astekaria 2018/11/30
arrowItzuli

gizartea

Guraso, eta 'ahobizi': eredu izan nahi dute

Arantxa Iraola

Guraso, eta 'ahobizi': eredu izan nahi dute

Parkeko egonaldietan, eskolako sartu-irteeretan, haurrak oheratzeko orduan haiei esaten zaizkien kontu txikien xuxurlan... Jarduera horietan guztietan erraz irudika daitezke, beste guraso askoren gisan, Nekane San Sebastian, Ainhoa Sagredo eta Iban Alonso. 1975-1978 urteen artean jaiotakoak dira hirurak, Tolosakoak (Gipuzkoa). 4 eta 10 urte arteko umeak dituzte. Ahobizi izatea hautatu dute hirurek; guraso askok hizkuntza ohituren harira duten kezkaren adibide dira.

Tolosako Herrikide ikastetxean ari dira San Sebastianen bi alabak. «Eskolan gauza asko egiten dira euskararen alde, asko lantzen da; baina, zenbaitetan, jolastokira heldu, eta gehiago entzuten da gaztelania euskara baino; egundoko pena ematen dit. Umeen artean, eta gurasoen artean ere bai: pila bat». 9 urte ditu alaba zaharrenak; umeentzat, edadean aurrera egin ahala, erdara zeinen «erakargarria» bihurtzen den ikusten ari da. Sagredoren haurrek 8 eta 4 urte dituzte, eta Laskorain ikastolako ikasleak dira. Semea da zaharrena: oraintsu lortu du gaztelaniaz maila txukuna, ia ama akordatzerako. «Oso azkar ikasten dute erdaraz, nahiz eta ingurua euskalduna izan; marrazki bizidunak eta tartean direla, oso azkar ikasten dute». Iban Alonsok badaki zer den etxean erabileraren erronka gainditu ezinik ibiltzea: gaztetxotatik. «Nire gurasoak euskaldunak dira biak, baina hobeto moldatzen dira gaztelaniaz; batez ere, gaztelaniaz aritzen naiz haiekin». Bi haurrak Samaniego herri eskolan ditu: euskaraz aritzen da haiekin.

Ikerketak badira eginak gurasoen hizkuntza portaeraren inguruan; Tolosako ikastetxeetako gurasoen erdiek gaztelerara jotzen dute haurrak aurrean ez daudenean. Sinesgarria egiten zaie hirurei datu hori. «Zoritxarrez, baietz esango nuke», adierazi du San Sebastianek. Maiz entzuten da gaztelania: «Baita guraso euskaldunen artean ere». Ohiko irudia da: «Eta nik batzuetan egiten dut: onartzen dut. Ohiturak dira». Halako zenbait portaeraren zuztarretan bizirik ikusten dute hizkuntza menderatua gutxietsi zuten belaunaldi zaharren eragina. Etxean ikusi zuen hori ere Alonsok, umetan: «Nire amona Lizartzakoa zen; euskaldun peto-petoa zen; baina askoz ere gehiago hitz egiten zuen gaztelaniaz, oso gaizki hitz egin arren. Lotsa ematen zion euskaraz aritzeak. Lehenagoko kontuak». Arrastoa utzi dutenak.

Jardundakoak

Guraso gisara, hartu izan dute aurretik parte hizkuntza ohituren gainean gogoetatu eta horiek aldatzeko proposamenetan. Tolosaldeko ikastetxeetan guraso eusleak izateko kanpainak egin izan dira -Euskaraldiaren antzeko zerbait; txapa bat zeramaten hainbat gurasok soinean, eta horrekin adierazten zuten prest zeudela euskaraz jarduteko-, eta orain abian den egitasmoa, beraz, ez da guztiz berria haientzat. «Gauza polita izan zen», azaldu du Alonsok. «Txapa horren bidez, bagenekien zein zegoen kanpaina horretan, eta, beraz, euskaraz hitz egiteko prest». Uste du horri esker «euskaraz jarduteko giro bat» sortu zela. Zailtasunak ere ageri ikusi zituztela adierazi du San Sebastianek: ez zen beti samurra izan. Onartu du, esaterako, «arraro» sentitu zela usu zenbait hizkuntza ohitura aldatu eta berriak bultzatzeko ahaleginean. Uste du orain Euskaraldian belarriprest figura sortuta,«euskara entzuteko prest» dagoen jendea argi eta garbi identifikatuta, errazagoa izango dela horienganako urratsa egitea. Beste ate batzuk zabaltzeari uko egin gabe: «Bestela ere, saiatuko gara; esaterako, denda batera joan, eta lehen hitza euskaraz egiten».

Ikastetxeek, oro har, Tolosa euskalduntzeko jardunean egiten duten lana goretsi egin behar dela sentitzen du Alonsok. «Nik nabarmenduko nuke eskolek euskararen inguruan egiten duten lana. Gainera, bilatzen dute ez gauza akademiko bat bakarrik izatea, baizik eta kaleko gauza bat». Herriko ikastetxe guztiak, gainera, batuta ikusten ditu helburuan: «Sentitzen dugu eskola guztiak horretan daudela: batera ari direla». Eta ezinbestekoak izan dira belaunaldi berriak euskaldun egiteko. Sagredo: «Gaur egun, parkera joaten bazara, han egoten dira eskola guztietako haurrak: eta nik edozein umerekin egiten dut euskaraz. Eta ez da ondo moldatzen direla:nire semeak bezain ondo hitz egiten dute. Berdin hitz egiten dute. Eta berdin dio zer eskolatakoa izan».

Horiek horrela, aurreiritziek eragindako hizkuntza ohiturak auzitan jarri beharrean sentitu dela onartu du, adibidez, Alonsok: «Behin parkean geundela, marokoar itxurako ume bat zebilen han. Nire ama gaztelaniaz mintzatu zitzaion. Haurrak ez zuen ezer ulertu. Esan nion: 'Ama, esaiozu euskaraz'. Euskaraz esan, eta ulertu». Zer pentsatua eman zion, onerako: «Sentitu nuen: hemen gauzak egiten ari dira». Erdarara aski erraz egiten duten haurrak ere usu ikusten ditu, ordea, San Sebastianek inguruan. «Zenbait umeri, euskaraz hitz egin, eta erdaraz erantzuten dizute». Gogorra egiten zaio: «Gurasoek hori egitea ulertzen duzu, baina haur batek...».

Umeen euskara ohiturak euskarara zuzentzeko estrategia oker asko erabili direla uste dute. «Nik uste dut ez dugula ongi egiten umeei esaten diegunean: 'Benga, euskaraz hitz egin'. Egin behar da euskaraz bizi; eta aukerak ez badituzu, ez badituzu esparru guztiak euskaraz beteak, zaila da. Esaten diozu umeari: 'Erdaraz hitz egin'. Eta hark: 'Zergatik?'», azaldu du Sagredok. Bat dator Alonso horretan: «Esateko era ere aldatu behar genuke. 'Euskaraz egin ezazu', esan beharrean: 'Nik uste dut euskaraz askoz ere politagoa dela'... Beste terminologia bat».

Ahozkotik aparte, gainera, mundu oso bat dago: erdalduna usu. Euskara ibaixka bat da; erdarak, ozeanoa. San Sebastian: «Nik ez dakit umeekin erdaraz egiten. Baina zer egin telebistan jartzen badute Clan [gaztelaniazko kate bat]? Ez diet esango beti ETB3 jartzeko. Ez da erreala. Eta ikusten dute dibertitzeko mundu askoz ere gehiago daudela erdaraz, euskaraz baino». Bat dator Sagredo, aisialdirako beste eremu bat hizpide, adibiderako: «Hemen, Tolosan, izaten dugu zinema euskaraz ikusteko aukera, baina gehienetan erdaraz da». Eskaintza boteretsuago horrek erakargarritasuna umeek berehala antzematen dutela sentitzen dute gurasoek, eta ez dela samurra hori apaltzea.

Ilusioa

Hirurek dituzte erronkak datozen 11 egunetarako. Sagredo: «Nik aita erdalduna dut. Ez zuen euskaraz ikasi. Nik harekin beti erdaraz egiten dut». Ulertzeko gai badela pentsatzen du, ordea. «Uste dut 11 egun hauetan hor dudala erronka handiena: aitarekin euskaraz egitea. Haserretuko zait, baina badakit zerbait ulertzen duela». Ilusioa du Alonsok ere: «Kritikak entzun ditut: horrelako zerbait ez dela mugatu behar egun batzuetara. Baina uste dut halakoak egin behar direla». Bat dator San Sebastian: «Nik uste dut horrelako zerbaitek balio duela, batez ere, ohiturak aldatzen hasteko: uste dut hori dela garrantzitsuena». Orain arte inoiz mugitu ez direnak apur bat mugitzen hasteko ere nahi luke Sagredok Euskaraldia: «Erdaldunek daukaten abantaila hori da: ez daukate beharrik euskaraz ikasteko. Ez dute sentitzen. Beraz, edo gogoa pizten zaizu, edo lasai bizi zintezke euskara jakin gabe; baita herririk txikienean ere, baita euskaldunenean ere».

Ongi hasi zuten atzo bidea. San Sebastian: «Ez zait zaila egin». Eskolako atarian aurrena; lanean gero. Ohi baino giro euskaldunagoa antzeman zuen. Lanean izan zituzten ezohiko une batzuk; baina eutsi egin zioten. Aitarekin gaztelaniaz jarduteko ohitura aldatzeko orduan, hortxe sentitu zuen zama Sagredok: «Ezinezkoa egin zait. Gainerakoan, nire eguneroko martxan, ederki». Donostian irakasle dihardu Alonsok. Egunari aparteko ukitua emateko ahalegina egin zuten, gazteenen eredu: «Sekulako festa izan da». Urduritasun apur bat badute datozen egunotarako: badakite bidean zailtasunak izango direla. Haurrak heztean, ordea, badakite zein den zutoinetako bat. Sagredo: «Eredua». Eta etsenplu izango dira: ahobizi izango dira.

Bihar: Euskaraldia osasun arloan.

BERRIAn argitaratua (2018/11/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA