astekaria 2018/11/30
arrowItzuli

politika

Etorkizunerako gidaliburua

Jon O. Urain

Etorkizunerako gidaliburua

Euskara, gizartea, zahartzaroa, kohesioa, gobernantza, herria, komunikazioa, enplegua, lan harremanak, ongizatea, aniztasuna, berdintasuna, lurraldetasuna. Berritzea, eguneratzea, hobetzea, kohesionatzea, osatzea, eraikitzea, sustatzea. Gai eta aditz zerrenda luzea jasotzen ditu Eusko Ikaskuntzak aurkeztutako Liburu Zuriaren aurrerapenak, eta horietako bakoitzaren atzean dauden diagnostikoak eta proposamenak azaldu zituzten atzo Oñatin (Gipuzkoa), erakundearen XVIII. kongresuko ondorioak aurkezteko saioan. Erakundeak gaur egingo ditu mendeurrena ospatzeko ekitaldiak, eta bertan izango dira Uxue Barkos, Iñigo Urkullu eta Jean Rene Etxegarai, Nafarroako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako eta Euskal Elkargoko lehendakariak.

Hiru urteko gogoeta amaitutzat eman zuen atzo Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak. 2015etik, Euskal Herriaren etorkizuneko jokaleku eta erronkak irudikatu dituzte, bost ardatzen inguruan: gobernantza demokratikoa, gizartearen aniztasuna eta kohesioa, garapen sozioekonomikoa, euskara eta gizartearen geroa. Hausnarketa hori adituen ekarpenarekin osatu dute bost saiotan, eta ondorioak aurkezteko plaza izan zen atzokoa. Liburu Zuriaren behin betiko bertsioa 2019ko udaberrian aurkeztuko dute. Orain, Eusko Ikaskuntzak lan egingo du «erakunde publiko, zientifiko eta sozialekin proposamenok gauzatze bidean jartzeko elkar-ekin».

KOHESIORAKO, «ONARPENA»

Julen Zabalo Euskal Herriko Unibertsitateko Soziologia irakaslea izan da gizartearen aniztasunari eta kohesioari buruzko lan ildoaren arduraduna, eta hark eman zituen hilabeteotan arlo horretan landutakoen azalpenak: «Aniztasuna ez da gertakari berria, baina egun etengabe aipatzen dugu, modu demokratikoan landu nahi dugulako, ezberdinen aurkako erasoak baztertuta». Hori zen abiapuntua, eta hortik garatu dituzte agendak eta proposamenak. Hiru jokaleku identifikatu dituzte, nagusiki: batetik, «herritartasun eredu berri bati forma» emateko aukera; bestetik, «kontratu sozial berri bat» sortzeko abagunea; eta, azkenik, hezkuntzak egin dezakeen ekarpena.

Herritartasun ereduari dagokionez, agirian bildu dute «errealitate ez propioen onarpena bultzatzeko», gizarte zibilaren antolaketa handitzeko eta «nazio sentimendu anitza» sortzeko beharra. Kontratu sozial berri bat taxutzeko aukeraz, berriz, uste dute beharrezkoa dela «aniztasunaren kudeaketa integratzailea» egitea eta «inposaketarik gabeko herri proiektu bat» izatea. Zabalok hitz bakarrean laburbildu zuen ondorioa: «Onarpena izan beharko da gakoetako bat: desberdintasunak onartzea maila guztietan».

Kohesioaren alorrean aztertu dute komunikazioaren esparrua ere, eta bertan landutakoak aletu zituen Josu Amezaga EHUko irakasleak. Hiru ondorio nabarmendu zituen; bat: «Euskal Herria ez da komunikazio herria. Hedabide indartsuenetan ez duzu Euskal Herria ikusiko». Bigarrena, nazioa eta komunitatea ez direla «betiko gordetzen» diren zerbait:«Egunero elikatu beharra dago». Azkena, gizartea «jendaurrean agertzen dena baino askoz pluralagoa» dela. Hiru ideiotatik garatu dute ekarpen nagusia: «Nazio edo komunitate izaten jarraitu nahi badugu, komunikazio espazio bat behar dugu. Horrek medio sistema propio bat exijitzen du, Euskal Herri osokoa, sendoa eta anitza. Gaur egun, gutxi daukagu horretatik».

EUSKARA ARDATZ

Mikel Irizar Topaguneko lehendakari ohi eta Gipuzkoako Euskara zuzendari ohiak xehatu zituen euskararen aurrerabidea helburu garatutako ideiak. Euskarak izan beharreko «zentraltasuna» nabarmendu zuen: « Identitate partekatua euskararen eta euskal kultuaren inguruan eraiki behar dela uste dugu. Ditugun sistema guztiak bideratu behar ditugu helburu horretara». Irizarren hitzetan, «prestigioa, kontzientzia eta araua» behar ditu euskarak: «Prestigioaren bidez, erakartzeko; kontzientziaren bidez, militantzia sortzeko; arauaren bidez, beharrezko bihurtzeko». Besteak beste, xedetzat jarri dituzte «ulermen unibertsala lortzeko estrategia» garatzea, euskaraz egiteko gaitasuna hobetzea, euskarazko sorkuntzaren eta kontsumoaren babes publikoa areagotzea eta estrategia digital «berritzailea» ezartzea.

ONGIZATEA EGUNERATZEN

Joseba Zalakain SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko zuzendariak eman zuen ongizatearen atalean ondorioztatutakoen berri. Esaterako, azaldu zuen Euskal Herriko ongizate eredua eta babes sistema «beste garai baterako» eginikoa dela, «beste gizarte eredu batentzat» prestatua: «Familia, lan harremanak, nazioartea, bestelakoak ziren». Horregatik, bi aukera jarri zituen mahai gainean: «Kontserbadoreak izatea eta lehengoa mantentzen saiatzea edo, elementu positiboak mantenduta, eredu berri bat sortzen saiatzea». Neurrietara jota, fiskalitatea «birpentsatzeko» beharra aipatu zuen: «Presio fiskal apala izan dugu, eta altua izan dutenek ere zailtasunak izan dituzte ongizate eredu sendo bati eusteko».

DEMOKRATIZAZIOA XEDE

Amalur Alvarez EHUko ikerlariak azaldu zuenez, diagnostiko gisara osatutako Liburu Berdean jasota dago «herritarren erabakiaren desjabetzea» gertatzen ari dela, eta horri aurre egiteko irtenbideak proposatu dituzte Liburu Zurian. Besteak beste, beharrezkotzat jo dute «kultura demokratiko baterako ezinbestekoak diren balio edota printzipioak» bultzatzea nahiz herritarren «ahalduntze politikak eta programak» sustatzea. Era berean, uste dute gazteen «erabakimen politikoan» sakondu beharra dagoela, esaterako, erakundeetan «gazte kuotak» ezarrita, eta parte hartze politikorako tresnak ugaritzea ere nahi dute, galdeketak eta aurrekontu parte hartzaileak kasu.

Euskal Herriaren egituraketari buruz, Liburu Zurian eskaini dute Euskal Autonomia Erkidegoan «eta agian aurki» Nafarroan zabalik dauden estatus berrirako proposamenak agendaren erdigunean kokatzea eta Euskal Elkargoa garatzeko hausnarketari ekitea, «berau demokratizatzeko asmoarekin»; alegia, ordezkariak sufragio unibertsalaz aukeratzeko xedearekin. Halaber, «euskal estatalitatearen beharraz hausnartzea» proposatu dute.

BERRIAn argitaratua (2018/11/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA