astekaria 2018/11/24
arrowItzuli

politika

Galdeketen zikloa: ondorio batzuk

Jon O. Urain

Galdeketen zikloa: ondorio batzuk Jon O. Urain

Besterik antolatu ezean, Gure Esku Dago-k abiatutako galdeketen bidea amaitutzat eman liteke joan den igandean Donostian, Irunen, Alonsotegin, Balmasedan eta Zallan eginikoekin. Angel Oiarbide GEDeko bozeramaileak ez du baztertu gehiago egitea, baina dinamikak helburu gisa jarria dauka «loteslea izango den erreferenduma» egitea. Bide horretan trebatzeko saioa izan badira galdeketak, zeintzuk dira kontsultek ezarritako oinarriak?

Batetik, zenbakiak. 2014an egin zituzten lehen galdeketak, Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) eta Arrankudiaga-Zollon (Bizkaia), baina GEDek 2016an ekin zion herriz herriko plataformen bidez galdeketak antolatzeari. Azken lau urteetan, nagusiki azken bietan, 209 herritan egin dituzte estatus politikoari edo erabakitzeko eskubideari buruzko kontsultak; Euskal Herriko herrien herenetan. 1.061.058 lagunek izan dute botoa emateko aukera, 16 urtetik gorako herritarrak direnez gero, eta horietatik 218.248k hartu dute parte; %20,56k. Denboran zehar, 2016ko ekainean lehen galdeketa multzoa egin zutenetik, zortzi multzo handitan pilatu dira bi urteotako galdeketak, eta, beraz, GEDek zortzi kolpetan eraman du erabakitzeko eskubidearen gauzatzea agenda politikora; nagusiki, 2017an.

Herrialdeka, agerikoa da dinamikak babes zabalagoa duela —eta, beraz, gaitasun handiagoa izan duela— Bizkaian eta Gipuzkoan galdeketak antolatzeko. Desoreka nabarmenak daude herrialdeen artean, Gipuzkoan 87 herritan egin baitituzte bozketak, eta Bizkaian, 76tan; Araban, berriz, hamar izan dira gisa horretako galdeketak egin dituzten herriak, eta Nafarroan, 36. Bat ere ez Iparraldean. Joeretako bat izan da zenbat eta herri handiagoa izan parte-hartze portzentajea apalagoa izan dela, baina Donostiako galdeketak erakutsi du joera hori ez dela matematikoa, lehen hiriburuak, 160.000 laguneko errolda izanik, Eibar, Irun (Gipuzkoa), Portugalete, Erandio, Leioa eta Getxoko (Bizkaia) parte hartze tasa baino handiagoa lortu duelako.

Hain justu, PSE-EEk alkatetza duen herriak dira horietako batzuk: Eibar, Irun eta Portugalete. Sozialistek agindutako beste herri batzuetan, Zumarragan eta Lasarten, kasurako, %13-14 izan da parte hartzea; Gipuzkoako apalenetakoa, Eibar, Irun eta Donostiarekin batera. Galdeketen zikloak lagun izan ditu EAJ eta EH Bildu; lehen sortaren atarian, Gipuzkoako Batzar Nagusiek babesa adierazi zieten kontsultei, bi taldeon ekimenez; azken multzoan, beste horrenbeste egin dute Donostiako Udalean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Kontrara, PSEk, PSNk, UPNk eta PPk beren aurkakotasuna adierazi izan dute, eta erdibideko posizioa azaldu izan du Ahal Dugu-k; ez die babesik adierazi, baina zenbait ordezkari politikok hartu dute parte bozketetan; Pili Zabala legebiltzarkideak, kasurako.

Bestalde, Euskal Herriaren estatus politikoaren ingurukoak izan dira galdera gehienak —errepublikaz, estatu burujabeaz edo independenteaz...—, baina herri dezentetan erabaki dute, estatusaz bainoago, erabakitzeko eskubideaz galdetzea; Donostian, kasurako. Plataformen joera orokorra izan da herriaren edo eskualdearen errealitatera egokitutako galdera egin nahi izatea, eta, datuei erreparatuta, ez dirudi elementu erabakigarria izan denik parte hartzea sustatzeko edo desmobilizatzeko.

Halaber, mugen artean egon daiteke halako prozesuetan beharrezkoa izan ohi den deliberazio prozesua mugatua izan dela zenbait kasutan, edo kontsulten eragina ez dela iritsi hainbat sektoretara. Funtsean, ez dago jakiterik galdeketen zikloak erabakitzeko eskubidearen aldeko iritzi multzoa zenbateraino zabaldu duen edo kristalizatu egin duen jada alde zegoen multzo hori.

Kataluniaren ispilua

Euskal Herriko galdeketek badute alderik eta antzekotasunik Katalunian 2009 eta 2011 artean eginikoekin. Han, urte eta erdi pasan, 554 egin zituzten, eta %18 inguruk hartu zuten parte. Tartean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2006ko Estatutua indargabetu zuen —prozesu subiranistan giltzarri jo ohi da hori—, eta kontsulten fasea amaitu eta urtebete eskasera sortu zen Biltzar Nazional Katalana. 2012an, CiUren Itun Fiskalaren proposamena baztertu zuen Espainiako Gobernuak, agintean PP zegoela, eta, azaroko bozetan, gehiengoa lortu zuten alderdi subiranistek. David Fernandez CUPeko parlamentari aukeratu zuten orduan; 2016ko maiatzean, BERRIAri azaldu zion 2009-2011 aroko galdeketak «pentsamolde aldaketaren katalizatzaile» izan zirela eta jendea «batzeko» balio izan zutela.

Kohesio hori izan da Euskal Herriko galdeketek zituzten eta zenbakiz neurtu ezin diren asmoetako bat: herritarren arteko lankidetza sustatzea, eztabaida plazaratzea eta zabaltzea. Hedapen mailaz harago, galdetze hutsarekin, GEDek agendan jarri du gaia, eta gaitasun logistikoa erakutsi du beste gai askorekin ezin dena gauzatzeko; herritarrei hitza emanez, erakundeak iritsi ez diren esparruetara heltzeko; instituzioek galdetu ezin dutenaz itauntzeko; Jaume Lopez politologoak irudikatzen duen «tripode demokratikoan», demokrazia zuzenaren hanka sedimentatzeko; kapital sozial esaten zaion eta herritarren harreman eta konfiantza sareek ezaugarritzen duten hori sendotzeko. Merce Barcelo katedradunak BERRIAn zioen ez dela erabaki eskubidearen defentsan atzera egiteko unea, eskubide bat egia bihurtzeko, hura gauzatzeko ariketak metatu behar direla. Eta horretan jardun du GEDek, galdeketekin batera beste mobilizazio eredu batzuk eta erabakitzearen aldeko arrazoiak pilatzen, botoaren ariketa normaltzen, beste inork zabaldu ez duen bidea irekitzen. Urteotan, 12.000 boluntariok eraiki dute hauteskunde sistema oso bat: alor informatikoa, mahaien osaketa edo Hauteskunde Batzordearen ikuskaritza lana egin duten Berme Batzordea. Hori da ondorio eta ondare nagusia: galdetzea posible da, erakundeekin edo gabe.

Horregatik, galdeketen arrakasta edo porrota neurtzean, kontuan hartu behar da zein betaurrekorekin begiratzen zaien, bozen prismatik so egiteak desenfokatzea eragin dezakeelako. Besteak beste, herri ekimenak ez duelako erakundeen baliabide ekonomikorik, bozketa mahaietan egotera derrigortzeko ahalmen hertsatzailerik eta hautetsien aukeraketan edo bestelako erabaki lotesleetan ondorio zuzen eta berehalakorik. Mobilizazio diren heinean, nekez aurkituko da Euskal Herrian 218.000 lagunen babesa duen manifestazio, herri ekinaldi legegile edo bestelako mobilizazio eredurik.

Kohesio prozesuan, galdeketek lagundu dute euskal politikan ohikoa den identitate logika lausotzen eta identifikazio berriak eratzen. Bide horretan, GED «ahalduntze sozialerako erreferentziatzat» jo zuen Xabier Barandiaran Gipuzkoako Aldundiko kabineteburuak astelehenean. Horregatik, ez dirudi zentzuzkoa Koldo Mediavilla EAJko Harreman Instituzionaletarako idazkariaren GEDekiko kontu eskeak, herri mugimendua alderdi bat edo buruzagi talde bat balitz bezala. Donostiako galdeketaren bidean, parte hartze aktiboa izan du EAJko kidegoak, eta, beraz, kontsultaren arrakastaren eta hark utzitako ondarearen erantzuleak ere badira militante jeltzaleak, mugimendu konpartituetan ardurak konpartituak direnez gero.

BERRIAn argitaratua (2018/11/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA