

Gerra garaian, FARCeko propaganda taldean aritu zinen, aldizkariak eta ikus-entzunezkoak sortzen… Ez al da irudiaren alor hori, hain justu, malkarrena egiten ari zaizuena gaur egun?

Gerra ez da tiroka bakarrik egiten. Botereak eskura dituen bitarteko guztiez, eta gezurra erabiliz, prestigioa kendu digu. 60 urtean gaiztoak izan gara, gaitz ororen kulpanteak. Estigma hori ezin da goizetik gauera kendu.

Zer iritzi duzu Ivan Duque presidenteaz?

Gaitza izango da datorrena... Bakearen kontra egin zutenek boterea eskuratu dute; Kongresuaz gain, fiskaltza ere kontrolpean dute. Baina Duquek ere gaitza izango du, Kolonbia aldatu egin baita. Gure herriaren historian inoiz gertatu gabekoa ikusi dugu hauteskundeetan: hautagai alternatibo batek [Gustavo Petro ezkertiarra] zortzi milioi boto lortu zituen, bi milioi pasatxo baino ez zizkion atera Duquek. Oligarkia, lehenengoz, izutu zen. Eraldaketa horrek ematen digu esperantza, Kolonbia ez da lehengoa.

Duela bi urte BERRIAN argitaratutako elkarrizketan zeuk esana: «Kolonbia ez dago prestatuta guk, geure erakundean, emakume ahaldundu gisa irabazi ditugun eskubideak bermatzeko». Hortaz, gizartea ez dago prest… eta FARC prest dago? Hamar legebiltzarkide aukeratu zenituzten, eta bi bakarrik emakumeak…

Ari gara aurreratzen, baina zaila da. Nondik gatozen egin kontu… Iraultzaileak zein faxistak, munduko armada guztiak patriarkalak dira. Aginte-obedientzia ardatza dute oinarrian, eta agintean, ia beti, gizonezkoak daude… Gurea ere armada patriarkala izan da, eta matxista, dudarik gabe. Dena den, eta, zuzendaritzako organo gorenetan emakumerik ez bazegoen ere, bagenituen; gutxienez, barne arau batzuk emakumeon babeserako.

BERRIAn argitaratua (2018/11/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA