gizartea
EHUk atxiki gisa onartuko du UEU, irakasle masterra 'online' emateko
Garikoitz Goikoetxea
EHUren gobernu kontseiluan babes zabalarekin onartu zuten proposamena atzo: alde bozkatu zuten 31 ordezkarik, aurka seik, eta abstentziora jo zuten lauk. Tramite hori gaindituta, EHUko Gizarte Kontseilura bidaliko dute proposamena orain, txostena egin dezan. Azken onespena Eusko Jaurlaritzak eman behar dio.
Nekane Balluerka errektoreak hauteskunde programan sartua zuen UEU zentro atxiki gisa hartzeko proposamena, eta, zehazki, irakasle izateko masterra eskaintzea online bidez. EHU eta UEU gaur egun ere jarduten dira lankidetzan, graduondoak eskaintzen.
Beste 120 postu
Irakasle masterrari buruzko proposamena aztertzen denbora daramate bi aldeek. EHUk 240 ikasle hartzen ditu master horretarako, baina askoz handiagoa da eskaria: 700-900. Kontuan izan behar da titulu hori eduki behar dela Bigarren Hezkuntzan aritzeko. Horrek esan nahi du ikasle gehienak kanpoan geratzen direla, eta beste unibertsitate batera jo behar dutela; gehienetan, unibertsitate erdaldunetara. Online eskaintzan 120 ikasle hartuko dituzte, Araceli Garin EHUko Graduondoko Ikasketen errektoreordeak BERRIAri aurreratu dionez. Hiru espezialitate eskainiko dituzte: hizkuntza eta literatura, humanitateak eta gizarte zientziak, eta natur zientziak eta matematika. «Arlo horiek daukate eskaririk handiena».
Urratsarekin pozik mintzatu da Kepa Sarasola, UEUko zuzendaria. Gogorarazi du ehunka ikaslek jo behar izaten dutela masterra erdaraz egitera, dirutza pagatuta. Sarasolak aitortu du UEUren masterreko prezioak ez direla izango EHUn bezalakoak, garestiagoak baizik: 3.000 euro inguru. Gisa bereko beste unibertsitate batzuetako prezioen erdia, hala ere. «Gure asmoa ez da dirua egitea».
Aurkakoak agertu dira bidean, Sarasolak eta Garinek aitortu dutenez: irakasle batzuek ez dute begi onez ikusi masterra UEUk ematea. Garinek azaldu du ezinezkoa dela EHUk online bidez eskaintzea ikasketa horiek, Espainiako dekretu batek debekatu egiten baitio. «Asko araututako masterra da». Errektoreordearen hitzetan, «erresistentziak» izan dira unibertsitate barruan, baina aurrera egin du zuzendaritzak. Atzoko gobernu kontseiluan ere izan ziren aurkako ahotsak, baina erabakia babestu zuten gehienek.
Aurkako ahots horiek zer dioten, argigarria da orain urtebete Iñaki Alegria UEUko zuzendariak kargua utzi aurretik BERRIAn elkarrizketa batean ohartarazitakoa: «Esan digute UEU pribatua dela —espero ez genuen sektore batzuetan ere bai—, eta lankidetzarako errezeloak daude. Lan egin behar dugu UEU ezagutarazten».
Graduetarako bidea
Norabide horretan egindako pausoa da oraingoa, Sarasolaren esanetan: «Sinesgarritasuna lortu dugu: UEUk urteetan egindako lana aitortu da. Abiapuntua da beste ate batzuk irekitzeko». Gogoan izatekoa da UEUk proposamen zabalagoa aurkeztua duela online ikasketak euskaraz emateko: graduondoak ez ezik, graduko ikasketa batzuk ere bai. Horri buruz galdetuta, baikor agertu da Sarasola: «Hau ondo egiten badugu, irekiko dira beste aukera batzuk». Nabarmendu du balorazio ona duela UEUren jardunak.
Graduko eskaintzara igarotzeak askoz zailago dirudi oraingoz, hala ere. UEUren arabera, aukera egon daiteke sei-zortzi titulu eskaintzeko. Graduen aukerari buruz galdetuta, ordea, ez du atea ireki EHUko ordezkariak: «Graduak online eskaintzeko, ez dugu behar zentro atxikirik. Badakigu erronka bat daukagula hor». Ohartarazi du aldaketa handia dela irakasleen jardunean, «lan handia»: materialak, irakasteko modu berriak, tutoretza eredua...
Gai horretan badute, beraz, desadostasuna unibertsitateek. Online graduen proposamena aurkeztu zuenetik, UEUk defenditu du beste ikasle mota bat duela buruan, ez 18 urtekoak: «25 urtetik gorakoak, lanean ari direnak, eta heziketa osatu nahi dutenak, euskaraz». Hor ikusten du hutsune bat gaur egungo eskaintzan: «Ez dago euskaraz online eskaintzarik. Egin dezagun. Bestela, kanpoko unibertsitateek beteko dute espazio hori. Estrategikoa da».