astekaria 2018/11/16
arrowItzuli

kirola

JOKIN ALTUNA

«Orain ez diot beldurrik partidak gogortzeari»

Imanol Magro Eizmendi

«Orain ez diot beldurrik partidak gogortzeari»

Besoko mina joan ahala, aldartea hobetuz joan zaio Jokin Altunari. Umoreko dago, eta hiztun. Txapeldun izateagatik auto bat utziko diote urtebeterako, eta probatzera joan denean egin du solasaldirako hitzordua.

Banakako laugarren finala duzu. Berezia izateari utzi al dio?

Ez. Egia da, lehenarekin alderatuta, ezberdina dela, batez ere inguruko guztia: elkarrizketak, sarrerak... Beste urduritasun batekin bizi duzu, dena berria delako. Baina ilusio ikaragarria dut. Konturatzen zara finalean lau aldiz sartzea zailagoa dela, behin egitea baino. Niri ikaragarrizko ilusioa egin dit, txapelketa bakoitza ezberdina baita. Buruz buruko txapelketa ikaragarri ondo prestatu nuen, eta dena ondo joan zen, partida guztietan gozatu nuen. Txapelketa hau askoz zailagoa izan da hasieratik.

22 urte dituzu, eta laugarren finala duzu jarraian. Ez da merkea zure kuadrillakoa izatea.

Ez [barrez]. Kuadrillakoak edadekoak dira, baina jende zaharragoa ere badut zaleen artean. Zerbait egin beharko dut eskertzeko.

Posible da une oro finala buruan ez izatea?

Gauean ohera sartzean beti datorkit burura, saihetsezina da. Baina, orain, beste modu batera planteatzen dut, egunean egunekoa egiten dut. Gaur elkarrizketak, bihar entrenamendu bat, etzi fisikoa... Ikasi egiten da aurreko egunak nola eraman.

Ezustea izan da final honetara iristea?

Agian, bai. Beste txapelketa batzuetan pasatu izan zait partidaren bat galdu eta atzetik aurrera egin behar izatea. Baina oraingo honetan zailtasun eta zalantza asko izan ditut. Eta, agian, horregatik, berezia da.

Txapelketari uko egiteko zorian egon zinen?

Astelehen batez ekin nion txapelketari, eta ostegunean erresonantzia egin zidaten besoan. Zauria itxita zegoen, baina zuntz haustura bat duzunean, zauria ixteaz gain, besoa berrindartu behar duzu. Hurrengo egunean entrenamendu bat egin nuen; nahiko gustura bukatu nuen, baina ez nekien nola egongo nintzen Olaizola II.aren aurkako partidan. Medikuek eta fisioek hau esan zidaten: «Zauria itxia duzu, baina guk ezin dizugu ziurtatu berriz hautsiko ez duzunik». Horrek kezka sortu zidan, eta ardura handia. Partida bezperan buruari bueltaka ibili nintzen, bost axola zidan galdu edo irabazi, ez nuen minik hartu nahi, indartzeko beste astebete edukitzeko.

Zuk izan zenuen azken hitza?

Bai. Enpresak ez zidan presiorik egin; are gehiago, esan zidan azken hilabeteetan estatuz bat lortu nuela, eta ez nuela arriskatu behar; egoteko lasai. Lasaitasuna transmititu zidan enpresak, baina nik jokatu egin nahi nuen.

Lesioa buruan izan duzu une oro?

Finalerdietan ahaztu nuen. Bengoetxearen aurkako partidaren astean ikusi nuen aurrerapauso bat eman behar nuela, eta babes itsasgarriak kendu nituen. Zera esan zion neure buruari: «Ondo ateratzen bada, ondo, eta, bestela, bada, etxera». Baina aste horretan handitu egin nuen entrenamenduen intentsitatea, aurrekoetan ez nintzen gogor entrenatu. Orain ondo dut besoa.

Pilota ez darabilzu beste batzuetan bezain bizkor.

Agian ez. Gehienbat, partidaren hasieran nabaritzen dut. Baina behin besoa berotuta, Bengoetxearen aurkako partidaren bigarren zatian hobeto ikusi nuen neure burua. Iazko txapelketan sasoi hobean nengoen. Baina Bengoetxeari irabazteak, bera hain ondo egonda, konfiantza eman zidan.

Hura zen euforia keinua irabazi zenuenean.

Sekulakoa izan zen. Pilotan ibiltzen garenok badakigu batzuetan txapel bat irabazten duzula hasi eta buka gozatuz. Orduan barruan ez daukazu hainbesteko behar edo gogorik. Aldiz, gozatzen ari ez zarenean, edo sufritzen ari zarenean, eta horrelako partida bat irabazten duzunean, sekulako poza hartzen duzu.

Jendeak esango zizun: «Lasai, ez baduzu irabazten ez da ezer pasatzen». Hala bizi izan duzu zuk?

Ez. Esku bateko hatzekin ez dira zenbatzen hori esan didatenak. Aurten finalerdietan sartzean nabaritu nuen euforia ezin da alderatu duela hiru urte finalean sartzean nabaritu nuenarekin. Hura eztanda izan zen, eta aurten finalerdietan sartzea beharra balitz bezala sentitu dut.

Txapeldunaren ardura deitzen zaio horri.

Hala da. Ezin zara lehen partidan etxera joan. Nabaritzen dut, eta barneratua dut.

Beste modu batera jokatu duzu: partidak gogortuz, defentsan...

Hala da. Txapelketa honetan, erasoan baino gehiago, defentsan irabazi ditut partidak. Bengoetxearen aurka, bigarren zatian egin nuen erasoan, baina lehen partidan gehiago izan zen itxarotea eta pilotari altuera ematea. Partida gogortu egin nahi nuen. Batzuetan, sasoi betean zaudenean, gauza batzuk ia nahigabe ateratzen zaizkizu, eta, hain ondo ez zaudenean, defentsan egin behar duzu lan.

Olaizola II.a huts pila bat egitera behartu zenuen.

Bai. Berak tantoak bukatu nahi zuenean lana ematen saiatu nintzen. Hori ikasi dut. Agian, hori da nire jokoak izan duen aldaketarik handiena. Ez da gutxiago arriskatzen dudala, baizik ez diodala beldurrik partidak gogortzeari. Partidak interpretatzen ikasi egiten da, eta, alde horretatik, goi mailako partida asko jokatzeak esperientzia ematen du.

Partidaren batekin gustura gelditu al zara?

Bai, finalerdietakoekin bai, Bengoetxea oso garai onean ikusten bainuen. 9-2 aurretik joan zen, eta Bengoetxea ez da partidatik irteten den pilotari bat. Txapa dezentetan jo zuen, baina horiek oso behartuta eginiko jokaldiak izan ziren, berak oso zail ikusten zuelako tantoa egitea. Tanto gogor bat jokatu genuen, eta orduan ikusi nuen bera ere nekatzen hasi zela.

Joseba Ezkurdiaren aurka, 22-10 galdu zenuen ligaxkako bigarren partidan. Dantzan ibili zintuen.

Erritmo bizian jokatu zuen, eta ni ez nengoen erritmo horretan jokatzeko. Jokatu izan dugu aurretik erritmo handian biok, baina uneak uneak izaten dira, eta une horretan ni ez nengoen abiadura horretan jokatzeko moduan. Txapelketak sasoi ederrean harrapatu du Ezkurdia. Berak sei partida jokatu zituen abuztuan; nik, hamahiru, eta horrek asko baldintzatzen du hurrengo hilabetea. Uda nolakoa izan den, horrek eragina du lau eta erdikoan. Olaizola II.arengandik jendeak esaten du adinean gora doala, baina berak aurten garai askoz hobeak izan ditu. Udan partida pila bat jokatu zituen, eta hori nahi eta nahi ez nabaritu egiten da udazkenean. Baina erne harekin: Binakako Txapelketako finalerdietan sartuko da, ziur.

Ezkurdia aldatu egin da, gorakada izan du. Zuk ondo ezagutzen duzu. Horrela al da?

Nik konfiantza handiagoarekin ikusten dut. Txapelarengatik izan daiteke, baina, nire ustez, orain erasokorrago jokatzen du. Orain, ondo sakatzen duenean, airez sartzen da, eta, aurkariak zabalera sakatzen duenean, errestoa ere airez bueltatzen du. Oso oldarkor jokatzen ari da. Fisikoki ahal handia du, eta uste dut hobera egin duela teknikoki. Oso ona da halako pilotariak izatea enpresan, eredu baitira. Oso langilea da, eta bera da adibide garbia 27 urterekin hobetzen jarraitzeko aukera dagoela. 22 urterekin baino hobea da.

Bera da sakatzailerik onena?

Bai, alde handiz. Abiadura handiena ematen diona da. Paretan sartzeaz gain, oso bortitz ematen dio.

Finalean bakarrik egongo zara eserlekuan, botilerorik gabe. Zer iritzi duzu gaiaz?

Ez zait gustatu. Nik Ekaitz Saralegirekin jarraitu nahi nuen. Kirol bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta pilotak ere bai, eta gehiago modernizatu nahi horretan erabaki okerra hartu dute. Nire ustez, guztiontzat hobea da botileroa izatea ondoan: jendearentzat, ematen den itxurarentzat, telebistarentzat... Denontzat da hobea. Igandean, finalean, 3.000 pertsona egongo dira harmailan, sekulako marmarrean, eta Josebak eta biok, esertzen garenean, ez dugu jakingo nora begiratu. Berria da, baina ohitu beharra daukagu. Labur esango dut: kontrakoak aldekoak baino askoz gehiago dira, baita pilotarien artean ere.

Nabaritu al duzu Saralegiren falta?

Bai, txapelketa gogorra izan da, eta beti lagundu izan dit. Eta txapelketa honetan ere lagundu izan dit: Iruñean zen aurrekoan, astean ere hitz egin dugu... Bi partidatan Jon Apezetxea izan dut alboan, eta hark ere asko daki, baina pena eman dit Saralegirengatik. Berak oso gustuko du pilota, lagun onak gara, laguntzeko ilusioa du... Badakit finalean egongo dela, niri laguntzeko.

Finala Nafarroa Arenan jokatuko da, zortzi urtez itxita egon den eraikintzarrean. Behar dira horrelako pilotalekuak?

Denborak esango du. Bilbokoa bezala, finaletan-eta bete ditzakezu horrelako pilotalekuak, baina gero kosta egiten da. Iruñean aurrerantzean ere funtzionatuko duen pilotalekua Labrit izango da, eta honek egun jakin batean 1.500 pertsona gehiago har ditzake. Hau, egun handietan, bete egingo da, baina, hortik kanpo, zaila izango da betetzea.

Donostian behar al da horrelako zerbait?

Donostian, nire ustez, dagoenari indar handiagoa eman behar zaio. Baina berritu beharra dago. Pilotaleku ona da, ikusteko, agian, onena, baina lurrak, harmailak, sarbideak ez daude egoera onenean. Berrikuntza handia behar du.

Jende gutxi ibili da txapelketan.

Ez dakit. Nire partidetan jendea ikusi dut. Olaizolaren aurka, Tolosan, jende asko ibili zen, eta Ezkurdiaren aurka ere bai. Arrazoi bat izan daiteke lau eta erdian eta buruz burukoan askoz biziago jokatzen dela, eta txapelketako azken txanpara arte zaila dela partida onak ikustea. Iruñekoak harritu nau bereziki. Sarrera Internet bidez erostearenak ere jende heldua atzera botatzen du. Nik Amezketan ikusten dut: jende helduak ez du sakelakotik erosiko sarrera. Ikusle hori betikoa da, eta zaindu eta mimatu egin behar da.

Ogibidez, txapeldun

BERRIAn argitaratua (2018/11/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA