politika
«Urrats esanguratsua» egin nahi dute galdeketa Donostiara eramanda
Gotzon Hermosilla
«Ura bere bidera doa. Hasieran ibaia ginen, eta tantaz tanta itsaso bihurtu gara», esan dute Garciak eta Martinezek. Gogoratu dute GED Gure Esku Dago dinamikak bost urteko ibilbidea baino ez duela egin, eta duela bost urte «ezinezkotzat» jotzen zutena «posible» bilakatu dutela, «herritarrok sortutako olatua inork espero ez zuen lekuetara iristea» barne.
Galdeketen antolatzaileen esanetan, «borondateak» bildu ditu: «Herri izan nahi dugu, eta herri gisa erabaki nahi dugu». Asmo horrekin aritu dira lanean galdeketak prestatzen, eta lantegi horretan «urteetan iraun duten hamaika horma eraitsi eta beste horrenbeste sasi alboratu» egin dituzte. Horregatik pentsatzen dute prozesu honek aldaketa sakonak ekarriko dituela: «Honen ostean gure herrietan ezer ez da bera izango».
Orotara, 221.679 lagunek izango dute botoa emateko aukera bost galdeketetan, 09:00etatik eta 20:00etara. Galderak desberdinak izango dira leku batetik bestera. Donostian, Zallan eta Balmasedan, euskal herritarrek «etorkizun politikoa» aukeratu ahal izatearekin ados ote dauden galdetuko diete herritarrei; Alonsotegin, berriz, ea «euskal estatu independente bateko herritar» izan gura duten. Azkenik, Irunen, hiru aukeraren artean bat hautatu ahal izango dute herritarrek: egungo estatusa, estatus berria Espainiako Estatuaren barruan edo «euskal estatu burujabe eta independentea».
Antolatzaileek esan dutenez, sistema informatiko bat erabiliko dute saihesteko inork botoa ematea behin baino gehiagotan, eta, horretaz gain, berme batzorde bat ere egongo da, «protokoloa zorrotz errespetatzen dela eta galdeketak berme guztiekin egiten direla ziurtatzeko».
Nazioarteko begirale talde bat ere egongo da: gehienak Kataluniatik etorriko dira, baina egongo da Eskoziako eta Argentinako begiralerik ere.
Azaroaren 18an botoa zuzenean ematerik izango ez dutenek bozka postaz bidaltzeko aukera dute, eta horretarako epea urriaren 29az geroztik dago zabalik.
Bost toki horietako herritarrei prozesuan parte hartzeko deia egin diete Garciak eta Martinezek. «Ikusi dugu erabakitzeko beharrak batu egiten gaituela adin, pentsamolde eta jatorri askotariko herritarrak», esan dute; horregatik pentsatzen dute azaroaren 18an «demokrazia» gailenduko dela eta, horrekin batera, «herritar guztiak».
Quim Torra Donostian
Giroa berotuz joateko, GEDek hainbat ekitaldi antolatu ditu Donostian aste honetarako, eta horietatik garrantzitsuena izango da Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak bihar Donostiako Kursaal jauregian emango duen hitzaldia.
Ekitaldia 19:00etan hasiko da, eta Katalunia: burujabetza, demokrazia, askatasuna izango du goiburu. Bidaia baliatuta, Torrak bilera izango du eguerdian Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin, Gasteizen.
Bestalde, galdeketaren bezperan, azaroaren 17an, beste solasaldi bat egongo da Donostian, 19:00etan, Aquariumean. ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente Elisenda Paluzie eta Marcel Mauri Omnium Culturaleko presidenteordea Kataluniako egoeraz mintzatuko dira.