astekaria 2018/11/24
arrowItzuli

gizartea

Zaurien mapa

Maite Asensio Lozano

Zaurien mapa Maite Asensio Lozano

Dora Angulo da zerrendako lehena. Bere izen-abizenak nekez gogoratuko dituzte irakurle gazteenek, duela hamabost urte hil baitzuen bikotekide zuen gizonak: 2003ko apirilaren 1ean, labana sartu zion bizkarretik, Antsoainen (Nafarroa) zuen etxean; 39 urte zituen. Alaba bortxatzeagatik zigorra betetzen ari zen gizona; baldintzapean aske zegoen andrea hil zuenean. 97 izen-abizen daude Anguloren ondoren BERRIAk bihar martxan jarriko duen webgune berezian. Yolanda Jaen da azkena; bihar hilabete beteko da falta denetik. Bikotekideak hil zuen, etxeari su emanda, Iruñean.

Emakumeen aurkako indarkeria zenbakitan neurtzerik badago, bortxaz hildakoen bidez neurtu ohi da: adierazlerik argiena eta lazgarriena dira. 98 emakume izan dira 2003tik, eta 11 haur. Aurten, gainera, aspaldiko estatistikarik dramatikoena utziko du indarkeria matxistak: bederatzi emakume hil dituzte. 2005etik ez da halako sarraskirik izan: hamar andrazko hil zituzten urte hartan.

Baina zifra bat baino gehiago emateko erabili ohi dira datuak: zenbakien atzean dagoen errealitatea islatzeko. 2003tik hildako 98 emakume horien historiek argazki bat osa dezakete: zer den indarkeria matxista. Nork eta zergatik hiltzen dituen emakumeak. Nola funtzionatzen duen patriarkatuaren makineria feminizidak.

Zaurien mapa bat osatu nahi luke lan honek. Horrek esan nahi luke hilketa bakoitzak zauri bat eragin duela euskal gizartean, orbain bat utzi duela memoria kolektiboan. Nahi luke, akaso ez delako halakorik izan. Ahanztura politikotik eta ikusezintasun sozialetik atera berri da indarkeria matxista. Duela bi hamarkada, albiste labur batean ematen ziren hildako andreen kasuak, ematekotan. Orain hamar urte inguru hasi ziren erakundeak auziaz arduratzen, mugimendu feministaren diskurtso politikoa bere egiten; orduan hasi zen gizartea esnatzen. Egun, ordea, ohitzeko bidean da: inor gutxi asaldatzen du bortizkeria matxistak.

Hortaz, auziaren beste ikuspegi bat eman nahi du BERRIAren webguneak. Urtea hastearekin batera bortxa matxistaren kontagailua hutsean jarri ordez, 2003tik izandako zauri horiek datu batean bildu ditu, bortizkeriaren dimentsioa agerian uzteko, eta, aldi berean, zauri bakoitzari izen bat jarri dio, bidean galdutako biziez ohartzeko, eta, akaso, bizi horiei balioa ematen hasteko.

BERRIAn argitaratua (2018/11/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA