kultura
Eta Alizia euskaraz hitz egiten hasi zen
Ainhoa Sarasola
Liburua osorik euskaraz irakurri ahal izateko, baina, beste 21 urte itxaron behar izan ziren, Manu Lopez Gasenik 1989an euskaratu baitzuen, lehen aldiz, obra osoa: Pamiela argitaletxeak kaleratu zuen lana, Aliceren abenturak herrialde miresgarrian izenburupean. EHUko irakasleak sakon aztertua du Carrollen obra ezagunena eta haren inguruan egin den itzulpengintza lana, eta ezaguna du Berriatuaren idazlan hura ere. «Itxura guztien arabera, 1968koa da, baina liburuan bertan ez da argitalpen urterik agertzen», zehaztu du. «Hasteko, esan behar da bertsio oso-oso laburtu bat zela; hamabi orrialdeko liburu bat da, ilustrazio handiekin eta testu oso gutxirekin. Roberto Canadier izeneko baten ilustrazioak ditu. Bizkaieraz dago testua; xumea da, oso erraz irakurtzen da. Eta, ziurrenik, italieratik euskaratu zuen berak». 2015ean, Carrollen obraren 150. urteurrenaren harira, biltzar bat egin zen New Yorken, eta liburuaren orain arteko ikerketa sakonena aurkeztu zen han; mundu osoko itzulpenen informazioa jaso zen —Lopez Gasenik ere parte hartu zuen hartan—, eta, bertan ageri denez, italierazko bertsioa da Canadierrek ilustraturik agertzen den lehena. Beraz, hamabi orrialdeko laburpen hura lehenik italieraz egin zela uste du irakasleak, eta gero itzuli zela beste hizkuntza batzuetara, tartean arabierara, finlandierara, alemanera eta hebreerara.
Baita euskarara ere. Euskaltzale nekaezina izan baitzen Berriatua. Besteak beste, Anaitasuna aldizkariaren sortzailea izan zen, eta zuzendaria ere bai hainbat urtez. 1961ean, euskaltzain urgazle izendatu zuten. Hizkuntzak ikasteko «aparteko trebetasuna» zuela dago jasota Bidegileak bilduman hari eskainitako testuan: euskara, gaztelera, frantsesa, ingelesa eta alemana menperatzen zituela, italiera nahiz katalana ulertzeko gai zela, eta grezieraz eta latinaz gain hebreera ere ikasi zuela, zehazki. Jerusalemen maiz izan zela azaldu du Lopez Gasenik. «Garai hartan, oso interesatuta egon zen hango hezkuntza sisteman eta hizkuntza berreskuratzeko bideetan». Horren erakusgarri dira euskara irakatsi eta ikasteko metodoei buruz idatzi zituen lanak. Aliziaren abenturak hebreerara ere itzuli ziren 70eko urteetan, hots, euskarara baino beranduago, eta Lopez Gaseniren hipotesia da agian Berriatuak eraginik izan zuela horretan. Hamabi orrialdeko testu bera baita hebreerazkoa, Canadierren ilustrazio berberekin.
Haur literaturako beste hainbat klasiko ere itzuli zituen euskarara Berriatuak, Alizia gauza miragarrien munduan-en bilduma berbererako —tartean, Pinotxo, Mari Errauskin, Edur zuritxo eta zazpi epoak, Berunezko soldadutxoa, Katua zapatakaz, Paitakume itsusia...—. Eta Berriatuaren ondotik, beste hainbatek itzuli zuten Aliziaren istorioa euskarara: Jose Maria Satrustegik 1974an, Cruz Mujikak 1979an... Lehena bezala, laburpenak izan ziren ondorengo guztiak ere, Lopez Gasenik liburu osoa itzultzeari heldu zion arte.
Haur zein helduentzat
Txalupa txango batean du ernamuina klasikoak. Ezaguna da pasadizoa. Tamesis ibaian barrena txalupa batean zihoazela, 1862ko udan, Lewis Carrollek Alice izeneko neskato baten abenturak kontatu zizkien bere lankide baten hiru alaba gaztetxoei, Lorina, Alice eta Edith Liddell ahizpei. Istoriook paperera eraman zituen gero, Aliziaren abenturak lurrazpian izenburuarekin, neskatoei Gabonetan oparitzeko. Lagunek animatuta, baina, testuari aldaketak egin, eta argitara eman zuen 1865ean, Aliziaren abenturak herrialde miresgarrian izenburupean —Alice's Adventures in Wonderland jatorrizkoan—, John Tennielen ilustrazioek lagunduta.
Berehalako arrakasta izan zuen lanak: bi urtean, 13.000 ale saldu ziren, eta Carrollen izena ere azkar egin zen ezagun. Handik urte batzuetara, 1872an, istorio haren jarraipena idatzi zuen, Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena. Eta 1889an, azkenik, Alizia haurrentzat plazaratu zuen, haur txikientzat lehen liburuaren egokitzapen bat. Hirurak osorik euskaratu zituen Lopez Gasenik, eta Aliziaren abenturak herrialde miresgarrian lehen lan haren beste itzulpen bat ere osatu zuen 2015ean, 150. urteurrenaren harira. Pamielak argitaratu zuen hura ere, eta, jatorrizkoan bezala, Tennielen ilustrazioek jantzi zuten.
«Itzulpen berria izan zen, ez du zerikusirik 1989koarekin. Aldaketa asko egin nituen, eta uste dut irakurgarriago geratu zela, egokiago berezko irakurlearentzat», dio irakasleak 2015eko argitalpenaz. Lehen itzulpenean literaltasuna gordetzera jo zuen, eta bigarrenean, berriz, liburuko hainbat pasadizo etxekotzeko hautua egin zuen. Poemak, adibidez. Carrollek garaiko irakurleentzat oso ezagunak ziren kantuak «aldrebestu» zituen. «Umeek eskolan kantatzen zituztenak dira, nahiko zurrunak, eta kantu horien bertsio barregarriak egin zituen Carrollek», azaldu du Lopez Gasenik. «Hori izan zen aldatzeko lizentzia hartu nuen gauza bakarra. Poema horiek, literalki itzuliz gero, ez dago ulertzerik, ezin da harrapatu Carrollen ironia edo aldrebeste lana». Hala, gaur egungo euskal irakurleak ezagutzen dituen testuak aldrebestu zituen itzultzaileak, «antzeko efektua lortzeko».
Obrak bere garaian izan zuen arrakasta ulertzeko hainbat gako eman ditu Lopez Gasenik: «Esaten da Carrollek asmatu egin zuela bi eredu integratzen, bakoitzak bere aldetik arrakasta zuena, baina biak batera oso arrakastatsu gertatu zena». Ipuin tradizionala eta haren fantasia da bata. Bestea, «Ingalaterran garai hartan modan jartzen ari zen literatura mota bat, nonsense delakoa, zentzugabearen poesia. Bi horiek uztartuta lortu zuen zerbait berria egitea, ordura arte inork egin ez zuena». Tennielek ere jarri zuen bere alea, irakaslearen ustez oso ezaguna baitzen garai hartako kazetetako bere irudiengatik, «eta lan bikaina egin zuen Carrollentzat».
Hala, haurren artean bakarrik ez, helduen artean ere izan zuen arrakasta liburuak, «helduentzat erakargarriak ziren keinu asko» baitzituen testuak. Ironia, ametsaren eta errealitatearen arteko muga lausoa... hainbat osagai harilkatuz, helduek ere gozatzeko moduko istorio bat eraiki zuen. «Hartzaile bikoitza esaten diogu horri. Testu berarekin, zuzentzen zaio umeari eta egiten dio keinu helduari, eta, helduaren onespenarekin, testu hori aurrera doa». Ez da beti horrela izaten, itzultzailearen esanetan, bai baitira umeentzat oso erakargarriak diren liburuak, baina «helduentzat susmagarriak direnak» aldi berean. «Horiek ez dira hezkuntza sisteman sartzen, adibidez, eta sistematik kanpo geratzen dira, nahiz eta historikoki umeek bilatu izan dituzten, irakurri ahal izateko». Alderantziz ere gertatu ohi da beste zenbait lanekin; helduarentzat balekoa izatea, baina haurrarentzat aspergarri gertatzea.
Bere liburuarekin, bi mundu horiek bateratzea lortu zuen Carrollek. Eta, urteak igaro arren, klasiko ezagunenetako bat da oraindik ere haren lana.