astekaria 2018/11/30
arrowItzuli

bizigiro

Ukuiluan erditutako negua

Izaro Zinkunegi Barandiaran

Ukuiluan erditutako negua

Ilaje luzea eta errape guri-guriak dituzte Lazkaomendiko (Lazkao, Gipuzkoa) Intzartzu etxearen ondoko ukuiluko ardiek. Ibilera baldarra dute, laster jaioko diren arkumeen zamaren seinale. Batzuk erditu dira jadanik, eta esne mamitan dabiltza haien arkume jaioberriak. Esne mamitik baduen arren, luzetik eta gogorretik ere badu neguak artzainentzat: urteko sasoirik gogorrena izaten da, lan gehieneko egunak eta hilabeteak izaten baitira.

«Animaliak menditik jaistean hasten da negua guretzat», azaldu du Aitor Iztueta artzainak. Txindokiren magaleko ukuiluan pasatzen ditu azkenaldian eguneko ordu gehientsuenak. Hilabete eskas falta da oraindik neguan sartzeko; egutegiaren arabera, bederen. Ordea, negu usaina hartu du jadanik urteak Iztuetarentzat: hostoek adarrak uzten dituzten garaian uzten dituzte mendiko larreak artaldeek; orduan erditu da negua.

Ardien orroa ozen entzuten da ukuiluaren kanpoko aldetik. Eguna argitu da, eta abereek ederki dakite berandu baino lehen beteko dizkietela askak. Pentsuontziko bazkarekin baldeak bete, eta asketan jatekoa banatzen hasi da Iztueta, Maitane arrebak lagunduta; buruak aska zuloetan sartu orduko isildu dira ardiak. Belar ondua jarri diete gero; udan egindako belar bolatik. Azpiak egin dizkiete segidan, lastoarekin.

Hiruzpalau zatitan banatuta dauka Iztuetak ukuiluko artaldea, aska eta langekin: ernaldian aurreratuenak daude alde batean, baita koskortutako arkumeak dituzten ardiak ere. San Martinen bueltan jaiotakoak dira, denboraldiko lehenengo arkumeak: «Lan asko datorren seinale izaten dira lehenengo erditzeak», esan du Iztuetak. Ardien atzealdeko ile moztu berriek eta bistan dituzten errapeek ere hori iradokitzen dute.

Arkume txikiagoak eta haien amak daude beste sail batean. Lauzpabost egun dituzte, eta aska azpian ezkutatuta daude haietako batzuk, lasto artean lo kuluxka egiten. Hara eta hona jolasean dabiltza beste batzuk, saltoka, ardiak jaten ari diren bitartean. «Negua urteko garairik gogorrena izanagatik, koskortutako arkumeak jolasean ikusteak betetzen nau gehien», aitortu du artzainak.

Gustuko du ofizioa Iztuetak, eta txikitatik argi zuen artzaina izango zela. Arantzazuko artzain eskolan ikasketak egin bezain laster ekin zion ogibideari, 16 urte betetzerako. Zortzi urte pasatu dira ordutik, eta aitortu du hasierako ilusio berarekin jarraitzen duela. Hala erakusten dute haren ukuiluko joan-etorriek: ardien artean dabil, isilik eta patxada handiarekin, haiek jaten ari diren bitartean; erditzen hasitakorik badagoen ari da begiratzen.

Arkume batzuk badauden arren, ardiak dira nagusi oraindik ukuiluan. Bi asteren buruan aldatuko da, ordea, egoera: «40 arkume jaiotako egunak ere izaten dira azaro amaieran». Ardi latxak ditu Iztuetak, «mendian ohitutakoak»; gorpuzkera sendokoak dira, eta erditzen lagundu behar zaie gehienei, arkumeak ito ez daitezen. Esan du bikiak ere askok izaten dituztela, eta horrek ere lana zailtzen duela.

Esnea, arkumeekin batera

Bikiak daude, hain justu, ukuiluaren erdiko itxituran. Oinez larri-larri dabiltza, eta kolore iluna dute oraindik; zilbor heste zatitxo bana dute sabeletik zintzilik: «Gaur jaiotakoak dira, 07:00 aldera». Goizean jaio dira, baina goizaldean ere jaio zitezkeen: «Orduero edo bi orduan behin jaikitzen naiz gauetan, ardiei erditzen laguntzera. Bi hilabete inguruz egiten dut hori, azarotik urtarrilera», azaldu du. Ez du zalantzarik, hori da lan guztietan gogorrena: «Gauean jaiki beharra eta lo egin gabe ibili beharra».

Itxiturara sartu dira neba-arrebak: ardi bati heldu dio Maitanek, eta Aitorrek eskuetan hartu ditu arkumeak. Esnea edaten lagundu diete; bati lehenengo, besteari gero. Gauza bera egin dute haien ondoko bi ardiekin eta kumeekin ere. Laguntzarik behar ez duenik ere bada: amaren atzealdean jarri, eta isatsa mugituz titia hartzen ari dira bospasei eguneko kumeak.

Ukuilua du lantoki Iztuetak neguan, baina ez da bakarra, ez baitu artalde osoa han: inguruko larreetan ditu erdiak baino gehiago, hiru sailetan banatuta. Ukuilukoen lanak aurreratutakoan joan da haiengana, txakurra lagun duela; zer moduz dauden ikusi, eta larrez aldatu ditu, belar gehiago izan dezaten. «Ernaldi hasieran daudenak, antzuak, bildotsak eta ahariak ditut kanpoan».

Goiz lasaia izan da gaurkoa Lazkaomendiko ukuiluan, ez baita erditze konplikaturik izan. Horri esker, eguerdi alderako amaitu ditu ohiko lanak, eta gaztandegira joateko tartea ere hartu du. Hozkailura joan da zuzenean; udaberrian eta udan Aralarren egindako gaztak ditu han, plastikoan hutsean ontziratuta, hobeto kontserba daitezen. Haizea hartutakorik badagoen begiratu du, bazkaltzera joan aurretik.

Goiz itxura hartu du arratsak ere: erditzerik badagoen begiratu du lehenik; gero, bazka eman, eta esnea edanarazi die txikienei. Lanak errepikatu egiten dira, baita egunean-egunean ere. Halere, beste lan batzuk ere izango ditu abenduaren erdi aldera, lehenengo arkumeak harategira saltzean: ardiak jezten hasiko da Iztueta, etxekoen laguntzarekin: «Goizean eta arratsaldean jezten ditugu; hiruzpalau ordu pasatzen ditugu aldi bakoitzean». Esnearen zati bat bere hartan salduko du esnetegira, eta bestearekin gaztak egingo ditu.

Arkumeak, esnea eta gazta, salmenta handieneko garaia da negua; baina gastuak ere handiak izaten dira: «Diru iturri handieneko garaia da, baina baita gastu handienekoa ere; ardiek ukuiluan pasatzen dute tarte handiena». Ukuiluak hustu ahala egiten dute etekinek gora: «Udaberrian etekin handiagoa izaten da, ardiak larreetara ateratzen hastean». Udaberriari begira jarria da Iztueta: «Beste poztasun bat izaten da, mendira joateko eta. Urte osoa horren zain egoten gara». Ardiei ilaje luzeak moztu, dunbak lepoan lotu, eta Aralarko larreetara abiatuko da artzaina. Orain jaiotako arkumeak izango dira egutegikoa baino lehen erditutako neguaren lekukoak.

BERRIAn argitaratua (2018/11/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA