astekaria 2018/11/30
arrowItzuli

gizartea

Erasotzailea militantziako kide bat denean

Maite Asensio Lozano

Erasotzailea militantziako kide bat denean

Bestelako mundu batekin amesten zuten dozenaka eragile sozial eta ehunka pertsona bildu zituen 2005ean Porto Alegren (Brasil) egindako Munduko V. Gizarte Foroak. Bost egun haietan, 90 bortxaketa salatu zituzten foroan parte hartzen ari ziren emakumeek. Erasook gaitzesteko eta biktimei babesa adierazteko, elkarretaratzeak egin zituzten andreek, baita manifestazio handi bat ere. Baina gizarte mugimenduen komunitateak ez zituen babestu; are, gizonek beste martxa bat antolatu zuten, eta batzuk biluzik atera ziren, Sexu askatasuna lelopean. Isilpean gorde zituzten salaketa haiek: ez zituzten sartu foroaren dokumentazio ofizialean, eta hedabideek ere ez zituzten aipatu.

Hamahiru urte igaro dira gizarte mugimenduen barruko indarkeria matxista lehen aldiz argitara atera zenetik, baina oraindik ikusezinak dira emakumeek militantzia eremuetan jasaten dituzten erasoak. Eta ez dira txikikeria bat. Irailean, Zubietan (Gipuzkoa) Iraultza Txikien Akanpadan landu zuten gaia, eta urte askotan isilpean izan den errealitate bat azaleratu zen: dimentsio handiko arazo bat da kolektibo sozialetan.

«Kasu asko egon dira azken urteetan. Asko», berretsi dute Haizea Nuñezek, Miren Guillok eta Saioa Iraolak. Bilgune Feministaren izenean mintzatu dira, talde hori arduratu baita azken urteetan salatutako erasoetako asko kudeatzeaz. Nabarmendu dute prozesu «oso konplexuak» direla eta «neke emozional» handia dakartela. Izan ere, abiapuntuan bertan hasten dira oztopoak: erasoak identifikatzeko ez ezik, kolektiboen barruan bortizkeria matxista dagoela onartzeko ere zailtasun handiak daude.

«Komunitate aktibistetatik kanpo eta barruan gertatzen diren indarkeriak berberak dira; jokalekua aldatzen da», azaldu du Tania Martinez Portugalek. Auzia ikertzen ari da: GKEetan, ezkerreko alderdi politikoetan, autogestio mugimenduan, edota talde antirrazista eta antimilitaristetan parte hartu duten andreen ahotsen bidez, militantzia eremuko bortizkeriari buruzko hainbat azterlan egin ditu. Iruditerian kokatu du identifikaziorako lehen zailtasuna: «Ideal eraldatzaile komun baten alde borroka egiten da kolektiboetan; pentsatzen da bortizkeria matxista eremu horretatik kanpo gertatzen dela. Gainera, komunitate aktibisten diskurtsoa feminismoaren aldekoa izaten da. Jokaleku perbertsoago bat dakar».

Gaztetxeetako botere harremanak ikertu ditu Pili Alvarez Molesek, eta herri mugimenduetakoak aztertzen dihardu egun, Joxemi Zumalabe Fundazioan. Bat etorri da Martinezen diagnostikoarekin: «Talde batzuk —gaztetxeak, ia beti— mehatxatuta daude, kanpoan dute etsaia: husteak, isunak, instituzioekiko konfrontazioa... Horrek talde kohesio oso indartsua eragiten du, konfiantzazko harremanak garatzea. Horregatik dira ezusteko handiak halako erasoak: konfiantza osoko norbaitek egin dituelako».

Halere, antzeman du gizartean indarkeria matxistaren inguruan dauden aurreiritziek pisua dutela kolektiboetan ere. Adibidez, erasotzaileen eta biktimen inguruko estereotipoek: «Militante perfektua, aktibista konprometitua, ezin da erasotzaile bat izan; eta emakume aktibista batek ezin du eraso bat jasan, are gutxiago feminista bada. Mito horiek oso arriskutsuak dira».

«Zama handia dauka egun matxista izateak. Nor identifikatuko da erasotzaile gisa irudikatzen diguten munstroarekin?», gaineratu du Jabi Arakamak. Iruñeko Auzoenea zentro komunitarioko Gizonenea taldeko kidea da, eta erasoak egindako gizonekin jardun izan da maskulinitateaz hausnartzen. «Halako espazioetan, historikoki, zapalkuntzen kontra egon gara, gu ginelako zapalduak. Oso zaila da zapaltzailearekin identifikatzea, eta onartzea jendarte honen parte garen heinean berdin sozializatu garela jarrera batzuetan». Emakumeentzat ere haustura handia dakar, Haizea Nuñezen arabera: «Sentitzen dute kolektibo horretan babesgune bat dutela, eta bat-batean konturatzen dira ez dela horrela: espazio segururik gabe geratzen dira, konfiantza izateko gaitasuna hautsi egiten zaie askotan, euren balioak ere kolokan geratzen dira, eta berrasmatu behar dituzte konfiantza egiteko manerak, pentsatu zeintzuk diren benetako lagunak...».

Ez diete sinesten

Sentipen horrek okerrera egin dezake erasoa zalantzan jartzen denean. Eta sarri gertatzen da hori, Martinezek esan duenez: «Nik ezagutu eta ikertu ditudan kasuetan, ez diete sinetsi». Alvarezek gaineratu du beste bortxa salaketetan ez dela halakorik gertatzen: «Militante batek torturak edo polizia abusuak pairatzen dituenean, sinesten diote, babesten dute; ez dago inolako zalantzarik, kuestionamendurik, zurrumurrurik... eta eraso matxistekin, bai». Emakumeen sinesgarritasunean eragina duen faktore bat aipatu du Saioa Iraolak: «Erasoa egin duena nor den, eta erasoa jasan duena nor den. Kolektiboaren barruan zer estatus duen bakoitzak».

Hortaz, erasoa taldean salatu eta gero etorriko den erantzuna erasotzailearen jarreraren araberakoa izaten da maiz: erasoa ukatzen duenean gaiztotzen da auzia. «Prozesu kolektibo bat martxan jartzeko, lehenik onarpen bat egon behar da; bestela, zaila da lan egitea», adierazi du Miren Guillok. Iraolak zehaztu du egoera horietan babes taldeak lortzen dituztela erasotzaileek: «Gizonen arteko konplizitateak eta korridoreetako giroak garrantzi handia dute, eta hori oso lotuta dago gure kultura politikoarekin: hemen gauza asko erabakitzen dira asanbladatik kanpo, konplizitate horietan oinarrituta».

Orduan hasten dira bi bertsioen arteko gerrak: zurrumurruak, emakumeari behin eta berriro eskatzea kontakizuna errepikatzeko, xehetasunei berebiziko garrantzia ematea... Gizarteko beste esparru batzuetan gertatzen den bezala, salatzailea epaitzen dute. «Taldearen batasuna haustea ere leporatzen zaie emakumeei sarri. Gure kolektiboetan, erasotzailea kanpoan egon da beti, eta ez dugu garatu barne kritika egiteko kultura. Beraz, halako salaketak identitate kolektiboaren aurkako erasotzat hartzen dira», azaldu du Martinezek. Taldeak ardurarik ez hartzeko mekanismo eraginkorra da indarkeria despolitizatzea, haren hitzetan: «Bortizkeria sexista gure espazioetatik kanpo gertatzen den zerbait bada, errazagoa da gertatua ukatzea, edo txikitzea, edo afera pertsonaltzat hartzea, bi pertsonaren arteko gatazkatzat. Azken batean, salaketa sinesteak esan nahi du kolektiboa mugitu behar dela, eta hori oso deserosoa da hainbatentzat».

Ondorioak larriak izan daitezke. Kolektiboa apurtzeko arriskua izaten da, baina, batik bat, erasoa salatzen duten andreek jasotzen dute inpakturik handiena, alde egiteraino. Martinez: «Taldeak eraso eginda sentitzen dira emakumeak, eta erabakitzen dute babestuta sentitzen ez diren espazio batetik aldentzea». Alvarez: «Bandoak sortzen direnean, pazientzia edo indar txikien duenak alde egin behar izaten du; oro har, emakumeak: gehienek ez dute taldean jarraitzen, kuestionatuta ez sentitzeko, deseroso ez egoteko, jendeak haietaz ez hitz egiteko... Gizonek inpunitate handia dute oraindik gure kolektiboetan».

Aurrez lantzea

Baina halako prozesuak ez dira beti okertzen. Kasu batzuetan, salaketari sinesgarritasuna eman diote taldeek, eta erasotzaileak ere onartu du desegoki jardun izana. Alvarezek argi du hasierako urrats horietan pisu handia duela aurrez egindako lanak: «Lehenago ez bada ezer egin, ia-ia seguru zalantzan jarriko da erasoa, eta oso gutxik babestuko dute emakumea. Aurretiazko lanketak ez du prozesua salbatuko, baina gutxieneko kontzientzia bat ekarriko du: taldekideek indarkeriaren logikaren berri izango dute, jakingo dute emakumeek ez dituztela erasoak asmatzen, eta, gainera, jarraibide batzuk izango dituzte erabakiak hartzeko, ez inprobisatzeko».

Kasu horietan, kolektiboan lan egiteko aukera zabaltzen da. Guillok nabarmendu du talde ikuspegi hori oso garrantzitsua dela: «Gure abiapuntua da erasoa jasan duenak zer behar dituen, berrosatzeari begira: entzuna izatea, sinesten dugula sentitzea... Baina, gure ustez, prozesuaren funtsa ez da soilik erasoa pairatu duenarekin eta erasotzailearekin zerbait egitea, baizik eta talde prozesu bat abiatzea, komunitatearena. Izan ere, halako erasoak gertatzen direnean, komunitatean haustura bat gertatzen da: komunitateak ere badauka hori gertatzea ahalbidetu duen testuinguruaren ardura nolabait, eta osatu ere komunitatea osatu behar da».

Ikuspegi hori, gainera, bat dator kolektibo sozial askok eta mugimendu feministak oinarrian duten kezka batekin: justizia sistemak indarrean duen zigor mekanismoen egokitasuna. Epaitegietara jotzeko aukera dute andreek, baina bestelako justizia molde bat lantzen ari dira eragileak. Nuñez: «Zigor sistemaren inguruan falazia handi bat dago. Erantzukizunak indibidualak dira: delitu egileak dauka arazoa, eta pertsona hori gizartetik ateraz eta zulo batean sartuz konpontzen dugu. Baina kartzelak behin eta berriro demostratu du ez duela ezer konpontzen». Premisa horretatik abiatuta egin ditu ondorengo galderak: «Jarraituko dugu paradigma neoliberal honetan, zeinean erasotzailea deabru bat den eta biktima estatuak salbatuko duen? Ikuspegia baldin bada komunitateak izan duela zauri bat eta emakume bati erreparazioa zor zaiola, zigor batek hori konponduko du?».

Praktikan, ordea, jarrera zigortzaileak agertzen dituzte taldeek: erasotzaileak seinalatzera jotzen dute. Jabi Arakamak azaldu du alde handia dagoela emakumeen eta gizonen erantzunen artean: «Emakumeek berehala esaten dute indarkeria egiturazkoa dela, talde gisa erantzun behar dela, eta proposatzen dute emakumeen talde bat osatzea gaia lantzeko. Gizonekin oso gutxitan gertatzen da: kostatzen zaie onartzea auzi estruktural bat dela; errua erasotzaileari botatzen diote, eta haren kontrako neurri gogorrak eskatzen dituzte, baina ez dira prest agertzen norbere jarrera sexistak auzitan jartzeko».

Gizonek ardura kolektiboa onartu nahi ez izatearekin lotu du hori Nuñezek: «Oso adierazgarria da erasotzailea bestea dela argi uzteko joera hori, eta oso arriskutsua. Denok ditugu jarrera matxistak, arrazistak eta abar; ez onartzea sistemaren barruan gaudela eta halakoak erreproduzitzen ditugula iruditzen zait ariketa faltsua eta zuritzailea».

Betoa, aldi baterako

Zigor sistema alboratu arren, erasotzaileekin neurri batzuk hartu ohi dituzte kolektiboek. Oro har, betoak ezartzen dizkiete, hau da, gune batzuetan parte hartzea debekatzen diete, batik bat erasoa jasandako andrearekin topo egin ez dezan. «Emakumeak bere inguru militantean lasai jarraitzeko baldintza bat da», zehaztu du Nuñezek. «Beto hori ez da behin betikoa izaten, asmoa gizarteratzea baita; hor dago gizonaren borondatea eta konpromisoa», erantsi du Arakamak. Berme horiekin jardun arren, «heriotza sozialaren» arriskuaz ohartarazi du: «Batzuetan, kolektiboek ematen ahal ditugun erantzunak auzitegi batenak baino gogorragoak izan daitezke: lagunak eta sozializazio espazioak galtzeak oso eragin handia du erasotzaileen bizitzetan».

Eta betoak irauten duen bitartean, zer lan egiten dute gizonek? Arakama egoten da haien alboan. Azaldu du bere funtzioa ez dela terapia egitea; gehienez ere aholku ematen die arreta psikologikoa bilatu nahi dutenei. Egiteko politikoagoa du: «Maskulinitateen inguruko trebakuntza ematen diet. Bakoitzaren problematikan zentratzen naiz, baina gizontasunaren ezaugarriak aztertzen ditugu: arlo femeninoaren desbalorizazioa, maitasun eredu erromantikoa, emozioen kudeaketa, homofobia, boterearen erabilera...». Lan konplexua dela berretsi du: «Benetan kostatzen da pribilegioez ohartzea. Beldurrik ezaz edo espazio publikoaren okupazioaz erraz konturatzen dira, baina hortik aurrera zailagoa da, baita borondate ona dutenei ere».

Lan sakona egin behar da. «Inoiz amaitzen ez dena», zehaztu duenez. «Baina amaiera egun bat jarri behar zaio; denontzat ona da jakitea bukaera bat egongo dela. Noiz? Modu positibo batean landu ditugunean buruan dauzkagun gai guztiak». Bi urte inguruko prozesuak izaten direla argitu du. «Baina ez da gauza bera astero edo hilabetean behin biltzea. Kontuan izan behar da hau ez dugula egiten modu profesional batean: gure militantziaren parte bat da».

Kezka hori bera dute Bilgune Feministakoek: «Esku hartze zehatzez gain, aholkularitza ere eskatzen digute, baina ohartu gara une batzuetan bitartekari lana ere egiten ari ginela, horretarako formakuntzarik eduki gabe». Guillok aitortu du haientzat ere ikasketa prozesu bat izan dela kasuok kudeatzea: «Probatu eta ikusi, probatu eta ikusi ibili gara, eta tartean, hutsuneak ere identifikatu ditugu: hartu edo bultzatu ditugun hainbat erabakirekin ez gaude gustura, egiten joan garen gogoetetatik aztertuz gero. Beraz, ikasketa prozesua ez dago itxita».

Egituren beharra

Azken urteetako dinamiken balorazioa egitean, hala ere, esparru guztietan antzeman dituzte hobetu beharreko kontuak. Iraolak nabarmendu du prozesu kolektiboak aurrera ateratzeko traba handiak daudela talde gehienetan: «Egungo mugarik handienetako bat da askotan ez dagoela prozesua kudeatuko duen talde edo egitura bat: pertsona bakarraren esku geratzen da». Horrek dakar prozesurik ez egitea: «Kudeaketa lotzen da momentuan hainbat erabaki eta neurri hartzearekin, eta ez jarraipen bat egitearekin. Neurri bat izan daiteke erasotzailea kanporatzea eremu militantetik, baina noiz arte? Neurri horrek jarraipen bat behar du, baina prozesurik ez badago, jarraipenean ere hutsuneak egongo dira».

Baldintza eskasetan eraman dituzte hainbat prozesu, eta horrek neke eta zama emozional handia ekarri die Bilgune Feministakoei. Erakundearen lanean ere eragin du: «Leku batzuetan gure talde feministen jarduna kolokan egon da, hain justu, gure erakundetik kanpo dauden eraso horiek kudeatzeak eskatu duen energia, denbora eta lana ikaragarria zelako. Gure agenda propioa ezin aurrera ateratzeraino».

Hortaz, galdera egin dute: nork kudeatu behar ditu militantzia eremuetan gertatzen diren eraso matxistak? Hausnarketa ireki nahi dute gizarte eragileen artean, kontuan izanda lan bolumen handia izango dela arloan. «Aurrerantzean, beharbada, kanpoko bidelaguntza bat beharko da horrelako prozesuetarako. Agian, diziplina askotako profesionalek osatutako taldeak beharko dira, eta horrek baliabideak inbertitzea eskatzen du. Ez dakigu nola, baina herri mugimenduak zerbait sortu behar luke».

Bat datoz eragile guztiak: kolektiboek garrantzi handiagoa eman behar diete barruko eraso eta jardun patriarkalei. Eta dimentsio politikoa eman behar diete. Gaur egun ez baitute ikuspegi hori orokortuta. Alvarez: «Konpromisoa hartu behar dute kolektiboek. Hau lan politiko bat da. Ez badugu lan hori egiten, erasoak legitimatzen arituko gara, eta erasotzaileei espazioa ematen». Martinez: «Talde mistoetan borroken hierarkizazio bat izan da beti, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ez da lehen lerroan egon. Kolektiboetan asko kostatzen da emakumeen kontrako indarkeria beste bortizkeria politikoen maila berean jartzea. Oso erraza da, eta oso konplexua, aldi berean: gakoa da indarkeria politizatzea».

BERRIAn argitaratua (2018/11/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA