astekaria 2016/01/15
arrowItzuli

politika

Harriak higitzen dituen herria

Gotzon Hermosilla

Harriak higitzen dituen herria

Ordu berean eta goiburu berarekin Baionan beste manifestazio bat antolatuta zegoela kontuan harturik, askok uste zuten ez zela egongo aurreko urteetako jendetzarik eta estutasunik. Baina oker zeuden hala pentsatzen zutenak. Milaka lagunek, 70.000 inguruk —Bilboko udaltzainen arabera—, mukuru bete zituzten Bizkaiko hiriburuko kaleak atzo, euskal presoen giza eskubideak defendatzeko eta sakabanaketaren amaiera eskatzeko.

Sareko bozeramaile Teresa Toda eta Joseba Azkarraga oso pozik agertu ziren Bilboko manifestazioak lorturiko arrakasta dela eta. «Pankartaren atzean bildu den gizartearen askotariko ordezkaritza eta horiekin batu diren milaka eta milaka herritarrak argiro, demokratikoki eta libreki ari dira eskakizun batekin bat egiten», esan zuen Todak; «alegia, euskal presoak Euskal Herrira ekarri behar direla eta sakabanaketaren harri astuna bidearen erditik kendu behar dugula».«Eragile politiko berri zein zaharrei» igorri zien Sareko kideak manifestazioaren mezua: «Hemen arazo larri bat dago; arazo horrek giza eskubideekin du zerikusia, eta konpondu egin behar da». Manifestazioan bildutako «indarra» aurrerantzean ere helburu hori lortzeko baliatuko dutela erantsi zuen Todak.

Manifestazioa 17:00etan zen hastekoa, eta ordu horretan kokatu zen pankartaren atzean azken egunotan Sarek bilduriko ordezkaritza zabala. Han izan ziren Felix Cañada abokatua, Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohi eta PSE-EEko kidea, Rosa Rodero ETAk hildako Joseba Goikoetxea ertzainburuaren alarguna, Fermin Muguruza musikaria, Inaxio Kortabarria futbolari ohia, Miren Zabaleta preso ohia eta beste.

Espero gabeko bi ordezkari ere agertu ziren pankartaren atzean: Anna Gabriel Kataluniako Parlamentuko CUPeko hautetsia eta David Fernandez CUPeko parlamentari izandakoa. Ordurako, CUP eta Junts Pel Siren arteko akordioaren lehenengo zurrumurruak hedatuak ziren manifestazio osoan, eta CUPeko bi kideek kazetarien arreta eta manifestari askoren ikusmina piztu zuten.

17:10ean prest ziren denak manifestazioa abiarazteko. Baina orduan iritsi zen mezua: itxaron egin behar zen lekua egin arte, Casillatik Zabalbururainoko tarte osoa jendez beterik zegoelako. Luze jo zuen itxaronaldiak, eta, azkenean, 17:30ean abiatu zen manifestazioa, ordu erdiko atzerapenaz.

Preso eriak gogoan

Astebururo Espainia eta Frantziako kartzeletara abiatzen diren furgonetak joan ziren manifestazioaren buruan, zein bere kartelarekin, espetxe bakoitza zenbat kilometrotara dagoen adieraziz. Ondoren, 11 lagun joan ziren, gaixo handi dauden 11 presoen egoera azaltzen zuten afixekin, eta ostean, senideen multzo luzea, kriseilu eta zapi zuriekin, ume zein adindun, horietako asko negarra begietan.

Senideen atzetik pankarta nagusia joan zen Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde, euskal presoak Euskal Herrira goiburuarekin. Eta, atzean, milaka eta milaka herritar. Mantso egin zuen giza oldeak udaletxerainoko bidea. 18:50ean iritsi zen manifestazioaren burua udaletxera, eta hamar minutu geroago hasi zen amaiera ekitaldia.

«Harriak mugitzea» zen manifestazioaren helburua, eta harriaren irudiak indar handia hartu zuen ekitaldian. Hasteko, Ezkerraldeko harri zulatzaileak aritu ziren harrizko blokeak pitzatzen. Oreka TX taldeak txalaparta emanaldia egin zuen, erritmo eta doinuak uztartzeko harriak erabiliz. Eta Urtzi Telleria harrijasotzaileak bost aldiz altxatu zuen zortzi arroako harri borobila, harriak mugitzea posible dela irudikatzeko. Bertsoen txanda iritsi zen ostean: Amets eta Maddalen Arzallusek Baionatik jarritako bertsoei Alaia Martinek eta Julio Sotok eman zieten erantzuna Bilbotik.

Xabier Euzkitze bertsolari eta telebista aurkezleak eta Zuriñe Hidalgo musikariak irakurri zuten azken agiria. Sakabanaketaren ondorioak ekarri zituzten gogora: gastu ekonomikoa, galdutako eskola eta lan orduak, presoen oinazea, istripuen arriskua —sakabanaketak eragindako bidaietan hamasei lagun hil direla gogoratu zuten—. Horrekin «sufrimendua areagotzea» besterik ez dela lortzen esan zuen Euzkitzek: «Baina mina antzua da, idorra, alferrikakoa». Esne Beltza taldearen kantu batekin amaitu zen ekitaldia. Horrekin, eta Euzkitzek eta Hidalgok adierazitako nahiarekin: «Manifestazioa izugarria izan da, baina azkena izan dadila».

Elkartasuna, egun osoan

Manifestazioaren abaroan, egun osoan hartu zituen elkartasunak Bilboko kaleak. Goiz-goizetik, arrats partean manifestazioan esku hartzeko asmoa zuten milaka lagunek bete zituzten Zazpikaleak, Bilbo Zaharra eta Areatzako inguruak. Areatzan, Arriaga antzokiaren aurrean, karpa bat jarri zuten Sarekoek, presoen egoeraren inguruko informazioa banatzeko. Handik igaro ziren Sareko bozeramaileak, presoen senideak eta abar. Mirta Fabre eta Susana Etchegoyen Argentinako medikuak ere izan ziren: «Tortura ezkututzat» definitu zuten euskal presoek pairatzen duten egoera.

Lasterbidean presoen aldeko lasterketaren sustatzaileak ere Areatzan izan ziren, eta aurtengo ekitaldia Araban izango dela iragartzeaz batera, euren hondar aletxoa jarri zioten elkartasun giroari: zinta mekanikoak jarri zituzten, herritarrek lasterka egiteko aukera izan zezaten «sakabanaketari kilometroak kentzeko» xedez. Askapenak ere hainbat ekitaldi antolatu zituen eguerdi partean Bilbo Zaharrean, kanpotik iritsitako elkartasuna ere ikusgarri bilakatzeko asmoz.

BERRIAn argitaratua (2016/01/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA