iritzia
Heztea
Garazi Arrula Ruiz
Esaten zaigu etxebizitza kontzentrazioa izan daitekeela eskola segregazioaren arrazoietako bat: zenbat eta jatorri atzerritarreko biztanle gehiago auzoan, orduan eta eskola segregazioa handiagoa. Hiri antolamendua birpentsatzea ez dago inoiz sobera, eta, hala ere, datuek ez dute horrekin bat egiten. Gasteizen eta ez da salbuespen, auzo guztietan daude eskola segregatuak; aldiz, ez da auzorik biztanleen %20 baino gehiago jatorri atzerritarra duenik, eta auzo guztietan badira ikastetxeak ehuneko hori gainditzen duen segregazioarekin.
Neurri ausartak behar dira, eta geure buruari ere begiratu. Aldarri feministekin alderaketa eginez, hordagoa bota du Amelia Barquinek: «Klase ertaineko zurien kontzentrazio eskolarretan ere, noraino gaude prest gure pribilegioak errebisatzeko?». Elkarbizitza ez baita lortzen ghettoak sortzen, ez Hazparnetik migratzaileak kanporatzen, ez pobrezia estigmatizatzen. Biolentziari buruz ari dela, Hannah Arendtek dio arrazismoa sistema ideologiko esplizitu oso bat dela, ez aurreiritzi hutsa. Eta, hala ere, aurreiritziek jokabide bat edo beste hartzera garamatzate, horiei emozioak lotzen dizkiegun unetik. Igandean, 1.300 herritarrek baino gehiagok parte hartu genuen Bizilagunak egitasmoan, Araban. Bazkaldu, elkar ezagutu; bide bat da, herria hezteko asmoz, hori ere. Biharko kohesio sozialaz ari gara.