astekaria 2018/11/24
arrowItzuli

iritzia

Gizonen arazoa

Itziar Diez de Ultzurrun

Gizonen arazoa Itziar Diez de Ultzurrun

Azaroaren 25a berriz heltzear dugun honetan, egoki da oroitzea gure aurreko jakintsuek esan zituztenak. Oroitzea, adibidez, Simone de Beauvoirek joan den mendean esan zuela emakumearen arazoa beti izan dela gizonen arazoa; izan ere, bistan da garai hartan bezainbesteko egia dariola esaldiari orain. Beauvoiren gogoeta hori abiaburu hartuta sorta bereko esaldi gehiago jos genitzake, hala nola «emakumearen aurkako indarkeriaren arazoa beti izan da gizonen arazoa», eta berdin segituko luke egia handia izaten. Eta esan genezake, halaber «emakumeen bortxaketa beti izan da gizonen arazoa». Dagoeneko guztiok dakigu hala dela. Jendaurrean aitortu ala ez. Nork bere buruari aitortu ala ez.

Kontua samurtu dezakegu, hitzak zaindu eta mezua ñabartu entzuleak limurtzeko edo baten batzuk sobera haserretu ez daitezen saiatzeko, baina badakigu egia hori erabat eta zabal onartu arte ezin izanen zaiela gaitzaren erroei heldu.

Horren jakitun garen heinean alferrikakoak iruditzen zaizkigu emakumearen kontrako erasoren bat gertatu eta gero oraindik entzun ohi ditugun azalpen mota batzuk, zeinek baitiote, esate baterako, erasotzaile jakin horren arazo psikologikoren baten edo berezkoa duen indarkeriarako bulkada ezin eutsizko baten ondorio tamalgarria izan dela.

La Fontainek, garai zaharragoetako beste jakintsu batek, fabuletako batean honelako galdera erretorikoa botatzen zuen: «othe da nihon herririk ema yotzaille gaberik?», agerian jarriz jada gaitz hura soziala zela eta ez soilik norberarena. Hedabideetan eta gizartean, hala ere, oraintsu arte ez zaio ertz soziokulturalari behar bezala begiratu eta, horrenbestez, ez ikusiarena egin zaio auziaren korapilo nagusiari: gizonak mundua menderatu eta kontrolatzeko hezi direla berriki arte; gizonei irakatsi egin zaiela indarkeria baliabide zilegizkoa dela beren botereari eusteko eta amorrua erakusteko. Eta, beraz, zilegizko bitarteko bat dela uste dutenez, ez dute zigorrik espero.

Zer egin dezakegu orduan? Aunitz gauza, segur aski, baina izan bada bat berebiziko premia duena, ezin gibeleratuzkoa baita: gizonek bere gain hartu beharra dute indarkeria mota horren ardura, baina ez errudun miserable sentitzeko, baizik eta lantzen has daitezen gizon izateko eredu berrietarako oinarriak. Horretarako, lehenik, gaiaz hitz egiten hasi beharko lukete, luze eta zabal, beren artean eta gurekin, bakarka eta taldeka; izan ere, harritzekoa da zer gutxi hitz egiten duten gizonek indarkeria matxistaz, kontuan izanik beraiek direla bortizkeria horren eragile eta erantzule.

Bestetik, hemengo eta oraingo gurasoon erronka nagusia da bestelako ereduak irakastea neskei eta mutilei, eta batez ere mutilei; etxetik beretik hasiz, nola ez, baina baita berdintasuna eraikitzen lagundu nahi duten ekimen instituzional zein sozialei gure atxikimendua eta babesa erakutsiz ere. Ozen esanez, adibidez, Sskolaeren aurkako erasoak gure seme-alabak berdintasunean hezteko dugun eskubidearen kontrako erasoak direla, eta gurasooi eskubide hori defendatzea dagokigula, genero berdintasuna giza-eskubide bat delako, eta garapen iraunkorrerako 2030 Agendako helburuetako bat.

Horregatik, hezkuntza erakundeei irmo eskatu behar diegu bermeak jar ditzatela Porno Eskola bezalako hezkuntza proiektuak garatu ahal izateko; defenditu behar gaituztela heziketa-egitasmo feministen kontra dauden guraso elkarteen aurrean. Proiektu horien bidez denok dugu-eta zer irabazia, zeren, irudi duen arren gizonen nagusigoa oinarri duen sistema sexista honek arrei onurak baizik ez dizkiela ekartzen, aise ikusten baitugu, sakonago begiratuz gero, denak zauritzen gaituela: Despentes jakintsuak esanen lukeen bezala, sistema horrek zimeldu egiten du ez ar eta ez eme ez den gure baitako King Kong ahaltsua.

BERRIAn argitaratua (2018/11/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA