astekaria 2018/11/30
arrowItzuli

gizartea

SORGIN EHIZA BERRIARI MOZORROA KENTZEN

Maite Asensio Lozano

SORGIN EHIZA BERRIARI MOZORROA KENTZEN

Gorakada adierazi dute kopuruek: urtetik urtera, sexu askatasunaren aurkako delitu gehiago salatzen dituzte emakumeek. 2018ko urtarriletik irailera, 703 erasoren berri eman zuten Hego Euskal Herrian, 2017ko epe berean baino %26 gehiago, Espainiako Barne Ministerioak emandako datuen arabera. Eguneko 2,5 salaketa. Bortxaketetan, handiagoa da igoera: 81 salaketa jaso zituzten poliziek iazko udazkenera arte, eta 114 aurten, hau da, %40,7 gehiago. «Ez dut uste indarkeria handitu denik, ezta txikitu ere; andreek indarkeriarekin dugun onarpena gutxitu da», ondorioztatu du Irantzu Varela aktibista feministak. «Emakumeak libre izango gara gure aurkako indarkeria mailarik txikiena ere gizartearentzat eta egiturentzat onartezina den egunean».

Pitzatzen hasia da sexu indarkeriaren inguruan izan den isiltasun maskorra: umiliatzeei, gehiegikeriei, erasoei izenak eta bizipenak jartzen hasi zaizkie milaka emakume, kolektiboki, eta mundu osoan. Hollywoodetik iritsi zen garrasia, orain dela urtebete pasatxo: gizonezko lankideek erabilitako bortizkeria sexualaz mintzatzen hasi ziren emakumezko aktore zenbait, #MeToo (nik ere bai) traolaren pean. Interneteko sare sozialek salaketa haien oihartzuna zabaldu zuten, eta tokian tokiko mugimenduak sortu ziren: umetan jasandako erasoak, eguneroko abusuak, bortxaketak eta jazarpen egoerak kontatu zituzten ehunka andrek lehen aldiz.

Euskal Herrian ere aspaldi hasi zen mugimendu feminista bortizkeria matxista molde hori agerian uzten, jai eremuan batik bat. Hain justu, Feministok Prest plataformak 2016ko apirilean Gasteizen egindako manifestazio nazionalaren ardatzetako bat izan zen sexu indarkeria. Baina urte askotan pilatutako tentsioa aurten lehertu da; apirilean lehenik, 2016ko sanferminetan emakume bati eraso zioten bost gizonen aurkako akusazioa abusura mugatu zutenean, eta ekainean gero, bostak aske utzi zituztenean. Nik sinesten dizut lelopean, protesta jendetsuak izan ziren hainbat egunez, andreen hitzak eta bizipenak errespetatzeko exijitzeko.

Jokaleku aldaketa bat ekarri al dute mobilizazio horiek? Indarkeria matxistari buruzko eztabaidan, azken hamarkadan bikote barruko tratu txarrek jaso dute arreta handien, baina orain pisua hartzen ari da sexu indarkeriaren inguruko kezka. Dena den, foku aldaketa bat baino gehiago, ikuspegi zabaltze bat gertatzen ari dela uste du Varelak: «Emakumeen aurkako indarkeria zer den kontzeptualizatzea lortzen ari gara, eta indarkeriatzat dugun horren eremua zabaltzen. Mozorroa kentzen ari gatzaizkio bortizkeria matxistari».

Gogora ekarri du indarkeria hori egiturazkoa dela: «Horrek esan nahi du egitura sozial guztiek legitimatzen, bultzatzen, ezkutatzen eta zigorgabe mantentzen dutela bortizkeria. Ondorio nagusia da emakumeen aurkako indarkeriak ikusezinak direla, eta naturalizatu egin direla. Aspaldi, senarrak jotzen bazintuen, hura ez zen bortizkeria, baizik eta zorte txarra. Mugimendu feministak lan politiko bat egin zuen hori indarkeriatzat hartzeko, eta, orain, gauza bera gertatzen ari da indarkeria sexualarekin». Eta mezua emakumeengana iristen ari da, salaketen igoerari erreparatuta: «Adin batetik gorako emakumeek normalizatuta daukagu ipurdia ukitu edo buztana arrima diezaguketela, baina, orain, gazteek erasotzat hartzen eta salatzen dituzte halakoak».

Bat dator Nerea Barjola politologo feminista: «Feminismoak etengabe jarri du agerian indarkeria sexual eta matxista, bai bikotekideek bai ezezagunek egindakoa, eta beti kokatu du egitura patriarkalaren barruan». Haren ustez, hedabideek eragin dute eztabaida lekualdatzea: «Kontakizun hegemonikoarekin lotuta dago: espazio gehiago du komunikabideetan». Baina ohartarazi du arriskutsua izan daitekeela sexu indarkeria bestelako bortizkeria matxistetatik banatuta aztertzea: «Indarkeria ez dago espazioen arabera zatikatuta: gorputz sozialaren parte da. Espazio publikoan zein pribatuan dago, eta modu koordinatu eta bateratuan dihardu. Bereizketa egiteak bere egiazko dimentsioaz ohartzea eragotz dezake».

Abisuak eta zigorrak

Erasoetatik harago doa bortizkeria sexuala. Ez dio soilik eragiten hura jasan duen emakumeari, baizik eta guztiei; eta ez soilik erasoaren unean, baizik eta gerora, modu iraunkorrean. Andreak diziplinatzeko erabiltzen dela nabarmendu dute bi adituek. Barjolak azaldu duenez, sexu indarkeriaren mehatxua ezinbestekoa da gaur egungo gizartean sistema patriarkalak irauteko. «Ordena sexuala mantentzen duen dominazio matxista tresna bat da: emakumeen askatasun indibiduala eta sexuala mugatzen saiatzen da. Andreak mendean hartu nahi ditu, etengabeko mehatxuaren bidez».

Varelak erantsi du «zentzagarria» dela sexu bortizkeria: «Sorgin ehiza esplikatzeko, inkisidoreek esaten zuten: 'Batzuk hil behar ditugu, denak hezteko'. Bada, indarkeria sexuala sorgin ehiza berria da: helburu du gainerako emakumeok ez desobeditzea». Hala, sexu erasoak eta bortxaketak zigor bat dira, Barjolaren hitzetan: «Espazio publikoan libreki ibiltzeagatik emakumeok ordaindu behar dugun prezioa dira, edo gure iritzia emateagatik; agindu eta arau patriarkalak urratzeagatik. Izu sexualaren mehatxuak lezio moduko abisuak bidaltzen dizkigu, jakin dezagun noraino hel gaitezkeen erasorik jasan nahi ez badugu».

Hori gertatu zen, hain justu, 1992an Alcasserren (Herrialde Katalanak) bortxatu, torturatu eta hildako hiru neska nerabeen kasuak izandako oihartzun mediatikoaren ondorioz: kazetarien jardunak muga etiko guztiak gainditu zituen,eta izu mezu bat zabaldu zuen, belaunaldi bat markatzeraino. Gai horren inguruan egin du tesia Barjolak, eta liburua argitaratu du berriki: Microfísica sexista del poder (Boterearen mikrofisika sexista). Eta kasu hura hartu du gogoan Varelak ere: «Eragin erradikala izan zuen garai hartan gazteak ginen emakumeongan: auto-stop egiteari utzi genion. Natural-natural egiten genuen, herri batetik bestera joateko, festetan... Baina alboratu genuen, mezu bat heldu zitzaigulako: neska onak etxean geratzen dira, ez dira auto batean sartzen gizonekin, laurdenkatuta amaitu dezaketelako».

Beldur da sanferminetako bortxaketak izan duen oihartzunak ez ote duen antzeko mezurik sortuko: «Parrandan ateratzen hasten ari diren emakume gazteei helarazi diete kontuz ibili behar dutela, horrelako zerbait gertatu ahal zaielako, eta, gainera, erasotzaileak kartzelatik aterako dituzte eta euren herrian txalotuko dituzte». Berriro ere, andrazkoak etxeko eremura itzularazteko joera. Ondorio berera iritsi da Barjola: «Izu sexualak emakumeoi gogorarazten digu zein den gure lekua gizarte matxista eta misogino honetan».

Mezu sotilagoak

Baina eraso lausoagoak ere badaude, identifikatzen eta politizatzen zailagoak: ukituak, komentarioak... Xede berbera dute, Varelak berretsi duenez: «Lan eremuan edo eztabaida eta konfrontazio politikorako espazio batean gizon batek proposamen desegoki bat egiten dizunean edo sexualizatzen zaituenean, politikoki zu desaktibatzen saiatzen ari da. Berdin gertatzen da kaleko jazarpenarekin: gizon batek 'guapa' esaten dizunean, ez du zu seduzitzeko asmorik, baizik eta demostratzekoa kalea harena dela, eta zure gorputzaren gaineko iritzia ere bai. Helburua da argi uztea nork agintzen duen».

«Subiranoak dira», gaineratu du Barjolak: «Indarkeria sexualaren bidez adierazten dituzte euren boterea eta pribilegioak. Gizonek ahal dutelako egiten diete eraso andreei, badakitelako erregimen politiko sexistaren zigorgabetasunak babesten dituela». Varelak nabarmendu du gizon guztiak ez direla bortxatzaileak, eta badirela beren maskulinitatea berraztertzen ari direnak. «Baina erantzun kolektibo bat eman behar lukete: patriarkatuaren aurkako mezu baten inguruan antolatu beharko lirateke».

Izan ere, emakumeen bizitzetan eragin handia du indarkeria sexualaren mehatxuak. Baina bikotekideek emandako tratu txarren inguruko mehatxua baino eraginkorragoa al da? Adituon ustez, ezezagun batek egindako erasoaren iruditeriarekin identifikatuta sentitzea errazagoa izan daiteke andreentzat. Barjola: «Agian, joera dugu gure burua babesteko arriskuen mapa propioa eginez, hau da, seguru sentitzen garen eta ez garen egoerak bereizten; eta horrek gure bikoteen segurtasun ideia faltsu bat ematen digu. Baina tresna feministen ondorioz, badakigu maitasun erromantikoaren sarea martxan jartzen denean halako egoera batera hel gaitezkeela». Varela: «Tratu txarren aurrean, emakume batzuek pentsa dezakete haiek hobeto hautatuko dutela bikotekidea, baina oker bat da: ez dituzte emakume tuntunak hiltzen; tratu txar emaileek normalak dirudite, jotzen hasten zaizkizun arte. Azken hogei urteetan, bikote heterosexualean hil dituzte Espainiako Estatuan bortxaz zendutako emakumeen %52; beraz, estatistiken arabera, auto-stop egitea baino nabarmen arriskutsuagoa dirudi bikote heterosexual batean egoteak».

Politika publikoetan, faltan

Halere, nabaria da identifikazio hori indarkeria matxistari buruzko estatistiketan: bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako bortxari lotuta daude salaketa gehienak. Sexu askatasunaren aurkako delituen kopuruetan gorakada nabarmena izan bada ere, bortizkeria sexualarekin lotutako salaketak gutxiengoa dira oraindik. Eta gutxi dira, jakina baita gehienez ere erasoen %20tan jartzen dutela biktimek salaketa. Hartara, aditu asko kexu agertu izan dira politika publikoetan indarkeria sexualaren alorrean dauden hutsuneekin: planifikaziorik ez, epaitegietan eta gizarte zerbitzuetan espezializaziorik ez, baliabiderik ez... «Eta ez hori bakarrik: zigor kodean delitu bakarra da zeinetan biktimak demostratu behar duen erasotzaileari aurre egin ziola», adierazi du Irantzu Varelak. «Erresistentziarik gabeko lapurretak, hortaz, zer dira, donazioak?».

2016ko sanferminetako bortxaketaren epaiak indartu egin du emakumeen sinesgarritasunaren inguruko eztabaida. Ipar Euskal Herrian, gainera, adingabeen eremura iritsi da, abuztuan Frantziako Senatuak onartutako arauaren haritik. Indarkeria sexual eta sexisten inguruko legeak biktimen arreta hobetzeko neurriak jaso ditu, eta eraso molde berriak hartu ditu aintzat —kaleko komentario sexistak, Interneteko jazarpena, baimenik gabeko grabazioak zabaltzea...—, baina kritika esanguratsu batek lanbrotu du: haur eta nerabeak ez babestea egotzi diote feministek, adingabeen «onespenik ezaren presuntzioa» kendu duelako. 15 urtetik beherakoek euren borondatearen kontra behartu zituztela frogatu behar ez izateko sortu zuten legelariek kontzeptu hori, baina eztabaida parlamentarioan erori egin zen.

Hain justu, auzi hori du erdigunean Unidos Podemos koalizioak Espainiako Kongresuan aurkeztu duen lege proposamenak: zigor kodeak sexu erasoen eta abusuen artean egiten duen bereizketa ezabatzea, eta baimendu gabeko sexu jardun oro erasotzat hartzea, indarkeriarik eta intimidaziorik izan dela frogatu beharrik gabe. Sexu erlazioak negoziatzeari buruzko eztabaida ireki du horrek, Varelaren iritziz: «Baimentzea gutxi iruditzen zait niri; harremanak adosteaz mintzatuko nintzateke. Horrek ez du esan nahi mahai batean eseri behar dugunik abokatu batekin, baizik eta hitz egin behar dugula».

Planteamendu hori jendaurrean adierazi duenean, ordea, erantzun bortitzak jasan ditu. Sexu heziketari buruz zer pentsatua eman dio: «Sare sozialetan, gizon batzuek esan izan didate harremanak baimentzeari buruz hitz egiteak libidoa jaisten diela; egin nahi dutena egiteko baimena jasotzearekin hori gertatzen bazaie, emakumeak bortxatzen aritu dira. Larrua jotzea negoziazio bihurtuko al den ere galdetu izan didate; bada, noski: larrua jotzea negoziazio bat da; bestela, bortxatzea da».

Hurrengo auzia, beldurra

Halako debateekin batera, baina, beste auzi bat hedatu da sexu bortizkeriaren gaineko kezka handitu ahala: izua. «Emakumeak beldurrean sozializatuta gaude, eta naturalizatu egin dugu», laburbildu du Varelak. Haren ustez, ildo horretan etorriko da mugimendu feministaren hurrengo aldarrikapen handia: «Gure bizitza pertsonal, emozional eta sexuala, gure aisialdia eta kontsumoak kudeatzen ditugu kontuan hartuta mehatxatuta gaudela. Gizarteak ezin du onartu biztanleriaren erdia beldurrez bizitzea».

Barjolak aitortu du ez duela oso gustuko beldurraz hitz egitea. «Beldurra hor dago: beldur gara, nahiz eta etengabe saiatzen garen kontrakoan. Gauzak elkarri kontatzean sor dezakegun beldurraren beldur ere bagara». Hori dela eta, ezinbestekotzat jo du bortizkeriari buruzko kontakizuna termino feministetan egitea: «Sexu indarkeriari buruz hitz egin egin behar dugu, problematizatu, baina testuinguruan jarriz. Izan ere, testuingururik gabe, aldarrikapen politikoak galdu egiten dira, eta asimilatu ezinezko terrore istorio bihurtzen da. Indarkeria sexualari buruzko esperientziak hari batek lotzen ditu: feminismoak; lotura hori gabe, kontakizunek statu quo sexuala erreproduzitu besterik ez dute egiten».

BERRIAn argitaratua (2018/11/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA