iritzia
Zapatillak jasotzeaz
Mikel Elorza
Ordena argudiatu dute Tijuanako karabanari eraso egin diotenek. Burura etorri zait haietako batzuek esan diezaguketela, karabanaren alde gaudenoi —gu alde gaude, ezta?—, ez garela bertakoak eta ezin dugula ondo ulertu hango gertakizun hura, baina agian beste desfile batekin nahasten ari naiz, plastiko beltz batzuek entendimentua ilunduko balidate bezala... Ordena argudiatu dute, alegia, eta atzerritarren aurka egin.
Gu haien alde gaude, Mediterraneoko uretan itotzen direnen alde gauden bezala. Edo jada ahaztuxe ditugun Serbiako mugakoak, edo Turkiakoak, edo... Gu haien denen alde gaude; eta batez ere urruti. Distantziak asko laguntzen baitu elkartasunean. Zeren eta oso hurbil tokatzen zaizunean, askatasuna eta desberdintasuna kudeatzea jada ez da hain erraza, eta ordena ez diogu deituko akaso, baina gure bizimodua aztoratu ere egin daiteke —aztoratu = desordenatu?—, eta orduan askoz gutxiago dira benetan alde daudenak. Batzuk bai, eta Hendaia eta Irunen erakusten dute egunero, adibide bat jartzearren. Eta gainerakook alde ere bagaude, nolabait, baina aldameneko eskolan nahiago ditugu, edo kuadrillan, edo ezkaratzean... Ez gaitezen, dena den, horrekin larregi hilduratu: ohikoena da, babesa, hurbilekoa, ezaguna... Besteak eskatzen du esfortzua.
Ordena aldarrikatzen dute Madrilen Femenekoak ostikoz eta putas irainka hartu dituztenek ere (putas, lesbianas... nola errepikatzen diren gauzak, ez? Baina ez ditzadan desfileak nahas berriro).
Ordena da —egonkortasun adieran—, halaber, «ekonomia ondo joan dadin» baldintzetako bat. Eta inportantea behar du Ekonomia jaunaren (femenino deklinatzen dute aldameneko hizkuntzetan, baina nik señoro ikusten dut) ondo joan behar horrek, zeren eta justifikatzen ditu zernahi errepresio eta murrizketa. Hezur hautsi eta odolbilduen gainean eraiki diren diktadura guztietan ekonomia ondo joatea faktore inportantea izan da (bide batez, zertan hasiko gara orain hezurrak eta odolbilduak azalera ekartzen ekonomia ondo baldin badoa? ).
Ordena eta honezkero ulertua behar du ez naizela ari egongela erdian utzitako zapatez; paper meta sailkatu gabeez; ordutegi zehaztuez... da aspaldion mundua alde batetik bestera korritzen dabilen mamu hori; duela 170 urtekoa ez, bestea. Errefuxiatu eta migrante milaka horiek atzetik dabilkiten mamua da ordena, batzuetan ageriko egiten dena, manifestazioetan, kolpeetan, arauetan, mugetan, harresietan, baina bestela ere konpainia ikusezin dutena. Erbesteratuok gauez entzuten dituzten kate hotsak, haize txistuak, sirenak, sarraila-aieneak... horiek denak Ordena izeneko mamua dira. Munstro beldurgarrietan beldurgarriena.
Eta erne, hori ere gugandik urruti balego legez, zeren eta mamu hori milaka espirituren batura baino ez da: espiritu txiki askorena, zapatillak bai jasotzen eta jasotzen ez dituztenena.