astekaria 2018/11/24
arrowItzuli

politika

Argi bat mundua aldatzeko

Edurne Begiristain

Argi bat mundua aldatzeko

Peter Benenson Londresko abokatuak 1961eko maiatzaren 28an The forgotten prisioners (Ahaztutako presoak) artikulua kaleratu zuen The Observer egunkarian, ikasle portugaldar batzuen atxiloketa salatzeko. Artikulu horrek giza eskubideen aldeko iritzi publikoa mugiaraztea lortu zuen mundu osoan, eta, bidenabar, alea jarri zuen Amnesty International gobernuz kanpoko erakundea (AI) sortzeko. Urte bereko abenduaren 10ean AIren lehen kandela piztu zen Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Ikur xume bat. Aktibista talde txiki bati nortasuna emango zion argi izpi bat.

Hamazazpi urte geroago, eta ehunka herrialdetan taldeak osatuta zeudenean, Donostian aktibista gutxi batzuek pausoa eman zuten AIren taldea osatzeko. Munduan barrena zeuden bidegabekeriak konpondu daitezkeela sinetsita sortu zuten AIren Euskadiko adarra. 40 urte igaro dira ordutik, eta oraindik ideia berari eusten diote talde hura sustatu zutenek.

1978an zuzenbidea ikasten ari zen Iñaki Otamendi donostiarra, Amnesty International erakundearen berri aurreneko aldiz izan zuenean. Fakultateko irakasle batek proposatu zion talde bat sortzea, eta Otamendiri «interesgarria» iruditu zitzaion. Ordurako hainbat herrialdetan baziren AIren taldeak, eta Donostian ere eurena sortzea erabaki zuten Otamendik eta beste hainbat lagunek. Egoitzarik ez zuten oraindik, eta Zuzenbide fakultateko Kriminologia departamenduan biltzen ziren, astean behin. Helburu bakarrak batzen zituen, AIko kideak dioenez: «Giza eskubideen alde zerbait egiteko gogoa genuen». Ez zen hasiera samurra izan, ordea. Izan ere, egoera politiko latza bizi zen orduan Euskal Herrian, eta gizartearen sektore batek ez zuen ulertzen erakunde sortu berria etxeko arazoez baino gehiago, kanpokoez arduratzea. «Guk esaten genien kanpokoaz arduratzen bazara, barrukoez ere arduratuko zarela».

Ideia hori buruan zizelkatuta geratu zitzaion Otamendiri bilera batean. «Gogoan dut Xabier Leteren ohar bat irakurri zutela batzar batean, eta hark zioela euskaldunon arazoa zela beti begiratzen geniola gure zilborrari, ahazten genituela kanpoko arazoak. Ideia hori gordea dut ordutik». Leihoak irekitzea eta mundu zabaleko giza eskubideen urraketen berri ematea. Horixe zuten asmoa duela 40 urte AIren sorreran lagundu zutenek. Planteamendu hori «estrategia gisa» egokia izan zela eta oraindik badela uste du Otamendik: «Kanpokoei laguntzen badiegu, haiek ere guri lagunduko digute».

AIren Donostiako hasierako taldea sei bat lagunek osatzen zuten. Baliabide eskasekin, baina giza eskubideen alde borrokatzeko pasioarekin aritzen ziren. Donostiako taldeak lau urte zeramatzan martxan Iñaki Hernandok bertan sartzea erabaki zuenean. 1982. urtea zen. Komite Internazionalistak erakundean aritutakoa zen Hernando, eta, beraz, bazuen giza eskubideen urraketekiko nolabaiteko kontzientzia bat. «Behar bat nuen herriekiko elkartasuna zabaltzeko eta modu malguago batean lan egiteko». AIren iragarki bat ikusi zuen egunkari batean, eta bazkide egitera animatu zen. Lehen bilera batera joan zen Donostiara, eta ordutik jarraitzen du erakundean. Egun, AIren Espainiako Batzorde Federaleko kidea da.

Gutunak, presioa egiteko

80ko hamarkadarako AIren lehen taldeak osatuta zeuden munduan, eta talde bakoitza leku ezberdinetako bizpahiru presoz arduratzen zen, haien aldeko kanpainak bultzatuta. Horretarako, gobernuei gutunak bidaltzen zizkieten, presioa egiteko. «Gutun asko bidalita, indarra egiten genuen», gogoratu du Otamendik.

Banakako kasuak hartzen zituzten, baina ez zituzten ahazten egoera berberean zeuden beste presoak: «Kontzientzia preso baten askatasunaren alde egiten genuenean, kasu berean zeuden besteekiko presioa ere egiten genuen, zeharka».

Bi presoren aldeko askatasunaren alde borrokatuta abiatu zuen bidea AIren Donostiako taldeak: Victor Davidov Sobiet Batasuneko disidente politikoa eta Mohamed Kheir Mohamed Ali Sudango alderdi komunistako kidea. Egindako lanari esker, biak ala biak askatzea lortu zuten. Lorpen horiek oso gogoan dituzte Otamendik eta Hernandok, eta uste dute mugarriak izan zirela euren militantzian. «Oso pozgarria izan zen ikustea gure borrokak zerbaiterako balio zuela», dio Otamendik. Garaipen horiek lortzeko egindako lan eskerga ez zen nolanahikoa izan: kontzientziak piztea, lana zabaltzea, elkarlana bultzatzea... Txikitasunetik borroka globalera, Otamendik azpimarratu duenez: «Banaka ezin ditzakegu gauza asko egin, baina elkarrekin indar handia egin dezakegu mundua aldatzeko».

Hala ere, hastapenak ez ziren errazak izan. Hernandok gogoan du hasierako kanpainek oihartzun eskasa izaten zutela kalean, eta asko kostata iristen zirela jendearengana. Euskal Herriko egoera politikoak ez zuen larregi laguntzen haien lana ezagutarazten, haren ustez: «Ez gintuzten askorik estimatzen, ez alde batean ez bestean. Egoera konplikatua zen».

Atzera begiratuz gero, bi mugarri daude erakundearen ibilbidean, Hernandoren esanetan. Lehena, 1991. urtean izan zen, AIk talde armatuek urratutako giza eskubideak salatzeko erabakia hartu zuenean —ordura arte soilik gobernuen urraketen aurka lan egiten zuen—. Bigarren mugarria 2001. urtean izan zen, AIren printzipioen artean ezarri zenean giza eskubideak bakarrak eta banaezinak zirela. «Garrantzi handiko erabakia» izan zela nabarmendu du Hernandok, maila berean jarri zituztelako eskubide guztiak, desberdintasunik egin gabe.

Pauso horrek, baina, ika-mika dezente piztu zituen, ez soilik AIko kideen artean, baita euskal gizartearen barruan ere. AIri «ekidistantziarekin» jokatzea leporatzen zioten batzuek eta besteek, Hernandok gogoratu duenez. «Une gogorrak izan ziren. ETAren atentatuak eta torturak indar berarekin gaitzesten genituenean, alde guztietatik jasotzen genituen kritikak». Otamendiren ustez, berriz, AIk asmatu egin zuen pertsona ororen «duintasuna» erdigunean jarrita, nahiz eta erabaki horrek mesfidantzak sortu zituen hainbat sektorerengan.

Erronka nagusia, haztea

Urteak behar izan dira Amnesty Internationalen lanak gizartearen aitortza eskuratzeko. Hernandok uste du erakundearen «independentziari» esker erdietsi dutela sinesgarritasuna. Hala ere, garrantzitsua deritzo giza eskubideen aldeko beste taldeekin «sinergiak» izateari, eta egun hala egiten dute, gobernuz kanpoko beste erakundeekin elkarlanean arituta.

Hemendik aurrera erakunde gisa «haztea» da AIren helburu behinena. Gaur egun 6.330 bazkide dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta sei talde aritzen dira lanean Bilbon, Gasteizen, Donostian, Irunen (Gipuzkoa), EHUko Leioako campusean eta Deustuko unibertsitatean. «Giza eskubideen alde borrokatzeko alternatiba bat eskaini behar diogu gizarteari. Mundua alda daiteke, baldin eta denon artean aldatzeko indarra egiten badugu».

Euskal Herrian bake prozesua dago AIren agendan, eta lehentasunen artean du biktima guztiei egiarako, justiziarako eta ordainerako eskubidea bermatzea. Horretarako, alderdi politikoei eta erakundeei eskatu die giza eskubideen agenda komun bat sustatzeko. «Biktima guztien aitortza lortzen ez dugun bitartean, herri honetan gabeziak egongo dira giza eskubideetan», ohartarazi du Hernandok.

Otamendiren ustez, AIren lana funtsezkoa da Euskal Herrian, «oraindik giza eskubideak urratzen direlako». Gogoratu du Altsasuko auziko gazteek ez zutela izan bidezko epaiketarik, tortura kasu askok argitu eta zigortu gabe jarraitzen dutela, eta emakumeen aurkako indarkeriak etenik ez duela. «Asko dugu egiteko».

BERRIAn argitaratua (2018/11/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA