astekaria 2018/11/16
arrowItzuli

gizartea

Nola egin 'klik' ahalik eta erosoen

Maite Asensio Lozano

Nola egin 'klik' ahalik eta erosoen

Ahobizi bat, astean bi aldiz saskibaloian entrenatzen dena; oro har, erdaraz mintzatzen da taldean, baina kideetako batzuk euskaldunak dira, eta ez daki besteak euskara ulertzeko gai diren. Eta Euskaraldian ahobizi izango da, hau da, euskara ulertzeko gai diren guztiekin euskaraz aritzeko konpromisoa hartu du. Zer egin dezake talde horretako inertziak egokitzeko, eta euskara erabiltzen hasteko? Nola jardun behar du taldekideekin? «Ez dago formula magikorik», aitortu du Ainhoa Lasak. Eta galdera itzuli dio zalantza horrekin dabilenari: «Zer lortu nahi duzu? Zerk emango dizu lasaitasuna?».

Emun aholkularitzan hizkuntza ohiturak aldatzeko ikastaroak ematen ditu Lasak; erdaraz egiten diren jarduerak nola hasi euskaraz egiten, korapilo hori askatzea dute helburu. Kataluniatik dator ideia, TELP deitutako tailerretatik: Taller d'Espai Lingüístic Personal (hizkuntza espazio pertsonalei buruzko lantegia). «Bidaia txiki bat» egiten dutela esplikatu du Lasak: «Gure hizkuntza ohiturak aztertzen ditugu: nondik datozen, zerk bultzatzen gaituen horrela jokatzera, nola sentiarazten gaituen horrek, eta zer indar dugun aldaketak egiteko. Funtsean, gogoeta bat egiten dugu ikastaroetan, aldaketa egin ahal izateko eroso sentitzeko». Jabetze eta ahalduntze ariketak ere egiten dituzte: «Jakin behar dugu euskaldunak garela, zer den hizkuntza gutxitu bateko hiztuna izatea». Hortik aurrera, aldaketak egiteko tresnak lantzen dituzte: «Bakoitzari egokituta».

Baina non dago hizkuntza ohiturak aldatzeko giltza? Nola egin klik hori? Oro har, aldaketak hiru arlotan egiten direla azaldu du Lasak: «Batetik, emozioak, nola sentitzen garen; bestetik, pentsamendua, zer aurreiritzi eta beldur dugun; eta, azkenik, portaera, gauzak egiteko modua. Pertsona bakoitzak arlo batean edo bestean egingo du klik: batek portaera aldatuko du baina denbora gehiago beharko du eroso egoteko, eta beste batek eroso sentitzean aldatuko du portaera».

Korapilo horiek esplizitatzeko aukera emango du Euskaraldiak, mahai gainean jartzeko, Lasaren iritziz: «Horretarako espazio bat emango digu: nahi duguna egitekoa, eroso sentituz». Izan ere, uste du babesa emango duela talde ariketa bat izateak, «beste batzuk ni bezala ari direla jakiteak». Ziur da proiektuak aldaketak ekarriko dituela, eta denboran mantendu ahalko direla: «Epe luzera, iruditeria berri bat sortuko zaigu: ikusiko dugu beste modu batera bizi daitekeela». Eta Euskaraldian parte hartuko ez dutenengana ere iritsiko da mezua: «Erakutsiko diegu inertziak aldatu nahi ditugula».

Elkarrizketa elebidunak

Elkarrizketa elebidunek sortuko dute, neurri batean, iruditeria berri hori; hau da, batek euskaraz egiteak eta besteak erdaraz. Lasak aitortu du ez dagoela horretarako ohiturarik: «Ez gara ondo sentitzen, eta aurreiritzi asko dauzkagu: atzo arte errespetu falta bat izan da. Gutako askok aldatu egin dugu diskurtso hori, baina ez dugu emozioetara eraman». Horretarako aukera ere emango du Euskaraldiak: «Euskaraz aritzeko zailtasunak dauzkatenentzat -eta denontzat- logikoena da bi solaskideok menderatzen dugun hizkuntzan aritzea, baina ez du zertan. Elkarrizketa elebidunak arraroak egingo zaizkigu hasieran, baina Euskaraldiak balioko digu entrenatzeko, ohartzeko gatazkarik ez dutela sortzen, eta komunikazioa bermatuta dagoela».

Ariketa horretan, baina, ezinbestekotzat jo du ez espero izatea besteak hizkuntza aldatzea: «Hasieran hala ibiltzen baikara, bestea gure hizkuntzara ekarri nahian». Bere bidaia txikiaren ostean ikasitakoa azaldu du: «Konturatu nintzen euskaraz ulertzen zidaten batzuek gaztelaniaz erantzuten zidatela nik gaztelaniaz hitz egingo banie bezala, eta pentsatu nuen nik berdin egingo nuela, ulertzen didaten bitartean: hitz egingo nien haiek niri euskaraz egingo balidate bezala. Horrek lagundu dit lasai egoten».

Bihar: Aurreko esperientziak.

BERRIAn argitaratua (2018/11/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA