astekaria 2018/11/16
arrowItzuli

kirola

JOSEBA EZKURDIA

«Buruak ez badu funtzionatzen, beste guztiak ez du funtzionatzen»

Imanol Magro Eizmendi

«Buruak ez badu funtzionatzen, beste guztiak ez du funtzionatzen»

Bere elkartean da hitzordua. Arbizu erdian dago (Nafarroa), eta 300 bazkide dira. Garaikurrez beteta dago, eta handiena Arbizuk Nafarroako Bigarren Mailako herriartekoan irabazitakoa da. Kafea eskaini dio kazetariari Joseba Ezkurdiak, eta espresso bat egitera ausartu da. «Ea hartzeko modukoa dagoen, bestela azukre guztia bota, kar, kar!». Esku ona du. Ona dago.

Bakarrik jokatuko duzun lehen finala duzu igandekoa. Harrituta zaude finalak mugitzen duen guztiarekin?

Hasteko, oso pozik nago. Binakakoak ilusio handia egin zidan, aurreneko finala baitzen, baina hau ezberdina da. Zu bakarrik zaude pilotalekuan, zuk sufritzen duzu, ez duzu lagunik alboan... Neure buruarekin oso pozik nago finalera iritsi naizelako. Egia esan, gozatzen ari naiz finalaren aurreko egun hauekin.

Nola bizi dituzu finalaren ingurukoak?

Herrian giro oso polita dugu, oso maitatua sentitzen naiz, eta ikaragarri ongi tratatzen naute. Sarrerekin arrebak eta bi lagunek lagundu naute. Arrebak esan dit zalaparta izugarria egon dela: sarrerak, autobusak, afaria... Ardura asko dira, eta eskerrak haiei, bestela ezingo nuke antolatu.

Zenbat sarrera eskatu dituzu?

300 inguru.

Arbizuk mila biztanle ditu-eta!

Herrian lapurtzera etortzeko egun aproposa da. Herrikoak, familia ere handia dugu... Jende asko joango da.

Herri oso pilotazalea da Arbizu. Asko gogoratzen al dizute finala? Ba al dago beste gairik?

Kalera irten naizen egunetan, bai, galdetu didate finalaz, baina normala da jendeak gai hori ateratzea. Zoriondu egiten zaituzte, eta hori oso polita da. Lagunekin pixka bat hitz egin dut, baina haiekin beste gai batzuk ateratzen dira, eta, egia esan, hori ere mesedegarria da finala pixka bat ahazteko.

Ito zaitzake giroak?

Ez. Gustura hartuko nituzke urtero horrelako hiru estualdi. Jendeak kalean gelditzea eta animoak ematea oso polita da.

Ezkurdia omen da txapelketako ezustea. Zuretzat ere hala al da?

Lehen finala dut, eta lehen finala denean beti jotzen da ezustekotzat. Nik neure burua ondo ikusten nuen, eta banekien gauzak ondo egiten banituen banuela goian egoteko aukera.

27 urte dituzu, eta zortzi daramatzazu profesionaletan. Uste baino beranduago iritsi al da final hau?

Ez dut horretan pentsatzen. Orain iritsi da, eta kito. Aurretik izan ditut sailkatzeko aukerak, batzuetan atarian gelditu naiz, baina orain etorri da, eta oso gustura nago. Okerrago zatekeen etorri izan ez balitz.

Eta zergatik orain? Zergatik 2018ko lau eta erdikoan?

Ez dakit. Horrela egokitu da. Aurretik ere lan asko egin genuen ahalik eta urrutien iristeko, eta ez zen posible izan. Orain ongi nabil, gauzak ongi eginez. Lehenago, agian, entrenamenduetan-eta ondo ikusten nuen neure burua, baina partidetan ez zen azaleratzen entrenatzean azaleratzen nuen hori, eta pixka bat haserre egoten nintzen neure buruarekin. Pixka bat mesfidati ere banengoen, baina orain bolada onean nago, eta ea ahalik eta gehien luzatzen dudan.

Esan duzu partida erabakigarrietan kostatu egiten zitzaizula zure jokoa erakustea. Estigma bat sortu zen zure inguruan: une erabakigarrietan behera egiten zenuela.

Onartu beharra dago. Nik garai oso onak izan nituen, baina ez aurtengo erregulartasunik. Uste dut aurrerapausoa eman dudala. Lehen ere txapelketa onak eginikoa naiz, baina une erabakigarrietan ez nintzen ongi aritzen. Aurkariek ere asko jokatzen dute. Ez nintzen gustura gelditzen nik egindakoarekin, uste nuelako entrenamenduetan gauzak hobeto egiten nituela. Partida garrantzitsu dezente galdu nituen, eta horri buelta eman nahi nion. Banekien zerbait egin behar nuela, eta eman diogu buelta.

Eta hori nola egiten da?

Galdutako partida guztiek irakatsi egiten dizute, adinak ere bai, eta inguruko jendeak ere laguntzen dizu. Entrenamendu ingurune oso ona dut, eta oso gustura aritzen naiz. Ahal fisikoa edo pilotalekuko lana bezain garrantzitsua da burua lantzea. Ari gara burua lantzen, eta horrek ere eman du fruitua.

Kontzentrazio teknikak ere landu izan dituzu. Kirol askotan egiten dira.

Partida aurretik, berotzean... Prestatzaile fisikoarekin. Kirol psikologo batekin ere hasi nintzen, ez nintzelako uste nuen bezain ondo sentitzen une erabakigarrietan, eta horri ere buelta eman nahi nion. Burua entrenatzen hasi ginen, eta nik uste dut onerako izan dela. Buruak ez badu funtzionatzen, beste guztiak ez du funtzionatzen.

Eman duzu goiburua. Kirol psikologoa oso ohikoa da banakako kiroletan, txapeldun handienek ere badute alboan.

Eliteko pilotan parekotasun handia dago, eta xehetasun txikiak oso garrantzitsuak dira. Eta une horietan zeure burua lasai ikustea, konfiantza sumatzea, erabakigarria izan daiteke.

Zenbat aldiz entzun duzu binakako txapelak mesede oso handia egin dizula?

Askotan.

Eta hala al da?

Bai, zalantzarik gabe. Irabazteak beti laguntzen du. Galtzen duzunean, etxera ez zara joaten konfiantza berberarekin. Irabazteak lagundu egiten du, zuk eginiko lanak fruituak ematen dituela ikusten baituzu.

Txapelketa honetan une larri bakarra izan duzu, finalerdietako partidako azken txanpan Urrutikoetxea gerturatu zenean, 4-14tik 15-19ra. Batek baino gehiagok hala pentsatuko zuen: «Ezkurdia lotu egingo da». Baina ez.

Jendeak esan dit: «Beldurtu zintuen hor, e...». Bada ez, nik Jokin Etxaniz botileroari esan nion lasai nengoela, neure buruarengan konfiantza nuela, eta, galdu edo irabazi, nik nirea egin behar nuela. Irabazi edo galdu nire erabakiekin izango zela, eta garbi nuela zer egin behar nuen. Aurrera egitea erabaki nuen, eta nik egin nituen tanto garrantzitsuak.

Sake bat airez errestatu, eta hark eten zuen Urrutikoetxearen bolada.

Jokaldi egokia zela ikusi egin nuen. Duela hiruzpalau urte, agian, ez nintzen kapaza izango hori egiteko. Baina garbi nuen sakearekin mina egiten ari zela, eta ikusi nuen aurrera egin behar nuela, bestela, agian, partidak ihes egingo zidalako.

Altunari 22-10 irabazi zenion duela hiru aste, eta, hala ere, bera da faborito apustuetan.

22 urte ditu, eta hau laugarren finala du, hirugarrena jarraian lau eta erdian. Ondo daki zer den hau guztia. Sozio txarra da final baterako, oso heldua da, eta ikaragarri jokatzen du. Normala da bera faborito izatea.

Finalean ez duzue botilerorik izango. Zer iritzi duzu? Zuk harreman oso estua duzu zurearekin, Juan Martinez de Irujorekin.

Ez dut ulertzen. Nire ustez, pilotarentzat polita da botileroak egotea. Lehen finala izango da botilerorik gabe; arraroa izango da. Tradizio polita da, eta aurkezpenean nik esan nuen enpresak ez zigula iritzia eskatu, eta inposatu egin zutela. Altunak eta nik argi esan genuen erosoago sentitzen garela aulkian pertsona bat izanda.

Nabaritu al duzu Irujoren falta?

Partida bakarrean egon naiz botilerorik gabe, Altunaren aurkakoan. Besteetan, Jokin Etxaniz izan dut alboan, eta gustura ibili naiz harekin. Baina ni erosoago eta lasaiago sentitzen naiz aulkian Juan badago.

Finala Nafarroa Arenan jokatuko da. Bere garaian diru xahuketa handia izan zen hura eraikitzea. Nafarra zara, zer iritzi duzu?

Irekitzeko garaia zen, eginda baitzegoen. Instalazioa ikaragarria da. Eraiki zenean ez zen halakorik behar, baina, behin eginda, probetxua atera behar zaio, mugitu, eta zabalik mantendu.

BERRIAn argitaratua (2018/11/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA