astekaria 2016/01/15
arrowItzuli

mundua

Mina eremuan dantzan

Danel Agirre

Mina eremuan dantzan

Gure jainkoak emandako eskubideak erabiliko ditugu, Alemaniako emakumeak atzerritarrengandik zaintzeko». Pegida mugimenduaren gizonezko hizlari batek Koloniako erdialdean bozgorailuarekin egindako promesari bibaka erantzun zioten beste milatik gora gizonek. Askoz modu eszeptikoagoan hartu zuten eskaintza paternalista ingurumarian zebiltzan ia emakume guztiek. Pareko kontramanifestazioan baitzeuden, Urtezaharrean jazotakoaren erabilera xenofoboa gaitzesten.

Zapatu eguerdiko pasartea Koloniako eta beste hiri batzuetako sexu erasoek eragindako alarmari Alemaniak eman dien erantzunaren erakusgarri kondentsatutzat har liteke. Gobernuak bizkor eta serios iragarritako egitasmoek ustezko egileen jatorria izan dute ardatz. Gertatukoaren funtsak, andrazkoek espazio publikoetan jasandako indarkeriak berak, lider politikoen eta komunikabide gehienen arreta bereganatzea askoz gehiago kosta da.

Edozein delitugatik kaleratzea

Poliziak jasotako 653 salaketen gaineko informazio zehatza baino lehenago heldu dira demokristauek eta sozialistek osatzen duten koalizioaren lehenbiziko neurriak. Praktikan, delitu bakar baten erantzuletzat hartzen den edozein atzerritar kanporatzeko aukera izango du aurrerantzean Alemaniak. Barne Ministerioak taxutu legeak zehazten du urtebeteko kartzela zigorra jasotzen dutenentzat dela. Estatuak delitu arinago batean nahasitako norbait egozteko «interes berezia» badu, ez da eragozpenik izango halere, larrialdietarako xedapen berezia bat ere txertatu delako testu horretan.

Gobernukideek «izugarrikeriaren dimentsio berria» izan dute ahotan, atzerritarrak aurrerantzean estu hartuko direla arrazoitzeko. Baina desmasiak alderatzea zaila bada, ez du laguntzen Koloniakoei buruz argitara emandako informazio urriak.

«Afrika iparraldekoak eta Ekialde Hurbilekoak» izatearen itxura omen zuten mila bat lagunek osatutako jendetzan ari da polizia salatutako krimenen erantzuleen bila. Tamainako multzoa parean izan, eta agenteek Urtezaharreko 22:00etatik 07:0etara arte errefortzurik zergatik ez zuten eskatu, hori ez du inork azaldu. Eta identifikatutako susmagarriak ez dira hiru dozenara iristen. Gehienak marokoarrak eta aljeriarrak dira, bakarra siriarra. Erdiak, asilo eskaera abian jarriak. Westfalia eta Renaniako barne ministerioak iradoki du egile intelektualak inguruko tren geltokietan lapurretan aritzeagatik ezaguna den gaizkile talde bateko partaideak liratekeela. Sexu erasoetatik asko (300 bat salatu dira dagoeneko), biktima izutu eta sakelakoa edo diru zorroa aise osteko baliabidea lirateke, eta ez helburua bera betetzeko eginak. Antanzen deitu zioten prozedura horri Alemanian lehen kasuak gertatu zirenean, duela bizpahiru urte. Lapurretarik batere gabeko sexu eraso mordoxka ere salatu dira. Bi bortxaketa ere bai.

Koloniakoa «izugarrikeriaren dimentsio berria» ote den neurtzea gaitza da. 2014ko Urtezaharreko poliziaren partea irakurri, eta sexu erasoak ez dira xehatzen. Alemanian jendetza handienak (zazpi milioitik gora) biltzen dituen jaialdian, Municheko Oktoberfest-en, salatutako bortxaketen zenbatekoa urtero bi eta zortzi artekoa izan da azken hamar urtean. Berrehundik gora sexu eraso zenbatzen dira normalean. Beste festa erraldoi batean, Koloniako bertako inauterian, zifrak ez dira askoz txukunagoak izan ohi. Bi bilkurokin ezin dira alderatu Urtezaharreko gertakariak, parte hartzaileen kopuru ezberdinengatik eta tren geltokian izua kontzentratu zen moduagatik. Iradokitzen dute, ordea, Alemanian ez dela inondik inora ere bermatzen andrazkoen segurtasuna espazio publikoetan.

Ez gure izenean

Zarata politiko eta mediatikoaren erdian, genero indarkeria eztabaidaren muinera ekartzeko aldarrikapenak izan dira aste honetan. Lagungarria izan da Manuela Schwesig eta Heiko Maas Familia eta Justizia ministro sozialistek #ausnahmslos kanpainarekin bat egitea, hura sortu bezain pronto. Ekintzaile feministek, politologoek eta lehendik arrazakeriaren aurkako kanpainetan eskarmentua duten eragileek gorpuztu dute. Emakumeen defentsa etorkinak iraintzeko ez baliatzea exijitzen dute, Kolonian zapatuan Pegidako ultraeskuindarren parean paratu zirenek egin zuten gisara.

BERRIAn argitaratua (2016/01/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA