astekaria 2018/11/24
arrowItzuli

mundua

Norbanakoen barne karabanak

Kristina Berasain Tristan

Norbanakoen barne karabanak Kristina Berasain Tristan

Keili, Samir, Elda, Camilo, Juan Daniel, Alexandra, Erikson, Emilio, Adelina, Claudia, Alex, Sarai, Raisha, Malia... Azal urdineko koaderno batean idatzitako izenak dira. Erdialdeko Amerikako Iparraldeko Triangelutik, heriotzaren triangelutik, iparralderantz ihes egindako iheslarienak. Izenez gain, euren testigantzak ere idatzita geratuko dira koadernoan, batzuk kronikaren batean ere agertuko dira, baina, berez, liburu bat idatz daiteke karabanan doan iheslari bakoitzarekin, norbanakoen barne karabanekin.

Angel Erro idazleak egunkari honetan idatzi zuen hegoaldetik iparraldera doan karabanak baduela zerbait biblikotik, antzinakotik, epikotik, eta baita agonikotik ere. Eta, hala da, agonikotik asko dauka, desesperaziotik, dramatik, exodotik. Eta, bai, karabana gaurkoa da, erreala, tragikoa da, eta gutaz ari da.

Bai, ni izan nintekeen kazetariaren galdera erantzuten ari den iheslaria. Bost seme-alaba atzean utzi dituen nire adineko emakumea. Minnesotara iritsi nahi duena. Maretatik ihesi doana. Jaioterrian jatekorik ez duena. Ni izan nintekeen Rosaura. Edo Leiri. Edo Kenia.

Errepide bazterrean dagoena hiru minutuz entzutea aski da ulertzeko zergatik, egun batetik bestera, dena atzean utzi duten, seme-alabak, etxea, lagunak, iragan osoa, eta, patrikan ezer gabe, bizkar zorro batekin, abiatu duten zeharkaldia, etorkizunera, elkarrekin, exodoan, mugaz muga, fisikoak eta bestelakoak, biziko bazara aurrera egitea besterik ez daukazulako. Pobreen duintasuna da, etsipenaren gainetik aurrera egiteko kemena dutenena, beharrak eta ametsek ez baitute hesiez eta mugez ulertzen. Ez Tijuanan. Ez Melillan. Ez Hebronen.

«Zergatik zoaz ihesean?» galderari esaldi bakar batekin erantzuten diote. «Senarrak jo egiten ninduelako». «Auzoan egunero hilotzak aurkitzen nituelako». «Pobrea naizelako». «Lurra indarrez kendu digutelako». «Lehen, artoa, arroza eta frijoleak nituelako, orain labore bakarreko nekazaritza dagoelako; bananak eta palma olioa». «Mareroek semea errekrutatu nahi zutelako». «Gerra zerga ordaindu behar nuelako». «Mehatxatu egin nindutelako».

Karabanaren jatorrira joatea baino ez dago bertan ikusteko zerengandik egiten duten ihes. Hondurasen hamar lagunetik sei pobrezian bizi dira —lau, muturreko pobrezian—, indarkeria estrukturala da, inpunitatea erabatekoa, feminizidioa eguneroko eta gaueroko drama, ustelkeria errotuta dagoen praktika, militarizazioa behinolatik datorren errutina, usurpazioa eta extraktibismoa eredu ekonomikoaren ardatza, kolonialismoa mentalitate zabalduena, eta demokrazia existitzen ez den kontzeptua da.

San Pedro Sulan errazagoa da tirokatua izatea, lana edukitzea baino. Milioi bateko hiri honetan hamabost lagun hiltzen dituzte egunero. Bagdaden edo Kabulen bezainbeste edo gehiago. Mara taldeen eta talde kriminalen fenomeno konplexua ulertzen zaila da, bidaia labur batean bederen, baina munstro horren atzaparrak bazter guztietara hedatzen dira. Deklaratu gabeko gerra bat da. Izua da hizkuntza. Eta deserrotzean dago jatorria. Marekin bat egiteak identitatea dakar, zerbaiten eta norbaiten parte sentitzea. Karabanan marero izandako bati entzundakoak egiatik asko du: «Ez dakit maitasuna zer den».

Tijuana kazetariz beteta dago jada, baina azkar batean jarriko gara beste alde batera begira, eta arreta eta ahotsa kenduko diegu miseriatik alde egiten dutenei. Karabana barrutik ezagutzen denean, baina, ezinezkoa da begirada batzuk ahaztea eta isiltasun batzuk kontatzea, isiltasunak, batzuetan, hitzek baino gehiago esaten duelako. Kazetariok ere isilik egoten jakin behar dugulako, ez soilik norbaiten bizitza arriskuan jar genezakeelako, baizik eta muga gorri bat zeharkatzea litzatekeelako «hau ez diot inoiz inori kontatu» entzun eta gero historia hori idaztea. Testigantza hori betiko gordeta egongo da koaderno urdin batean.

BERRIAn argitaratua (2018/11/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA