politika
MERCE BARCELO
«Estatus berriak aurrera egin dezan, akordio politiko bat beharko du atzean»
Jon O. Urain
Egon dira erabakitzeko eskubidea Espainiako ordenamendu juridikoan jasotzen dela argudiatzeko saioak, baina bistan da erantzuna. Zenbateraino merezi du eztabaida juridikoak, legea borondate politiko baten arabera aplikatzen bada?
Merezi du, horrela behar du, komeni delako esatea Espainiako marko konstituzionalak ahalbidetzen duela erreferendum mota hori jasotzea, printzipio demokratikotik abiatuta. Eta komeni da diskurtso konstituzionalari uko ez egitea, litekeena delako Europako Batasunak erreferendum bat eginaraztea. Denborarekin. Oso garrantzitsua da etengabe esatea hori, gatazka politikoa erreferendum batean konpondu beharko baita halabeharrez; ez jazarpenarekin.
Ikusita urriaren 1ari eman zitzaion erantzun poliziala eta orain ematen ari zaion erantzun judiziala, erabakitzeko eskubidearen defentsaren fase berri batean sartu gara?
Erabakitzeko eskubidea beharrezko errealitate bat da, gatazkaren irtenbidea delako, itun bat izango denez gero. Aldebakarreko irtenbideak amaitu dira, nahiz eta ez diren bukatu aldebakarreko jarreren ondorioak. Ondorio horietatik etor liteke erreferendum adostu bat. Oraingoz, ikusi dugun ondorio bakarra jazarpena izan da, baina gero eta ahots gehiago daude Europan esanez hau galdeketa batekin konpondu beharra dagoela, urteetako eskakizuna dela. Alegia, ez dela soufflee bat.
Esan izan duzu eskubide ugari, testu konstituzionalean jasota ez badaude ere, jurisprudentziaren bidez aitortuak izan direla, zuzenbidearen garapen ebolutibo bat egiten dela. Ez da hala gertatu erabakitzeko eskubidearekin.
Datuen babeserako eskubidea edo sexu bereko bikoteen ezkontza eskubidea, besteak beste, ez daude preseski Espainiako Konstituzioan jasota. Baina, aldarrikapen sozial bati erantzunez, ordenamendu juridikoan jaso dira. Jurisprudentzia bidez zabaldu izan dira eskubideak. Baina estatua da ulertu behar duena gatazka politiko bat daukala, eta marko konstituzional nahikoa duela era baketsuan konpontzeko.
Orduan, urriaren 1eko erreferenduma igarota eta ondorioak ikusita, erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena alboratzeko garaia da, edo horrelako ariketa gehiago gauzatzekoa?
Ez da alboratzeko garaia; estatuaren eskaintza orain estatutu bat da, atzera egitea, baina autonomia erkidego izatearen autokontsiderazioa jada ez da existitzen. Ez dakigu zer garen, baina jada ez gara autonomia erkidego bat.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko beste argudioetako bat da nazioarteko zuzenbideak autodeterminazio eskubidea jasotzen duela.
Urriaren 1eko erreferenduma nazioarteko zuzenbidearen arabera egin zen, baina ikusi dugu nazioarteko zuzenbidea oso praktikoa dela; aitortzen bazaituzte estatu gisa, estatu bat zara, eta ez bazaituzte aitortzen, ez zara.
Nork aplikatzen du, ordea, nazioarteko zuzenbidea?
Hor dago koska. Estatuek... eta Nazio Batuen Erakundeak. Ikusi dugu U-1ak ez zuela ondoriorik izan nazioartean, baina oraindik ez ditugu ikusi U-1aren ondorio guztiak.
Autodeterminazio eskubidea, ordea, oraindik aplikatzen da; esaterako, duela bi aste, Kaledonia Berrian.
Bai, ulertzen baita koloniak direla, itsasoz gaindiko lurraldeak. Ez dakit zein den bidea, baina uste dut gatazkaren nazioartekotzea oso garrantzitsua dela; gatazkak Katalunia subjektu politiko gisa jarri du Europan, eta Europan badakite arazo larria dutela Espainiaren independentzia judizialarekin. Badakite, elkarte ugari salatzen ari garelako Nazio Batuen Erakundearen eta Europako Kontseiluaren aurrean. Horrek behartuko du erreferendum adostu bat egitea; adostua, edo Espainiari inposatua. Espainiaren batasuna metazuzenbidetzat jotzeko ideia hori oso zabaldua dago sistema politikoan, Podemosen ez beste alderdi guztietan. Horregatik, Espainiak ez du iritzia aldatuko; aldaraziko dute.
Zer iritzi duzu Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak onartutako oinarrien inguruan?
Aztertu ditut, eta uste dut akordio politiko batek egon beharko duela horren atzean. Izan ere, testua hasten da esanez Euskal Herria herri subiranoa dela, eta horrek erabat egiten du talka Espainiako Konstituzioarekin. [Jaurlaritzako lehendakari ohi Juan Jose] Ibarretxeren planaren modu berean hasten da testua. Zer egin nahi den da kontua: estatutu bat egin nahi den marko konstituzionalaren barruan, edo horretatik kanpo. Gu saiatu ginen 2006an marko konstituzionalaren barruan egiten, eta esan ziguten ezetz. Beraz, oinarriei ez diet etorkizun luzerik ikusten; betiere, atzean ez badago akordio politiko bat, PP eta Ciudadanos hartzen dituena.
Oinarri horiek erreferentzia egiten diote Espainiako Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarriari. Bide bat da?
Hain da irekia, beste behin politikaz ari gara. Konstituzioaren 1.2 artikuluak esaten du subiranotasun nazionala Espainiako herriari dagokiola. Ulertzen baduzu lehen xedapen gehigarrian salbuespen bat dagoela, interpretazio horretatik legeria garatzeko bide bat zabal daiteke. Baina, bide hori zabaltzen baduzu, Kataluniari ere ireki diozu. Espainiarentzat, mahaian esertzea bera porrot bat da, parekoa subjektu politiko gisa aitortzen baitu horrela. Horregatik, ez du eseri ere egin nahi.
Izan ere, badago erabakitzeko eskubiderik burujabetzarik gabe?
Gutxienez, subjektu politikoaren aitortza bat egon behar da. Kontua da konstituzioa ulertzen dela guztiaren jatorri gisa, aurretik ezer ez balego bezala. Hori esan izan du Auzitegi Konstituzionalak. Baina arau juridikoak ez dira testu itxiak, interpretaziorako tartea ematen dute. Eta doktrinak esaten du bi aukera ematen dizkizun arau baten aurrean beti aukeratu behar duzula oinarrizko eskubideak gauzatzeko bidea ondoen ematen duen edo gutxien mugatzen duen aukera; izan botoa, adierazpen askatasuna...
Erreferendumaren ukapena, jazarpen poliziala eta judiziala. Zenbaterainoko zilegitasun falta jasan dezake zuzenbide estatu batek? Aurtengo abuztuan, Javier Perez Royo irakasleak BERRIAn esan zuen konstituzioa indargabetuta dagoela de facto.
Ez dut uste horrela denik, oro har; indargabetuta dago euskal eta kataluniar independentismoa jazartzeko. Baita adierazpen askatasunaren alorrean egindako atzerapausoagatik ere: Valtonyc, txotxongilolariak... Kataluniako preso politikoen auzian, uste dut erabat alboratuko dutela beren zuzenbide estatua. 2017ko GRECO txostenak 21 estatu aztertu zituen, eta Espainia 21.a zen independentzia judiziala bermatze aldera hartutako neurriei zegokienez. Ez diogu guk. Kataluniako auzian hiru prozesu judizial handi daude: aurrena, adierazpen eta bilera askatasunaren aurkakoa, Jordiena; bigarrena, Parlamentuko Mahaiaren aurkakoa, jardun parlamentarioan eztabaida bat bideratzeagatik; hirugarrena, ideia politikoen jazarpena, politikarien aurkakoa.
Frogatu behar da ez dela epaiketa justu bat izango, epaia emana dagoela. Baina askok ez dute indulturik onartuko, eta espetxean egon beharko dute Giza Eskubideen Europako Auzitegiak auziaz ebatzi arte. Baina, ordurako, zazpi-zortzi urte igaroko dituzte espetxean.