bizigiro
MAIRI SAKELLARIADOU
«'Brexit'-ak bizitza zailduko digu, baina ez gaitu geldituko»
Edu Lartzanguren
Jende gaztearekin egiten duzu lan beti. Nola uztartzen duzu irakasle lana ikerketarekin?
Ongi uztartu ditzakezu biak. Izan ere, ikastaro aurreratuak ematen ditut, eta nire ikasleetako asko doktore tesiak egiten ari dira; beraz, haiekin egin dezaket lan. Horrez gain, badaukat denbora libre bat neure ikerketa egiteko. Noski, udan gehiago iker dezaket.
Ikerketa teorikoa egiten duzu, baina zer-nolako harremana duzu esperimentalarekin?
Ditugun datuekin egiten dut lan. Grabitazio uhinak topatu izana aurkikuntza handia izan da, eta, orain, horren datuak azter ditzakegu, geure aurreikuspenak baieztatzen ote dituzten jakiteko. Alderantziz ere bai: datuak har ditzakegu, eta azaltzen saiatu. Horren bidez, teoriak zorroztu ditzakegu, ontzat eman edo baztertu. Beraz, teoria lana egiten dut, bai, baina, betiere, datu esperimentalekin kontrastatzen saiatzen naiz, eredu bat sortzen saiatzeko. Atzera eta aurrera ibiltzen gara horrela, eta, horren bidez, errealitatera gerturatzen saiatzen gara. Lankidetza handia dago, eta denak saiatzen dira ahal duten ekarpena egiten. Izan ere, ezin baduzu teoria datuekin kontrastatu, filosofia bihurtzen da.
Grabitazio uhinak lehen aldiz atzeman zituen taldeko kide izan zara. Zein garrantzia du esperimentuak?
Aurkikuntza handia izan da, Einsteinen teoriaren azken iragarpena baieztatzen duelako. Denbora asko behar izan da, noski, esperimentu izugarri korapilatsua delako. Izan ere, bi zulo beltzen arteko talkara garamatza, duela milioika urte gertatu zen hartara. Elkarren oso gertu zeuden bi zulo beltz horiek, eta, azkenean, batu egin ziren talka handi batez. Horrek energia asko askatu zuen, oso bortitza izan zelako, eta energia horrek bidaiatu egin zuen espazioan. Guregana heldu zenerako, oso ahula zen, eta, noski, bi norabideetan luzatzen zaituenez, ez duzu ezer sentitzen. Esperimentu honek hori neurtzeko ahalmena izan duela uste da. Bi laser izpi berdin bidaltzen dituzu, bi norabidetan, gero zeuregana itzul daitezen. Luzera bera bada, denbora bera beharko dute joan-etorria egiteko, eta argi mota bera jasoko duzu. Hala ez bada, zeozer gertatu dela adierazten dizu horrek.
Horrela esanda, ez du horren zaila ematen. Non dago arazoa?
Luzeraren aldaketa hori protoi baten zabalerakoa da. Beraz, izugarri zehatza izan behar du denak. Airearen mugimenduak eragin diezaioke, eta halako guztiak kontuan hartu behar dira; horregatik da horren korapilatsua. Astronomiarentzat norabide berri bat zabaldu du, grabitazio uhinak ez direlako erradiazio elektromagnetikoa bezalakoak: unibertsoa gardena zen garaitik datoz, hau da, zero denboratik, Big Bangetik. 300.000 urte geroago unibertsoa opakoa zen, eta erradiazioak ezin zuen libreki bidaiatu, baina grabitazio uhinek ez dute arazo hori. Horregatik, a priori, askoz lehenagoko garaiko informazioa eman diezazukete. Orain, grabitazio uhinak atzeman ondoren, tresna berria dugu gure ereduak aztertzeko, baita Einsteinez harago doazen erlatibitate teoriak ere.
Zein izan da hor zure eginkizuna?
Alderdi teorikoa lantzen lagundu nuen: grabitate modeloak aztertzen, eta objektu exotiko batzuk iragartzen saiatzen, zulo beltzez eta neutroi izarrez harago: korda kosmikoak. Baina, egia esan, aurkikuntza baino urte erdi lehenago sartu nintzen taldean; beraz, ezin dut osperik hartu aurkikuntzarengatik [barre].
Stephen Hawkinsen hil ondorengo liburua argitaratu dute berriki: Brief Answers to the Big Questions (Erantzun laburrak galdera handiei). Horretan, esaten du denaren teoria osatzeko zorian dagoela zientzia. Zu ere horren baikorra zara?
Gustatuko litzaidake Hawking zuzen egotea, baina ez nintzakete horren baikorra izango. Izan ere, gaur unibertsoaren dinamika azaltzeko, suposatu behar dugu horren materiaren %90 ezezaguna zaigun forma batean dagoela, materia ilun deritzogunean, eta %69 inguru, energia ilun deritzogunean. Ez dakigu zer diren gauza horiek. Eredu hau datuak azaltzeko sortu dugu, baina ez du justifikazio teorikorik. Beraz, ez nuke esango hurbil gaudenik. Izugarri egin dugu aurrera eremu honetan, baina oraindik galdera ireki garrantzitsu batzuk daude, ulertzen ez ditugunak. Puzzle bat bezalakoa da: ia amaituta dugu, baina pieza batzuk indarrez ditugu sartuak, eta, batzuetan, hobe da dena desegitea.
Zer abantaila praktiko lortuko lirateke denaren teoria bat eratuz gero?
Jakin-min zientifikoa aseko genuke, Einsteinen ametsa izan zelako denaren teoria lortzea. Poz intelektuala emango liguke, hasteko. Gero, hortik zer aplikazio etor daitezkeen, ez dakit. Baina inork ezin zuen aurretik esan erlatibitateak ekarriko zigula orain telefonoetan dugun GPSa, esaterako. Oso garrantzitsua da gauzen inguruan geure buruari galderak egitea, gizabanako zein gizarte gisa. Gazte gutxik dute jakin-min hori, irakasten diegun moduak ez duelako hori garatzen. Hutsegite bat da.
Badirudi bereziki zaila dela neska gazteak zientziara erakartzea. Zer gertatzen da?
Klixe bat dago gizartean: emakumeak ezin direla aritu zientzian. Zaila da neska gazteak motibatzea, baina ez ezinezkoa, asko garelako emakumeak zientzian. Gizarteak lagundu behar du, eskoletatik hasita, bai eta gurasoek ere. Mugikortasun handiko lan mundua da zientziarena: bi urte egiten dituzu hemen, hiru urte han; hori ez da bateragarria izaten familiarekin. Gizarteak lagundu behar du horretan: haurtzaindegiak eratu beharko lituzkete zientzialarientzat, normalean ez dutelako aitona-amonen laguntzarik, etengabe mugitzen direlako. Nik badut familia, eta egoera honetan gaudenok badugu eredu izaterik gazteentzat. Baina jende guztiak lagundu behar du.
Horrez gain, datuek erakusten dute emakumezkoek gizonezkoek baino errazago uzten dituztela fisikako lan ibilbideak. Zure esperientziak datuak baieztatzen ditu?
Ez dut uste emakumezkoek karrera profesionalak uzten dituztenik, baina egia da ez dituztela ibilbide berberak izaten. Esaterako: lanpostu bat lortzeko lehiatzen bazara, norgehiagoka latza izaten da oso, eta emakumeek, askotan, ez dute izaten horren gogor lehiatzeko joerarik, izaerarengatik. Horrez gain, mundu horretatik kanpo bazaude bolada batez, erabat at geratzen zara. Norbaitek amatasun baimena hartzen badu, atzean geratzen da, ikerketa oso azkar garatzen delako.
Europako eta AEBetako ikerketa eta hezkuntza sistemak ezagutzen dituzu. Biak alderatuta, zeintzuk dira Europako sistemaren arazo nagusiak?
Diru laguntzak gero eta txikiagoak dira Europan, eta, horrez gain, dirua lortzea burokratikoa da oso: eskaera egiteko lanak ikaragarriak dira; ez dago diru laguntza txikiak eskatzeko aukerarik. Dirua lortzea oso zaila da aurretik ez baduzu dirurik norbait kontratatzeko, eta eskaerak egiteko bidaiatzeko. Horrez gain, Europan oso buru onak ditugu.
Greziarra zara, eta Erresuma Batuan ari zara irakasten. Zer arazo ekarriko dio 'brexit'-ak Europako ikerketari eta zientziari?
Brexit-a oso txarra da unibertsitatearentzat. Aurrekontuak murriztuko dira, eta zientzialari batzuek ez dute nahi izango Erresuma Batura etorri. Gurean, irakasleen ehuneko handia Erresuma Batua ez diren Europako beste hainbat herrialdeetakoak gara: nire departamentuan, erdiak baino gehiago. Gu gabe, itxi egin beharko lukete. Unibertsitateak esaten digu sostengu osoa dugula. Emango digula uste dut.
Egoerarik txarrenean jarrita, zeintzuk lirateke 'brexit'-aren kalteak?
Han dagoeneko hamabi bat urte daramatzagunontzat bat bera ere ez. Bai, ordea, orain kontratatzear egon daitezkeenentzat, inork ez dakielako zein baldintzatan egongo diren gero. Txarrenean, gu txartel berdea izatera behartuko gaituzte. Baina heldu berrientzat askoz zailagoa izango da, unibertsitateek argudiatu beharko dutelako zergatik ez duten hartzen britainiar bat lanposturako, teorian, behintzat. Praktikan ez dakit horrenbeste aldatuko den. Ez ditugu diru laguntza berak izango, baina jarraituko dugu paperak elkarrekin sinatzen. Brexit-ak bizitza zailduko digu, baina ez gaitu geldituko, zientzia hori baino indartsuagoa baita.