gizartea
«Lana eskatzen du: orain dator zailena»
Garikoitz Goikoetxea
Ehunka herri, milaka lagun. Espero zenuten halako erantzuna?
Espero baino gehiago izan da. Bi fasetan gertatu da. Lehenik, herrien inplikazioa: proposatu genuen batzordeak osatzea euskalgintzako eragileekin, euskaltzale norbanakoekin eta erakunde publikoekin. 400 udalerritan Euskaraldia egin ahal izatea imajinatu baino gehiago izan zen. Horren ondorio da orain milaka pertsonak ematea izena. Orain ikusi behar: kontua ez da izena zenbatek ematen duten; orain tokatzen da izena eman dugun horrekin koherente jokatu, eta ariketa egitea.
Eta horrekin baduzue kezkarik?
Ariketa bat da, eta jardutea eskatzen du, ahobizi edo belarriprest jardutea. Ahobizi bazara, ulertzen duten guzti-guztiekin euskaraz egitea, ezezagun guztiei euskaraz egitea eta ulertzen badute hala jarraitzea. Belarriprest bazara, ingurukoei aktiboki esatea zurekin euskaraz aritzeko. Ez da hutsaren hurrengoa. Lana eskatzen du, ahalegina, kontzienteki egitea. Izena ematea da ia errazena. Gogoeta eginda heldu bagara, zer aldatu nahi dugun, egin dezakegu. Orain dator zailena.
Euskaraldirako bi rolak egoki ulertu ote ditu jendeak?
Rolak berriak dira. Ahobizi euskaltzale aktibo hori da, lehen ere ezagutzen genuena, baina beti eusten diona euskarari, baita ele biko elkarrizketetan ere. Belarriprest rola oso ezezaguna izan da orain arte; jende asko dago euskaraz gehiago egin nahiko lukeena, besteei gonbidapena egin nahi diena. Gaitasunarekin lotzeko joera daukagu. Ematen du gutxietsi egiten dugula belarriprest figura: ahobizi dela euskaldunok egin beharrekoa, eta belarriprest bigarren mailakoa dela, ahobizi izatera ausartzen ez direnentzat. Bagenekien hau zabaltzea epe luzeagoko lana dela, eta kostako zela ulertzea. Uste dugu 11 egunean kasu praktikoak ikusita ohartuko garela zer den bat eta zer bestea.
Espero zenuten desoreka hori,, alegia, izena eman dutenetan bostetik lau ahobizi izatea?
Ez. Ahobizi figura errazago ulertzen da, eta errazago aitor daiteke ahobizi izango garela; gero, hala ere, eutsi egin behar zaio ariketari. Belarriprest izateko moduan jende asko dago Euskal Herrian, eta, beharbada, ez gara heldu guztiak aktibatzera edo ez da erabat ondo ulertu ariketa zein den. Orekatuagoa izatea espero genuen. Orain ikusiko da ahobizi txaparekin kalera ateratzean inork esaten ote duen: «Uf, nik oraingoz hobe dut belarriprest izatea». Aldaketa hori egitea zilegi da.
Zuk zeuk zer rol izango duzu?
Ahobizi izango naiz. Baina nire lankide guztiak ez dira hala izango, eta bakoitzak ditu bere arrazoiak. Zalantzarik ez dago oso euskaltzale aktiboak garela eta asko sinesten dugula honetan, baina belarriprest izango dira. Horrek esan nahi du sinesten dugula biak direla beharrezkoak.
Asko nabarmendu dute Euskaraldia lankidetzan egin dela. Zer balorazio egiten duzu horretaz?
Oso ona. Duela urte eta erdi baino aurreratuago gaude. Helburu komun hau jarri dugu, eta elkarrekin ari gara lanean, konfiantza giroan. Badakit kanpotik ikusita batzuetan zaila dela sinesten, baditugulako gure motxilak, baina ari gara. Euskaraldia hasteko panorama hau bada, horregatik da, neurri handian. Herrietan, kasu batzuetan errazagoa izan da lankidetza, eta besteetan, zailagoa. Edonola ere, sinetsita nago lankidetza handiagoa behar dugula, eta euskalgintzan ari garenok, helburu bat partekatzen badugu, ez daukagula luxurik geure artean mokoka ibiltzeko. Bakoitzak bere funtzioak ditugu; batzuetan, lankidetzan aritu beharko dugu, eta besteetan, ez; kritikoak izan behar dugu izan behar dugun guztian, alde batetik eta bestetik, geure ardura ere bai baita. Baina sinesten dut lankidetza eredu hau gehiagotan ere beharko dugula pausoak eman nahi baditugu.
Euskaralditik harago ere joan daiteke lankidetza hori?
Bai. Frogatzen ari gara posible dela gauzak beste modu batean egitea. Beharbada, euskalgintzako beste esparru batzuetan ere egin ditzakegu horrelako probak.
Euskara elkarteetan-eta nabari da aldaketa? Jende gaztea badabil antolakuntzan.
Bai, hori esaten ari zaizkigu: jende berria ikusten ari direla, inplikatuta dagoen jendea, ez une jakin batean laguntza ematen duena. Herrietan sumatzen da hori. Belarriprest figurak asko lagundu duela gerturatze horretan. Aurrekoan, hamaikako batean dagoen belarriprest batek esan zidan: «Nik jada lortu dut: hamaikakoan nagoenez eta publikoki erakutsi dudanez belarriprest naizela, jendeak euskaraz egiten dit». Halako jendea gerturatu da batzordeetara, eta bere lekua aurkitu du.
Itxaropen handia sortu du Euskaraldiak. Itxaropen gehiegi?
Ilusioz gaude, sinetsita gaudelako honek balio dezakeela urrats batzuk egiteko: bai euskalgintzan barnera begira, bai hizkuntza ohiturak aldatzeari begira. Baina zuhurtziaz ere bagaude: 11 egunak pasatuko dira, eta guk helburua hurrengo egunetan daukagu. Hau entrenamendua da, hamabigarren egunetik aurrera hizkuntza ohiturak aldatzen jarraitzeko. Zuhurtziaz, nahi dugu bide horrek aurrera egin dezan. 11 egunean ez dugu lortuko mundua aldatzea. Baina benetan pentsatzen dugu palanka batzuk alda daitezkeela, eta elkarrekin komunikatzeko eta bizitzeko dauzkagun arau horietan egin ditzakegula aldaketa batzuk, Euskal Herri osoan izan dadin posible euskaraz erosotasunez hitz egitea.
Abenduaren 4a nola irudikatzen duzu? Neke apur bat nabari daiteke?
Neke puntua egotea normala izango da, denbora luzea daramagulako lanean: ehunka euskaltzale ari dira hau martxan jartzen, eta normala izango da nekatuta egotea. Baina irudikatzen dut sentsazio atsegina edukiko dugula, zer edo zer aldatu izanaren sentsazioa, salto kualitatibo bat eman izanarena. Nekea pasatuko da egun batzuetara, eta ikusi behar bestea mantentzen den: urrats hori egin den, palanka horiek aktibatzen jarraitzen dugun.