astekaria 2018/11/16
arrowItzuli

mundua

Ezkerra, ezin bateratu

Ekhi Erremundegi Beloki

Ezkerra, ezin bateratu

Ezohiko irudia ikusi zen joan den maiatzean Parisen. Ezkerreko alderdi, sindikatu eta eragile gehienak elkarrekin, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen politikari buru egiteko. Mobilizazio bat iraun zuen, eta batasun irudia desagertu zen. Attac mugimendua izan zen elkartze horren bultzatzaileetako bat. Alta, hilabete batzuetara, kolorerik gabe ikusten du ezkerraren argazkia Annick Coupe Attaceko idazkari nagusiak: «Macronen parean badira erresistentziak, baina ezker erradikala zatitua da. Iruditeria politiko berri bat eraiki behar da; hori da erronka nagusia». Manuel Cervera Marzal politika zientzietan doktore eta ikerlariaren iritziz, «ahultasun historiko» bat bizi izaten ari da Frantziako ezkerra bere osotasunean -instituzionala, alderdietakoa, ez-konformista...-.

2017ko presidentetzarako hauteskundeetan, ezkerreko alderdi guzien emaitzak batuta %32ra iritsi ziren; V. Errepublikan izandako emaitzarik apalena. Eta 2016ko udaberrian lan legearen kontra sortutako mugimendu sozialak ere, kopuruan, hamarkada bat lehenago CPE kontratuaren ala erretreta erreformaren kontra izandako mobilizazioek baino aise jende gutxiago batu zuten. Azkenik, PS Alderdi Sozialistaren krisia ere nabarmentzekoa da. Macronek eskuinetik eta Jean Luc Melenchonek ezkerretik gainditua, Frantzian ez du gehiago eraginik.

Couperen iritziz, hiru elementu azpimarratu daitezke azken urteetan Frantziako panorama politikoan: Macron eta Martxan mugimendua, eskuin muturraren gorakada, eta Frantzia Intsumisoaren agerpena. 2017ko hauteskundeetan «berrikuntzaren hautagaia» izan zen Macron; «ilusio bat, komunikazio kondaira bat» sortu zuela dio Coupek. Naomi Kleinek teorizatutako shock-aren estrategia ere ikusten du bere jardunean. «Fronte guzietan batera eraso egin du: lan legea, larrialdi egoera konstituzioan sartzea, etorkinak, mugimendu sozialen kontrako errepresioa, zerbitzu publikoen kontrako erasoak...».

Eskuin muturraren gorakadarekin lotura zuzena du Macronen politikak, Cervera Marzalen iritziz. Bost kontinenteetan gertatzen ari den gorakada hori «pobrezia eta berdintasunik eza emendatu dituen 40 urteko kudeaketa neoliberalari» egozten baitio ikerlariak. Halaber, pixkanaka «sozial-liberalismora lerratu den» ezker sozialdemokrata ere hobenduntzat du. «Zinez ezkerrekoa den ezker baten faltan, herritarren haserrea aker pekatzaile batzuen kontra itzulikatzen ari da; bereziki, etorkinak eta musulmanak». Eztabaida Europako hauteskundeetara eramanez gero, gaur egungo zatiketa politikoa Macron eta Matteo Salvini Italiako Barne ministroaren artekoa dela pentsa litekeela uste du. «Alta, Salvini Macronen umea da. Politika ekonomiko bera dute, oinarrian. Bolsonaroren politika ekonomikoa begiratzen badugu ere, sindikatuak debekatu nahi ditu, greba eskubidea debekatu, erretiroaren adina gibelatu, langabezia ezabatu... Neoliberal bat da. Eta Macronen gisako neoliberalen artean ere zinezko bultzada autoritario bat dago».

Frantzia Intsumisoa

Behin baino gehiagotan agertu da azken urteetan ezker erradikala bateratzearen beharra. 2007ko presidentetza hauteskundeen ondotik, Olivier Besancenot LKIko hautagaiak ezkerreko beste joerei denen artean mugimendu zabal bat osatzeko deia egin zien, baina ez zuen espero zuten emaitza lortu. 2009an, NPA alderdia bultzatu zuen, LKIk antikapitalistak batzeko, baina urteetan indarra galduz joan da.

Garai berean, PS utzi berria zuen Melenchonek Ezkerreko Alderdia sortu, eta Ezkerreko Frontea osatu zuen alderdi komunista eta ezkerreko beste alderdi andanarekin. Komunistekin zituzten harreman txarrak zirela medio, azken urteetan bertan behera gelditu da elkarlana. 2015-2017tik aitzina, Ezkerreko Alderdian gogoeta bat abiatu zutela azaldu du Cervera Marzalek. «Herritarrek ezkerrarekiko konfiantza galdua zutelako, ezkerra elkarretaratu ordez herria federatu behar zela erran zuten, eta herria federatzeko alderdi politikoen gainetik pasatu behar dela, zuzenean herriari mintzatzeko, hizlari handien moduan, probidentziazko gizonaren gisan. Eta hori guzia onartua du Frantzia Intsumisoak. Ekitaldietan internazionala, bandera gorriak eta igitaia eta mailua kendu dituzte, eta komunikazioan gehiago nabarmenduko dituzte jendeak, langile edo proletargoa baino. Hori aldaketa nabarmena izan da Melenchonen estrategian».

Chantal Mouffe filosofoa da estrategia populista horren teorizatzaile nagusia. «Estrategia horretan, bada ideia biziki garrantzitsu bat: nazioaren, identitatearen eta ordenaren gaia ez zaiola eskuin muturrari utzi behar... Haiek uste dute FNri bidea moztuko diotela; nik alderantziz uste dut, FN elikatzen dutela, bere agendaren arabera jokatzen dutelako».

Horrek sortzen duen «anbiguotasuna» aipatu du Cervera Marzalek. Djorde Kuzmanovic Frantzia Intsumisoko kidearen figura, eta Melenchonek etorkinei buruz egin izan dituen adierazpen batzuk. «Bada ildo patriotiko eta chauvinista bat eztabaida sortzen duena». Haren iritziz, ezkerrean batzuk «argiki internazionalistak» dira, eta, zirkulazio eta instalazio askatasuna defendatzen dute NPAk bezala. «Eta badira immigrazioa agortu behar dela diotenak, paperik gabeko langileak erregularizatzea onartzen dutenak, baina ez paperik gabeko guziak, ez direnak mugak irekitzearen alde. Zatiketa argia da, eta bi aldeek onartzen dute».

Oraingoz, «etorkinen kontrako ezkerra» terminoa erabili nahi ez badu ere, eztabaida dagoela onartu du Coupek, eta beldur da ezkerraren zati bat horretara bilaka ote daitekeen. «Etorkin guziak hartzea ezinezkoa dela errateak esan nahi du etorkin gehiegi badela. Argudio onartezina da».

Azken bi hilabeteetan Frantzia Intsumisoa ikertzen ari da Cervera Marzal, eta gai horiek tokiko taldeetan sortzen duten eztabaida nabarmendu du. Haren ustez, ezin da erran Frantzia Intsumisoaren barruan joera politiko bakarra dagoenik. «Eztabaidak irekiak dira, Ensemble alderdiak pisu handia du Frantzia Intsumiso barnean». Berriki, Mediapart agerkarian egin zioten elkarrizketan, diskurtsoan «diferentziak» ager badaitezke ere, 2017ko hauteskundeetarako programak batzen dituela adierazi zuen Daniele Obono Frantzia Intsumisoko eta Ensembleko kideak. «Kohabitazioak iraunen du denek baldin badute zer irabazia. Funtsean, badu hamar urte PG eta Ensemble elkarlanean ari direla, elkarrekin funtzionatzen dutela; batzuetan desadostasunekin eta desadostasun horiek eszena publiko eta mediatikoan agertu izan dira tarteka. Baina, iruditzen zait oraingoz batasun bat atxikitzea lortu dutela. Badute interesa elkarrekin egoteko».

Horregatik, eta Frantzia Intsumisoan «anbiguotasunak» daudela azpimarratzen badu ere, ez zaio onargarri Italiako M5S mugimenduarekin konparatzea. «Ezin dira maila berean jarri M5S mugimenduaren gisan etorkinak mugara eramatea proposatzen duen mugimendu bat, eta Frantzia Intsumisoak bezala bere programan paperik gabeko langile guziak erregularizatzea proposatzen duena. Antinomikoak dira. Eta hori diot, nahiz eta pentsatzen dudan Frantzia Intsumisoa ez doala aski urrun etorkinen gaian». Macronen aldekoei leporatu die Frantzia Intsumisoa eskuin muturrarekin konparatzea, «Macronek berak zinezko neurri xenofoboak hartu dituelarik etorkinen kontra».

Ezkerraren bateratzea

PS hiltzear dela, bere lekua nork hartuko hegemonia gerla bat abiatua dela aipatu izan da maiz. Benoit Hamonen Generation eta Jean Luc Melenchonen Frantzia Intsumisoa aurkezten dira lehia horretan. Couperen iritziz, «arrazoinamendua» hori izanen den bitartean ez du funtzionatuko. «Ezkerra ez da federatuko. Hegemoniaren bila joanen den edozein alderdi edo egitura porrotera doa». Kontrako iritzia agertu du Cervera Marzalek. «Hegemonia gerla bukatua da. Frantzia Intsumisoak irabazi du». Hala ere, noizbait bien arteko hurbiltze bat gertatuko dela uste du. «2022ko hauteskundeetarako azken lasterketa da zinez garrantzitsua. Badakite aliantza bat negoziatuko dutela, baina bi aldeek ahalik eta aliantzarik onena nahi dute, eta ez da aliantza goizegi egin behar». Frantzia Intsumisoaren kontrako miaketetan batzuentzat beldurgarria izan daitekeen «irudi bortitz» bat erakutsi badu ere, azken urteetan, Melenchonek bere irudia baretu duela uste du, eta, beraz, hura ikusten du ezkerra bateratzeko «lekurik onenean».

Helburu berarekin elkartu ziren maiatzean Attac mugimendua eta Copernic fundazioa. Ezkerreko alderdi, sindikatu eta eragile kasik guziak batu zituzten, Parisen eta Frantziako hiri nagusietan «marea herrikoi bat» osatzeko xedearekin. Hilabeteetan isilpean egindako bilkuren emaitza izan zen. «Denek erran zuten: ez gara astakerietan ibili behar», azaldu du Coupek. Maiatzaren 26ko mobilizazioak batasun irudi bat erakutsi zuen, baina ez zuen bildu espero zen jende kopurua. Geroztik, bere horretan gelditu da elkarlana. «Zaila da. Bakoitzak bere erritmoa du, hauteskundeak heldu dira...». Urtea bukatu aitzin, etorkinen eta ingurumenaren gaiari lotuta bi ekitaldi antolatzeko xedea zutela adierazi zuen Alternatiba egunetan Baionara etorri zenean. Gaur-gaurkoz, ez dute jendaurrean ezer jakinarazi.

Hala ere, Cervera Marzalek argi utzi du: ez du egituren baturan sinesten. «Niretzat, ezkerrak hobekuntzarik lortuko badu, ez da izanen pertsona bakar baten gibelean bateratuta. Baizik eta autoantolakuntza praktikak plantan emanez, azken urteetako mugimendu sozialetan ikusi ahal izan ditugunen gisan. Nik askoz ere gehiago sinesten dut behetik gora modu autonomoan eta autogestionatuan antolatzen den ezker batean, biztanleriaren parte nabarmen bat mugimenduan emanez, karrikan, grebetan, bileretan, plaza publikoetan, unibertsitateetan, sindikatuetan, han eta hemen... Niretzat, masa mobilizazioetan da gakoa». Antzera aritu da Annick Coupe ere, eta «iruditeria politiko berri baten» beharra aipatu du: «eraldaketa soziala, ekologikoa eta feminista bilduko dituena; diskriminazio guzien aurkakoa».

Zein izanen da txinparta? Cervera Marzalen iritziz, ezinezkoa da jakitea. «Herri mugimendu handiak sortu izan direnean, ez ziren sekula aurreikusiak». Errusiar iraultza eta 68ko maiatza eman ditu adibidetzat. «Gaur egun, langile mugimendu hori erabat zatitua dago, erabat desegituratua. Lehen baino lan baldintza prekarioagoak dituzte; prekaritatea oztopo bat da antolatzeko: mobilizatzen direnak ez dira sekula pobreenak eta behartsuenak, iraupenean direlako: ezin dira greban jarri, garestiegia delako; ezin dira manifestazioetara joan, denbora gehiegi hartzen dielako. Indar alternatiboen bila ari gara».

Coupe: «Galdera da nola antolatzen diren herritarrak; nola eraikitzen diren fronte komunak elkarlanetik». Mugimendu ekologista, immigranteen ondorenak diren langile auzoetako gazteak, eta ikasketadun gazte prekarioen artean loturak eratzeko beharra azpimarratu du, hain zuzen ere, Cervera Marzalek. «Hori da borrokak bateratzearen gaia. Helburu laudagarri bat da, nire ustez, baina ez da dekretuz ezartzen ahal. Nik horretan dut nire esperantza, ezkerreko populismo batean baino. Interesgarria da, baina duda handiak ditut Melenchon bezala 30 urtez PSko kide eta 20 urte baino gehiago senatari izan den politikari bat izanen den gure arazo guzien aterabidea».

Bihar: Benoit Hamon Generation alderdiko buruari elkarrizketa.

BERRIAn argitaratua (2018/11/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA