astekaria 2016/01/15
arrowItzuli

bizigiro

Bigarren bizia emateko asmoz

Lander Muñagorri Garmendia

Bigarren bizia emateko asmoz

Libu liburu denda jartzen du Bilboko Harategizar kalearen 7. zenbakian dagoen lokaleko kristalean. Denda berria da; horren berria, oraindik ate gainean Corvedi Serantes aurreko dendaren izena jartzen baitu harrian zizelkatuta. Hilabete ere ez darama izen berriko dendak Bilboko Zazpikaleetan; erronka berri bat, Borja Agirre bertako kidearen arabera. «Urtero bi liburu denda ixten dira, eta gu joera hori apurtzera etorri gara». Ez dute, ordea, edonolako liburu denda jarri martxan. Bigarren eskuko liburuak saltzen dituztelako batetik, eta denda soziala ere badelako bestetik. Dendaren kristalean liburu denda jartzen du, baina hori baino askoz gehiago ere bada atez barruko lokala.

Hain zuzen Zubietxe elkartea dago liburu dendaren atzean. Gizartean baztertuta dauden pertsonekin egiten dute lan elkarte horretan. «Txirotasun handia dago Bizkaian, eta muturreko pobrezia txikiagoa» den arren, horiekin egiten dute lan. Egoera horren ondorioz arazo psikologiko, ekonomiko eta sozialak dauzkaten pertsonak berriz gizarteratzeko egiten dute behar. Eta horiez gain, halako arazo larririk ez duten etorkinekin ere bai. «Askok, esaterako, ez daukate arazo psikologikorik baina integratzeko zailtasunak dauzkate, eta horretan laguntzen ditugu». Agirre azalpenak ematen ari dela, bi etorkin sartu dira Libu liburu dendan. «Lagun bat aurkeztera nator», azaldu dio horietako batek. Minutu gutxi barru, berriz ere kanpora bidean dira biak.

Hain zuzen, horretarako ere bada liburu denda, «Zubietxe elkarteak egiten duen lanaren erakusleiho izateko». Izan ere, orain arte eurena bezalako elkarteek ateak itxita lan egin dutela azaldu du Agirrek. Hau da, «lan profesional handia egin dugu, baina prozesua amaitzen zenean, jendearen integrazioa zaila izaten zen». Eta ez hori bakarrik, gizartean ere jende askok ez daki zer egiten duten halako elkarteek pertsona horien integrazioa lortzeko. Horregatik pentsatu dute Zubietxe elkartetik gizarteari ateak zabaldu, eta euren lana ezagutzea emateaz gain, integrazioan ere pausoak ematea. Alegia, gizarteratzeko zailtasunak izan ditzaketen pertsonak eta herritarrak harremanetan jartzea.

Apur bat geroago beste etorkin bat sartu da liburu dendara, eta Serge Yiepmou ozenki agurtu du. Elkarteko beste kideei ere kasu egin die ondoren, eta berriz kalera irten da. Agirre hitz egiten ari den bitartean dendako zorua garbitzen ari da Yiepmou, 2009an elkartean sartu zen kamerundarra. «Nire bizimodua bilatzeko asmoz inguratu nintzen elkartera, eta ahalegin handia egin dute nire egoera bideratzeko». Sei urte daramatza elkartean, eta noizbehinkako lanekin borondatezko lana partekatzen du. «Eurek niregatik horrenbeste egin ondoren, nola ez nuen nik beste hainbeste egingo?», dio. Egunero igarotzen da liburu dendatik, egin beharrekoetan laguntzeko.

Bigarren eskuko liburuak

Liburu dendan sartu bezain pronto, zahar kutsua sumatzen da. Altzari vintage-ekin txukun antolatuta dago denda guztia, «orain modan dagoen bezala», Agirreren arabera. Apalategi birziklatuetan gaika eta generoaren arabera sailkatuta daude birziklatutako liburuak. Hori ere badelako dendaren beste helburuetako bat: liburuak birziklatzea, eta etxeetan hautsa biltzen ari diren liburu horiei erabilera ematea. Donazio bidez jasotzen dituzte liburu horiek, eta hiru euroren truke saldu. «Elkarteari eta behar gehien duten pertsonei diru laguntzak jaitsi egin zaizkie, eta hori ere bada helburuetako bat, diru hori behar den lekura bideratzea». Hala ere, irabazteko tartea txikia dela aitortu du, «liburu dendaren alokairua eta soldatak ere ordaindu behar direlako». Edozein modutan, oraingoz zenbakiak ongi atera zaizkie.

Hilabete besterik ez daramate martxan, baina denbora tarte horretan lortu duten harrerarekin gustura azaldu dira Libuko kideak. Gabonetarako zabaldu zituzten ateak, eta gutxienez otsailera arte egongo dira han. «Orduan ikusiko dugu ea proiektua bideragarria den ala ez; liburu dendak erakusleihoa izan nahi duen arren, ezin dugulako galerak eduki».

Otsail amaieran ikusiko dute proiektuak aurrera jarraituko duen ala ez, baina oraingoz itxaropentsu hitz egiten dute Arregik eta Myrsini Iliopoulou dendako beste kideak. «Jende asko etorri da erostera, eta horrez gain, jende asko etorri zaigu euren liburuak bertan uztera», azaldu dute. Hainbeste, atzo goizean bertan sobera zituzten liburuak furgonetaz eraman behar izan zituzten Zubietxeren egoitzara. «Negozioak ondo funtzionatzen badu, etorkizunean liburuak Internet bidez ere saldu nahiko genituzke», dio Agirrek. Urrun ikusten du aukera hori, baina itxaropentsu diren seinale ere bada. Oraingoz, liburuak Harategizar kalean salduko dituzte, eta horrez gain, hitzaldiak eskaintzen ere hasiko dira. Lehenengoa Josune Muñoz Skolastikako kideak emango du, asteartean, 19:00etan.

BERRIAn argitaratua (2016/01/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA