astekaria 2016/01/08
arrowItzuli

ekonomia

Linea itxi, zirkulua zabaldu

Ivan Santamaria

Linea itxi, zirkulua zabaldu

Hau erronka global erraldoia da merkatu ekonomiarentzat, azken hamarkadetan ikusi dugun globalizazioarekin aldera daitekeena». Ekonomia zirkularrari buruz Jyrki Katainen Europako Batzordeko presidenteordeak emandako definizioari ez zaio anbiziorik falta. Benetan paradigma aldaketa bat erraztu nahi bada, ezin da bestelakoa izan. Lehengaiak hartu, produktuak egin eta amaitutakoan bota eskema lineal klasikotik aldendu, eta berrerabilpenean oinarritutako eredu koordinatu batera mugitzea eskatzen du ekonomia zirkularrak, apurka botere publikoak bultzatzen hasi diren aldaketa.

Ikusmina zegoen Europako Batzordeak alor horretan hartuko zuen bidea ezagutzeko. Proposamenak hainbat atzerapen izan ditu, eta, azkenean, duela gutxi argitaratu du Bruselak. Hondakinen kudeaketan aldez aurreko plangintzetan aurreikusita zeuden birziklatze betebeharrak murriztu izanak atentzioa eman du lehen kolpe batean. EBk defendatu du erabakia, batasuneko herrialdeen artean abiapuntu oso ezberdinak daudela argudiatuta —%64ko birziklapena batzuetan, %10 beste batzuetan—. Erabakiak zer esana eman du, eta eztabaida piztuko du plangintzaren tramitazioan.

Hala ere, hondakinen kudeaketa ekonomia zirkular eraldatzaile baterako elementu funtsezkoa izanagatik, ez da bakarra. Batzordeak mahai gainean jarri dituen neurriek eremu askoz ere zabalagoa hartzen dute, eta esparru batzuetan —gailuen zaharkitzea, esaterako— lehen aldiz sartzea erabaki du.

Bruselak 53 ekintza jasotzen dituen zerrenda kaleratu du. Batzuk legezko aldaketak izango dira, beste batzuetan praktika egokiak bultzatzeko laguntzak dira, edo estandar berriak sortzeko asmoa. Esanguratsuena, ziur asko, dokumentuaren antolaketa bera da, prozesu ekonomikoaren atal guztiei erreparatu nahi dielako: produktuen diseinua, ekoizpena, kontsumoa, berrerabilpena eta, behin erabilera zikloa amaituta, hondakinen kudeaketa. «Ez gara ekonomia linealetik zirkularrera eraldatuko egun batetik bestera, baina abiapuntu ona da hau», Katainenen hitzetan.

Diseinutik hasita

Produktuak pentsatzen diren momentutik filosofia berria indarrean ezartzea da EBren helburua. Hots, edozein gailu diseinatzerako orduan enpresek kontuan hartzea zer beharko den hura konpontzeko, iraunarazteko eta birziklatzeko. Gaur egun, energia eraginkortasuna bermatu nahi izan du batez ere Europako legediak ekodiseinuaren alorrean. Zuzentaraua eguneratuta, produktuak konpontzeko eta berriro erabiltzeko aukera dagoela bermatu nahi du Bruselak, eta, ezinezkoa denean, behintzat gailuak eraitsi eta birziklatzea erraztea litzateke helburua.

Telebistei eta pantailak dituzten gailuei buruzko ekodiseinu araudia laster izango dute prest. Green Alliance elkartearen arabera, bi urte dituen smartphone matxuratu batek jatorriko balioaren heren bat izan izan dezake konpontzen bada. Goi gamako telefono baten adibidea eman du: 200 eurotik gora balio dezake, baina metal, beira eta plastiko osagaiak birziklatzeak soilik euro bat ematen du.

Kontsumitzean gertatzen diren arazoekin ere kezkatuta dago batzordea. Besteak beste, zaharkitze programatuarekin. Berme epea amaitu eta berehala hondatzen diren produktuak ez dituztela onartuko ohartarazi du Frans Timmermans EBko lehen presidenteordeak: «Gogor jokatuko dugu horretan». Oraingoz, hala ere, produktuak probatzeko programa independente bat sortzea posible den aztertu nahi du Bruselak.

Birziklapenari esker salbatzen diren materialei irtenbide gehiago ematea da beste erronka bat. Hori lortzeko lehengaien kalitateari buruzko gutxieneko estandar batzuk sortu nahi ditu, bereziki plastikoa berrerabiltzeko. Lehengai kritikoak zeintzuk diren ere aztertuko du. Sektore ezberdinetan ekintzak aurreikusita daude. Elikagaien herenak alferrik galtzen direla kontuan hartuta, iraungitze data kalkulatzeko erari buelta bat eman nahi zaio, besteak beste. Plastikoen birziklatzeari ere bultzada eman nahi diote.

BERRIAn argitaratua (2016/01/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA