iritzia
Nazioarteko egun mundialak
Maddi Zubeldia
Egutegian 478 ospakizun kontatzen dira. 1950ean sortu zen lehena, abenduaren 10ean finkatua den giza eskubideen aldeko nazioarteko eguna, eta, geroztik, defendatu beharreko kausen artean zernahi gai bitxi jin da zerrenda luzatzera.
Bitxikerien katalogoan badago zer hautatua: makarroien eguna, belgikar patatarena, nagiarena, bulegoak txukuntzearen eguna, ilegorriak besarkatzearen eguna...
Goresmenaren nazioarteko egunera ez nituzke gonbidatuko bizarraren egunaren eta krispetarenaren asmatzaileak, ezta burko borrokaren egunarena ere... zer erranik ez Eguberriko trikotaren egunaz...
Eta badago hasiera batean bitxikeria dirudien arren hobeki begiratuta garrantzi handiko egunik ere. Azaroaren 19an, nazioarteko komunen eguna da. Izan ere, egun horren helburua zera da, munduko hiritarrak sanotzearen krisiarekin bukatzeko garrantziari ohar daitezen.
Hori ez da txantxa, ez da maiz aipatzen den gaia, baina komunek biziak salbatzen dituzte, giza gorotzek eragindako eritasun hilkorren hedapena ekiditen baitute. Gaur egun, 4,5 miliar jende etxean komunik gabe bizi da eta 892 milioi kanpoan libratzera behartua da.
Aurtengo gaia «naturak deitzen gaituenean», ideia orokorrago baten parte da, hau da gure inguramena ageriko isurbide bilakatzen ari garela oharturik, ekosistema zaintzen duten sanotze sistemak asmatu behar direla aldarrikatu nahi da.
Azpimarratzekoa, munduko eskolen herenak komunik ez duela, arazoa larriago izaki neskek hilerokoa dutelarik, eta 900 milioi ikaslek ez du eskuak garbitzeko muntadurarik, egoera horrek eritasun hilkorren hedapena errazten duelarik.
Haurrak dira arriskupean bereziki beste pertsonen gorotzen hondakinak irensten dituztenean. Oinutsik dabiltzanez edota lurretik arrastaka, ahora zernahi eramaten dute eskuak garbitu gabe. Bost urtez peko haurren heriotza tasarik altuena kanpoan libratzeko ohitura duten herrialdeetan izaten da.
Emakumeentzat ere egoera larria da: osasun mailako arazoez bestalde, jazarpena eta sexu erasoak ere jasaten baitituzte libratzeko lekuak isolatuak eta ilunak izan ohi direnez.
Arazoari aurre egiteko aterabideak asmatu. Bada «komun mugikorra» edo poltsetakoa, gauerako erabilia dena. Gorotzak plastikozko poltsetan bilduak dira eta leku jakin batera eramanak. Neurri batean eritasunen hedatzearen arazoari erantzuten badio, kutsadura sortzen du, ordea, plastikoen metatzearekin. Suediar konpainia batek «Peepoople poltsa» asmatu du, erabilera bakarrekoa, auto-desinfektatzailea eta biodegradagarria. Poltsa horiek eskoletan, etxola auzoetan zein krisialdi humanitarioetan erabili ohi dira.
ArborLoo deituriko sistema, berriz, praktiko bezain eraginkorra iruditu zait: egitura sinple eta arinak sakontasun gutiko zuloen gainean ezarriak dira. Pixa eta gorotza bertara erortzen dira eta erabiltzaileak hostoz, lurrez zein hautsez estaltzen ditu. Zuloa betea delarik, egitura beste zulo batera mugitzen da, eta zuhaitz bat landatzen da aurreko zuloan. Gorotz arriskugarriak lurrean hartuta gelditzen dira eta hazkurriak zuhaitzak birziklatzen ditu.
Astelehenean gogoan hartuko dut higiene mailarik apalean bizi den oro, ia bi pertsonatako bat baita kasu horretan lurrazalean. Astearterako ahantziak izanen ditut menturaz; agian ez, haurraren eskubideen aldeko nazioarteko eguna izanen baita. Edo herpesaren aurkakoa. Bakoitzak hauta dezala berea.