gizartea
Etenik ez duen sarraskia
Mikel P. Ansa
Etenik ez duen odol arrastoa uzten du indarkeria matxistak; etenik ez geografian, eta etenik ez kronologian. 2003tik Euskal Herrian gertatu diren hilketa matxista guztien datuak bildu ditu BERRIAk, eta horiek erakusteko propio sortutako webgune batean jarri ditu (berria.eus/bereziak/indarkeria-matxista). Indarkeria matxistak, izan ere, 98 emakume eta 11 adingabe hil ditu azkeneko hamasei urteetan, 2003ko urtarrila eta 2018ko azaroa bitartean. Hedabideek, instituzioek eta elkarteek, maiz, urteko hilketen bildumak egiten dituzte, baina etenik ez duen arrastoa da hilketa matxistena: kontagailua ez da hutsean jartzen urtarrilaren 1ean. Metatuz doan arazoa da, urteekin gero eta dimentsio handiagoa hartuz doana, eta gatazka horren tamaina osorik erakutsi nahi du BERRIAk webgune berri horrekin.
Hilketen datuak mapa batean erakutsiko ditu webguneak, eta kasu bakoitzaren xehetasunak irakurriko dira hildako emakume eta ume bakoitzaren fitxan, mapako puntu bakoitzean klik eginda. Kontsultak ere egin ahalko dira, urtearen, lurraldearen edota adinaren arabera iragazkiak jarriz. Maite Mutuberria ilustratzaileak sortu dio azaleko irudia webguneari. Emakunderen babesa jaso du proiektuak, eta etorkizunean zabaltzeko eta indarkeria matxistari buruzko ikuspegi osoago bat emateko anbizioz sortu da.
Hilketa matxistak ez ziren 2003an hasi. Adibidez, datorren urtean beteko dira hogei urte Laura Orue eta Virginia Acebes hil zituztela. Kasu sonatuak izan ziren, arazoari buruzko kontzientzian eragin zutenak. Baina 2003an sortu zen BERRIA, eta instituzioak ere garaitsu horretan hasi ziren feminizidioen datu ofizialak biltzen. Webguneko datuak atzerago joan zitezkeen denboran, hortaz, baina 2003 aurreko datu fidagarriak nekez eskainiko zituen kazeta honek; horregatik erabaki du denbora mugatzea.
Hilketa matxisten datu baseak erakusten dituen zifrak esanguratsuak dira, nolanahi ere. Feminizidioak soilik aintzat hartuta, andrazko baten hilketarik gabe Euskal Herriak igaro duen denbora tarterik handiena 285 egunekoa izan da. Ez da inoiz urte oso bat igaro, beraz, era horretako hilketarik gabe. 285 egun horien artean, edonola ere, gizonezko batek bere alabaordea hil zuen, Bilbon; 3 urte zituen neskatoak.
Hilketa matxisten datu base honetan, emakumeen eta umeen datuak aparte bildu ditu BERRIAk, eta emakumeen hilketak soilik landu ditu estatistikoki. Arazo gero eta nabarmenagoa da emakumeei kalte egiteko gizonek umeei min egitea edo hiltzea. 2003tik 2010era arte, behin bakarrik gertatu zen horrelako kasu bat Euskal Herrian, 2004ko otsailean, Hendaian (Lapurdi). Ordutik, handitu egin da ume hilketen frekuentzia: 2010eko urrian, 2011ko abenduan, 2013ko urrian, 2016ko urtarrilean eta 2016ko ekainean gertatu dira umeen hilketa matxistak. Azkeneko bi kasuak atzerrian gertatu dira: 2017ko maiatzean, Madrilen, eta 2018ko irailean, Castellon (Herrialde Katalanak).
Hiru hilabete baino lehen
Euskal Herriak behin izan du 285 eguneko epe bat feminizidiorik gabe, baina ez da ohikoena. Hamasei urteotako 98 hilketa horietan, bostetik behin soilik gertatu da 100 egun baino gehiagoko tarteak igarotzea: gainerako hilketak ehun egun pasatu aurretik gertatu izan dira. Alegia, feminizidio baten eta hurrengoaren artean hiru hilabete baino gutxiago igarotzen direla normalean, batez beste. Hilketa matxistek ez baitute etenik denboran.
Urteko datu bildumek ere hori erakusten dute: ez dago hildako emakumerik gabeko urterik. 2003a, 2006a, 2007a, 2015a eta 2016a izan ziren hilketa gutxien jazo zen urteak (bost edo gutxiago); hortik gora izan ohi dira gehienetan, ordea -umeen hilketak zenbatu gabe ere-. Urterik beltzenak, berriz, 2004a (zortzi) eta 2005a (hamar) izan ziren. Aurten ere bederatzi emakume hil ditu indarkeria matxistak. Zikloak badira, hortaz, baina etenik ez.
Lapurdin, hilketen %20
Ez dago eten geografikorik ere; lurralde guztiei eragiten die indarkeria matxistak. Baina badira datu adierazkor batzuk. Bizkaian gertatzen dira emakume hilketen ia %40 -Euskal Herriko herritarren %37 bizi dira han-. Lapurdiko datua, ordea, ez dator bat proportzioekin: Bizkaiaren atzetik, emakume hilketa gehienak Lapurdin gertatzen baitira (%20), eta Euskal Herriko biztanleen %8 baino gutxiago bizi baitira herrialde horretan. Umeen hilketa matxistetan ere nabari da koska hori: datu basean agertzen diren hildako 11 ume horietatik, hiru hil dituzte Lapurdin -konparaziorako: Gipuzkoan bi ume hil dituzte 2003tik gaur arte; Bizkaian, bat; eta Araban, beste bat-.
Bada beste datu bat, Lapurdiko ezohiko zifren gainean fokua jartzen duena berriro. 93 gizonezkok hil dituzte emakumeak hamasei urteotan Euskal Herrian. 93 horietatik 30 (heren bat) saiatu dira beren buruaz beste egiten krimenaren ostean -horietatik 22 hil ziren-; bada, suizida horietatik heren bat (11) Lapurdin bizi ziren. Guztiz ezohiko kopurua da, batezbestekoak aise gainditzen dituena: Bizkaian halako zazpi kasu izan dira 2003tik; Nafarroan, sei; Araban, bat; Baxenabarren, bat; eta Gipuzkoan, bat.
Bizkaiaren eta Lapurdiren atzetik, Nafarroan (ia %18) eta Araban (ia %15) gertatu da emakumeen hilketa matxista gehien. Gipuzkoako datuak dira kontrako puntua: hamasei urteotan zazpi emakume (hildako guztien %7 eskas) eta bi ume hil dituzte; biztanleriaren kontzentrazioari erreparatuta, proportzioen logika batean, Lapurdiren, Arabaren eta Nafarroaren gainetik behar zukeen Gipuzkoak, baina kontrako joera bat agertzen du: beste herrialdeetan baino hilketa matxista gutxiago gertatu dira herrialde horretan. Zuberoan, berriz, ez dute hil ez emakumerik, ez umerik urte horietan.
Donostian, feminizidiorik ez
Nonahi eta noiznahi gerta liteke hilketa matxista bat, beraz. Baina, aldi berean, hiri eta herri jakinetan oso kontzentratuta daude urteotan gertatu diren kasuak. Guztira, 49 herritan gertatu dira feminizidioak, eta guztira hil dituzten 98 emakume horietatik erditsuak (48) bederatzi herritan hil dituzte. Hauek dira: Bizkaian, Bilbo, Barakaldo, Durango eta Santurtzi; Araban, Gasteiz; Lapurdin, Baiona, Angelu eta Hendaia; Nafarroan, Iruñea. Horiez gain, zortzi herritan bina emakume hil dituzte, eta beste 32 hilketak 32 herritan gertatu dira.
Atentziorik handiena ematen duena: Donostian gizonek ez dute emakumerik hil. Bilbo alde batera utzita ere (hamabi andrazko hil dituzte han), Gasteizen (zortzi), Baionan (bost) eta Iruñean (lau) ere hilketa asko gertatu dira. Donibane Garazin ere hil zuten emakume bat. Alde horretatik, Mauleko datuen pare dago Donostia, Zuberoako hiriburuan ere ez dute emakumerik hil eta. Aldiz, Donostian mutiko bat hil zuten, 13 urtekoa. Edonola ere, 2003tik hildako hamar emakumetik hiru bizi ziren hiribururen batean; eta biztanleriaren proportzioa antzekoa da, herritarren heren bat inguru bizi baitira hiriburuetan.
Erdiak, 40 urtez azpikoak
Hildako emakumeen adinari erreparatuz gero ere, ez da etenik nabaritzen. Adin tarte guztietako emakumeak hil dituzte gizonek hamasei urteotan. Baita umeak ere. Hala ere, adin tarte jakin batzuetako emakume gehiago hil dira indarkeria matxistaren ondorioz, eta horrek adierazten du kalteberagoak direla adin jakin bateko emakumeak. Hildako 98 emakume horietatik erdiek zituzten 39 urte baino gutxiago.
Zehazki, feminizidioetan hildako hiru emakumetik batek zituen 30 eta 39 urte artean (29 emakume). Baina 16 eta 29 urte arteko 21 emakume ere hil dituzte gizonek urteotan; eta 40 eta 49 urte bitarteko hamazazpi emakume ere bai. 50 urtetik gorakoen artean jaitsi egiten da intzidentzia tasa, baina haien artean ere badira hildako emakumeak, eta ez gutxi: 50 eta 59 urte arteko bederatzi emakume hil dituzte gizonek 2003tik; 60 eta 69 urte artean zituzten hamar ere bai; eta 70 urte baino gehiago zituzten hamabi.
Datu horrek badu zerikusia familia bizitzaren garapenarekin. Feminizidioak, batez ere, bikote heterosexual egonkorretan gertatzen dira; 2003tik hildako emakumeen erdiak inguru (45) beren bikotekide gizonezkoek hil dituzte. Eta beste laurden bat (24), bikotekide ohiek -ez gutxitan, bereizten hasitako bikoteen kasuetan gertatu dira hilketak-. Eta horrek badu lotura bat biktimen adinarekin ere. Emakume zaharragoen hilketek, askotan-ez beti-, familiako bestelako kontuekin zerikusia izan ohi dute. Adin handiko emakume asko beren semeek hil dituzte (zortzi), baita suhiek ere (lau), edota ilobek (bi). Horrekin batera, esanguratsua da hildako emakume gehienei babesleku beharko luketen etxebizitzan bertan kendu dietela bizia; 98tik, gutxienez, 70 hil dituzte beren etxean.
Gertukoak izaten baitira emakumeen hiltzaileak: senarrak, bikotekideak, bikotekide ohiak, aitak, semeak... Kasuen erdietan, gutxi gorabehera, gizonezko bikotekidea izan zen hiltzailea; eta hilketen laurdenak bikotekide ohiek edo bereizten ari ziren gizonek egin zituzten. Gutxiagotan gertatu ohi da, baina badira ezagunek hildako andreak ere: hamar. Bestelako kasuak, gizon ezezagunek hildako emakumeen kasuak, hiru gertatu dira 2003tik gaur egun arte.