astekaria 2018/11/16
arrowItzuli

mundua

Negarrez eta kemenez

Kristina Berasain Tristan

Negarrez eta kemenez

Errepidearen bazter batean dago, zubi baten azpian, itzalean eserita, bakarrik, karabanaren atzealdean geratu den taldean. Bere ondare material guztiari eskuekin helduta; manta bat, beroki bat eta bizkar zorro bat. Mexiko zeharkatzen ari den iheslarien karabanan bakar-bakarrik doazen emakumeetako bat da Argentina Rivera. Hondurasko San Jose de Colinas herrian jaiotakoa da, eta 48 urte ditu. Argi azaltzen du zergatik utzi zuen etxea urriaren 13an: «Senarrak jo egiten ninduen». Egun batetik bestera erabaki zuen alde egitea: «Facebooken irakurri nuen karabanarena, eta ez nuen bitan pentsatu. Hondurasen gizon guztiak matxistak dira. Seme-alabengatik aguantatu dut, 26 urte luzez, baina ezin nuen gehiago. Iraindu egiten ninduen. Eta jo. Edanda etortzen zen etxera, bolo jartzen zen, mozkortuta erabat». Hondurasen, 2015ean, 531 emakume hil zituzten indarkeria matxistarengatik, eta 2016an, 463, Hondurasko Indarkeriaren Behatoki Nazionalaren arabera. Rivera izan zitekeen horietako bat, baina bizirik dago, eta bizitzan aurrera egitea erabaki du. Negarrez eta kemenez.

Seme-alabekin akordatu denean atera zaizkio malkoak. Bost seme-alaba utzi ditu jaioterrian. Txikiena harekin ekartzea pentsatu zuen hasieran, baina ez zuen haren bizitza arriskuan jarri nahi izan. «Sakelakoa kendu didate karabanan, eta ezin diet deitu. Egunak daramatzat beraiekin hitz egin gabe».

Bizitza latza izanagatik ere, ez ditu irribarrea eta itxaropena galdu. Tijuanaraino iritsi nahi du, eta han lanen bat aurkitu, seme-alabei dirutxo bat bidaltzeko. «Nire seme-alaben aita eraikuntzako kapataza zen, baina mara taldeek dirua eskatzen zioten hilabetero, gerraren zerga. Diru gutxi dago, eta biltzen duzun apurra kendu egiten dizute». Gobernuak ez ikusiarena egiten duela dio, eta, horregatik erabaki duela alde egitea, bakarrik bada ere.

Ez da bakarra. Karabanan emakume ugari doaz, bakarrik, edo seme-alabekin. Bada zortzi umerekin exodoa bakarrik abiatu duen emakume bat ere. Haurdun, berriz, 24 emakume dira, eta ume bat jaio da zeharkaldian.

Leiri Teseria Juarezek 28 urte ditu, eta kamioi baten atoian igotzeko zain dago 4 urteko semearekin. «Erikson da. Adelina 7 urteko alaba, berriz, izebarekin dago, Belizen». Bakarrik zergatik abiatu den galdetuta, azkar batean erantzun du. Gobernua dena pribatizatzen ari dela-eta enpresa transnazionalek euren lurretatik kanporatzen dituztela, meategiak egiteko. Hondurasen, 59 meategi kontzesio egin dituzte, eta horietatik 34 Tocoan daude. «Guapinol ibaia zikintzen ari dira, herritarrak euren etxeetatik kanporatzen dituzte, eta ibaiak eta, basoak defendatzeko protesta egiten baduzu, kontra egiten dute».



Eskuan espiralez eta zirkuluz pintatutako tatuajea darama. Kazetaria begira geratu dela ohartzean, isilik geratu da. Mara taldeen ikurrak dira tatuajeak, besteari mezu bat helarazteko baliatzen duten marka: «Ni talde honetakoa naiz» esateko, alegia. Hasieran, mara talderen bateko kide izan ote den ukatu du gazteak, baina, gero, aitortu du hitz egiteko beldur dela, seme-alaben aita bizitzaren «bide makurretatik» dabilela, eta jaioterrian utzi dituen senideen kontra egin dezaketela.

«Tatuajea baduzu, ez dizute lanik ematen. Estigmatizatuta zaude», dio. Horregatik alde egin du, bizimodu oparoago baten bila, eta indarkeriagatik; bikotea, mara bateko kidea izanik, litekeena da genero indarkeria zer den jakitea.

Erdialdeko Amerikako herrialdeetan oso errotuta dago matxismoa, eta sistema patriarkalaren sustraiak autobide bazterretan dauden kaktusen sustraiak bezain luzeak eta zabalak dira. Elena Poniatowska idazle eta kazetari mexikarrak pasarte bakar batean azaldu zuen errealitatea: «Emakumeak dira historiak gehien ahaztu dituenak. Mespretxatuak dira, kontsumogai gisa erabiliak, baztertuak, estigmatizatuak; arbola patriarkalera lotzen dituzte betiko, eta hantxe urkatzen».

Karabanan doazen emakumeak, hala ere, eremu idorrenetan hazten diren kaktusen parekoak dira, erresistentziaren sinbolo, aurrera egitearen adorearen ikur.

Latinoamerikatik iparraldera ihes egiten dutenen soslaia aldatu izana da horren erakusgarri. Lehen, gizonak ziren, baina azken urteetan emakumeek ere egiten dute zeharkaldia. Karabana honetan, 2.717 gizon atera ziren atzo Nayarit hirira, eta 791 emakume.

Oztopo etengabeak dituen ibilbidean, emakumeei arriskuak areagotzen zaizkie, besteak beste, bortxatuak izatekoa. Horregatik, zeharkaldia hasi aurretik haurdun ez geratzeko pilulak hartu dituzte, eta kondoiak ere eramaten dituzte, nahiz eta ez dakiten zerbaitetarako balioko duten.

Sexu indarkeria ohiko praktika da ibilbidean. Koioteek ere -migratzaileen pasatzaileek- banatu ohi dizkiete kondoiak emakumeei, askotan, gaizkileek, narkoek edo talde kriminalek bahitu egiten dituztelako, eta bazter batean edo basamortuan bortxatzen. Koioteek emakumeei ematen dieten aholkua da erresistentziarik ez jartzeko, kontrakoa egin ezean bortxatzeaz gain hil ere egingo dituztelako.

Egunotan, errepidean, karabanako kideei auto txikietan doazen gizonezkoak gerturatzen zaizkie, bereziki emakume eta neskatoei, autoetan eramango dituztela esanez. Hori dela eta, Mexikoko Giza Eskubideen Batzorde Nazionalak karabanan doazenen segurtasuna bermatzeko eskatu dio Mexikoko Gobernuari, baina karabanan kexu dira Enrique Peña Nieto presidenteak ez ikusiarena egin duelako, karabana existituko ez balitz bezala jokatu duelako, tokiko eta nazioarteko egunkarietako azalak bete baditu ere. Autobietan poliziak eta agenteak ikusten dira, eta iheslariak eramaten dituzten kamioien matrikulak idatzi egiten dituzte, inor desagertzekotan nolabaiteko kontrol bat eduki ahal izateko. Badago zurrumurrua 80 lagun zeramatzan kamioi bat desagertu zela, baina, egia da kamioi handietako gidariek, bat-bateko elkartasun keinuz, iheslariak eramaten dituztela, euren ibilbidean zamarik eramaten ez dutenean.

Karabanako beste talde zaurgarriena adingabeena da. Giza eskubideen elkarteek egindako azken zenbaketaren arabera, karabanetan ia 1.800 adingabe doaz, tartean 0 eta 5 urte arteko 310 haur. Bakarrik doazen 31 adingabe ere badaude karabanan.

Adingabeen arriskuak

Alex da horietako bat. 17 urte ditu, eta lagun bat egin du bidean, bere adin berekoa. Puerto de Telakoa da, eta mara batean ez sartzeko alde egin du etxetik. «Nire adinean denak sartzen dira mara taldeetan, nire lagunak ere mundu horretan daude, eta, sartzen bazara, oso zaila da gero ateratzea». Maiteminez dago. Neska eder batez maiteminduta zegoela dio, baina mara bateko buruak begia bota ziola neskari. Begirada tristea dauka mutikoak. Eta zikin dago.

Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak karabanan doazen umeen egoeraz ohartarazi du. Guztira, lau dira herrialdea zeharkatzen ari diren taldeak, eta horietan guztietan 2.300 haur doazela kalkulatzen da. Horientzat babesteko azpiegitura duinak jartzeko eta giza korridore bat zabaltzeko eskatu dute haurren defentsarako erakundeek; besteak beste, Unicefek eta Save the Childrenek. Sorterrian duten egoeraz ere ohartarazi dute. Alexek bizi izan duena ohikoa dela, hau da, mara taldeetako kideak eskoletara joaten direla 10 urtetik gorako mutikoak errekrutatzera, eta asko erortzen direla sare horretan. El Salvadorren, 2015ean 215 haurrek utzi zuten eskola mara horietan sartzeko.

Iparraldeko mugara bakarrik iristen diren adingabeek ere arrisku handiak dituzte, droga sartzen dietelako bizkar zorroan. Bidean atxilotzea da beste arriskua. Mexikok 2016an 40.542 haur eta adingabe sartu zituen migratzaileentzako atxilotze guneetan. Orotara, 54 zentro daude herrialdean, eta horietako bakar batek ez ditu betetzen haurrentzako baldintza egokiak, giza erakundeek salatu dutenez. Mexikon 2016an babesa eskatu zuten 8.788 lagunetatik %25,79 emakumeak ziren, %29,95 adingabeak.

LGTBI kolektiboak ere zaurgarrienen zerrenda osatzen du. San Pedro Sulatik urriaren 13an abiatu zen taldean -gerora karabanarekin bat egin zuten- gay, lesbiana eta transexualak daude; batez ere, transexualak, eta horietako asko, 80 bat, iparraldeko mugara iritsi dira jada. Besteek baino azkarrago egin dute bidea, talde txikiago bat osatuz. Tijuanan daude zain. Atzean utzi dituzten pasadizoak ahazteko distantzia fisikoa ere jarri nahian edo. Lepoaldean labankada duen transexuala, edota besoak orbainez betea dituen homosexuala -kartzelan hiru urte pasatu zituen, deliturik egin ez bazuen ere-.

Atzo beste egun luze bat izan zen. Jalisco estatuak jarri zituen atzo 55 autobus Guadalajaran zeudenak handik lehenbailehen atera zitezen. Migratzaileek Sinaloarainoko txartela jaso zuten, baina ez zuten autobusetik jaitsi nahi, hori ez baita euren geltokia, iparraldera heldu arte. Karabanaren barruan karabana asko daude, eta karabana txiki bakoitzean historia pertsonal latz bat, norbanakoek ere zeharkaldi propioa egin behar izaten baitute, negarrez eta kemenez.

BERRIAn argitaratua (2018/11/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA