astekaria 2018/11/24
arrowItzuli

bizigiro

Agerikoak dira erroak

Maialen Unanue Irureta

Agerikoak dira erroak

Ezkarai Errioxan (Espainia) dago, ez Euskal Herrian, baina, izena entzun bezain pronto, saihetsezina da euskararekin lotzea, hizkuntza pixka bat ezagutuz gero. «Toponimo horrek ahaide batzuk baditu Araban, Ipar Euskal Herrian, Bizkaian... Bilbotik gertu, bada Azkarai izeneko herri bat», azaldu du Eduardo Aznar ikertzaileak. Haren esanetan, «haitz garaia» esan nahi du: San Torcuatoko haitzaren azpian dago Ezkarai, eta Aznarrek uste du izenak hari egiten diola erreferentzia. Errioxaren mendebaldean dago Ezkarai; ikertzailearen esanetan, euskarak presentzia gehien izan zuen inguruan. Gaur egun, ez, baina duela mende batzuk euskaraz hitz egiten zen Errioxan, eta garai hartan bota zituen erroak agerikoak dira gaur.

Gaiari buruzko bi liburu idatzi ditu Aznarrek: El euskera en la Rioja. Primeros testimonios (Euskara Errioxan. Lehen lekukotasunak; 2011) eta Tierras, gentes y voces. El legado del euskera riojano (Lurrak, jendea eta ahotsak. Errioxar euskararen legatua; 2018). Aznar sinistuta dago: euskara Errioxan barreiatu zen, gehiago edo gutxiago, inguru guztian. «Euskarari lotutako elementuak Errioxa guztian daude sakabanatuta, baina badirudi zenbait zona garrantzitsuagoak izan zirela: batez ere, Oja, Tiron eta Najerilla ibarretan. Errioxaren mendebaldean daude: Ezkarai, Santo Domingo de la Calzada, Haro, Belorado...». Beste adibide bat jarri du: Calahorrarena. Eta egon, Errioxaren ekialdean dago Calahorra. «Ezaguna da Kalagorritik datorrela Calahorra: gorri-k ez zion koloreari erreferentzia egiten, soilduta egoteari baizik; muino soil gisa ulertu behar da».



Euskara Errioxara noiz iritsi zen esaterik ez dago gaur-gaurkoz, baina bai aurkitutako lekukotzak noizkoak diren. Aznarrek bi garai desberdindu ditu, eta bien artean mila urteko aldea dagoela ohartarazi du.

Bi mila urte egin behar da atzera lehenengo lekukotzak topatzeko, erromatarren garaira. «Batez ere, hilarrietako izenetan aurkitu dira arrastoak: Iberiar sistemako gune garaienetan pertsona izen sorta bat dago». Dokumentu publikoak latinez idazten ziren, eta ezkutuan utzi zituen tokiko hizkuntzak, Aznarren esanetan. «Arazoa da euskara beti izan dela ahozkoari estu lotutako hizkuntza bat: ez daude eskuizkribu gehiegi, edo ez asko behintzat, XVI. mendera arte; horregatik, zeharkako elementuak bilatu behar ditugu, toponimoak eta beste». Esaterako, Jose Juan Bautista Merino Urrutia ikertzaileak (Ojacastro, 1886 - Getxo, Bizkaia, 1982) hainbat urtetan egindako lanaren bilduma eta euskarazko toponimo ugari bildu zituen La lengua vasca en la Rioja y Burgos (Euskara Errioxan eta Burgosen; 1978).

Errioxako mendilerroan, azken hamarkadetan, euskara zaharraren lekukotzak topatu dituzte, «oso argi». «Iregua, Linares eta Cidacos ibaien inguruetan, batik bat: ondoriozta dezakegu, testuak latinez egon arren, jendeak erabiltzen zuela euskara bere egunerokoan, familian». Aznarren ustez, esaterako, Calahorra izena hilarriak baino lehenagokoa da.

Bi esaldi, X. mendean

Erromatar Inperioa erori eta denbora luze batean ez zen ezer idatzi, Aznarrek nabarmendu duenez. Erdi Aro betean berreskuratu zen idazketa: «IX., X. eta, batez ere, XI. mendean, orduko dokumentazio pila bat dago, Donemiliaga Kukulako monasterioan edo Santo Domingo de la Calzadako artxiboan topatutakoak bezala». Elizaren dokumentuak dira, latinez eta gaztelaniaz idatzita daude, baina euskararen erroak ere ageri dira: «Salerosketak aipatzen dituztenean, leku izen piloa izendatzen dituzte: mendiak, ibaiak, lautadak, baratzeak... Euskal toponimia oso presente dago».

Donemiliaga Kukulan agertu ziren, izatez, euskaraz idatzitako lehenengo esaldiak, Koldo Zuazo hizkuntzalariak azaldu duenez. Bi dira: Jzioqui dugu eta Guek ajutu ez dugu; X. mendearen erdialdekoak dira, ziurrenik fraide batek idatziak, Aznarren esanetan. «Baina ez dakigu nor eta nongoa zen esaldi horiek idatzi zituena», nabarmendu du Zuazok.

Erromatarren ostean, dena den, latinaren prestigioak bere horretan iraun zuen, Aznarrek azaldu duenez: «Batez ere, erlijio kristauak mantendu zuen: apaizek, apezpikuek... Haiek ziren idazten zuten bakarrak, eta latinez idazten zuten». Denborarekin, hizkuntza erromantzeak jaio ziren, eta XIII. mendean horiek hartu zuten hizkuntza ofizialen lekua: gaztelaniak Gaztelan, frantsesak Frantzian, eta abar. «Euskara ahozkoan mantendu zen: ez dago idatzi bakar bat ere, ezta Nafarroako erreinuan ere, euskara hizkuntza ofizial gisa erabili zutena: garai hartan, hizkuntza jasoa latina zen, eta, bestela, horrengandik eratorritako erromantzea».



XIII. mende erdialdeko dokumentu bat aipatu du Zuazok: Gonzalo de Berceok idatzitako Milagros de Nuestra Señora (Ama Birjinaren mirariak): «Don Bildur izena agertzen zaigu, baina hori ez da, bere horretan, Errioxan euskaraz egiten zelako erabateko froga». Biek ala biek, Zuazok zein Aznarrek, garai hartako beste dokumentu bat dute gakotzat: huraxe da frogarik «argiena eta sendoena», Aznarren ustez; 1.236 urte ingurukoa da. Ojacastroko fazañaz edo epaiaz ari da Aznar: epai judizial bat da, Burgosen egon zen auzi txiki batekoa -garai hartan, Errioxako mendebaldea Burgosen agindupean zegoen-. «Epai horretan, Ojacastroko herritarrei onartzen zaie epaitegietan euren lekukotza euskaraz emateko eskubidea, hau da, euren ama hizkuntzan ematekoa». Aznarren esanetan, horrek erakusten du jendeari kosta egiten zitzaiola gaztelaniaz hitz egitea: asko elebakarrak ziren, edo euskaraz hobeto moldatzen ziren.

Euskara elkartea Errioxan

Errioxako Laminiturri kultur elkarteko jendea ezagutu zuenean hasi zen Aznar ikerketak egiten. Gaur egun, «loaldian» dago elkartea, Iñaki Gorostidi bazkideak azaldu duenez, baina duela 30 urte inguru Errioxara iritsi zenean «bizi-bizi» zegoen. Hain zuzen ere, erro horien jakitun, haiek ezagutaraztea zuten helburu, Victor Rabanos bazkideak azaldu duenez. «Gure helburua kulturala baino ez zen. Euskarak Errioxan dituen erroak ezagutaraztea zen asmoa; toponimian, antroponimian, folklore aldetik... Horixe zen guztia: jendearentzat ezezagunak ziren erro horiek agerian jartzea».

Maiz, jendea «erasoa» sentitu izan dela nabaritu du Rabanosek. «Errioxarrak direla esaten zuten, eta guk ez genien esaten ezer haien identitateaz, euskarak hemen arrastoak utzi zituela baino ez». Dena den, errioxarrak izan ziren Laminiturri sortu zutenak, Rabanosek gogoratu duenez: «Batik bat, Errioxako Unibertsitatearen inguruko jendea zen; beste batzuk Oiongo euskaltegian genbiltzan. Bi horiek izan ziren elkartearen ernamuinak, 1995 inguruan».

Urte bat edo bi eman zituen Gorostidik Logroñon euskara ikasten, baita Oionen ere. «Unibertsitatean ere ematen zituzten euskara klaseak, eta joaten zen jendea». Bilbokoa da, eta, hara iritsi zenean, arreta deitu zion euskarazko erroak dituzten izen kopuruak. Gogoan du nola egin zuten Euskararen bidea liburua: Bermeo (Bizkaia) eta Donemiliaga Kukula lotu zituzten.

Elkartearen izena, Laminiturri, Ojacastroko mendi batean dagoen iturri batetik hartu zuten, Gorostidiren esanetan. Eta, orain elkartea geldirik badago ere, horrek agerian uzten du, mendeak pasatuta ere, euskararen erroek gaur arte iraun dutela Errioxan. Aznarren ustez, erro horiek ukatzea «astakeria» da: «Errioxan euskaraz hitz egin zen, gertatu egin zen: logikoa litzateke, ez astakeria, ondaretzat hartzea».

BERRIAn argitaratua (2018/11/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA