gizartea
Lehen harri(kad)a
Karmele Uribesalgo Alzola
Egun horretara bitarte, Euskaraldiari buruzko erreportaje sorta bat argitaratuko du BERRIAk. Hizkuntza ohituren aldaketa izango da aztergai, eta Euskaraldiaren inguruan sortzen ari den mugimendua. Euskaraldiak adina egun iraungo du sortak ere: 11 artikulu.
Duela hiru urte egin zuen performancea Egiak. Transitoak izenburua jarri zion. «Hizkuntza hegemonikoa ahaztuta» bizi izan zen hilabetez. Lehen harria izan zen hizkuntza ohiturak aldatzeko egitasmoak hedatzeko: Donostiako Egia auzoan hartu zioten lekukoa, eta atzetik etorri dira beste hainbat herri. Orain, Euskal Herri osoan egingo dute Euskaraldian.
«Galderak planteatu nizkion neure buruari: zer da gaur eta hemen euskalduna izatea? Euskalduna euskaraz dakiena da, edo beste zerbait ere behar du?». Era horretako galderekin osatu zuen performanceko protagonista: erabat euskaraz arituko zen pertsonaia. «24 orduz euskalduna izango zen subjektu teoriko bat sortu nuen, edozein egoeratan euskaraz bakarrik ari zitekeena». BERRIAren webgunean eman zuen egunez eguneko esperientzien berri, Transitoak blogean.
Solaskideen jokabidea
Oinarrian «jolasa» zen, eta hizkuntza harremanak «aldrebestu» nahi zituen. «Gizartean arau sozialak daude, idatzi gabeak, eta hizkuntzari dagozkionak apurtu nituen nik». Arauak haustearen ondorioz, «zigor sozialak» jasan zituen: ez ezinbestean negatiboak. Batzuk, izan ere, harritu egiten ziren, baina, behin barneratuta, moldatu egiten ziren egoerara; beste batzuek, ordea, ez zuten adeitsu hartu Egiaren jokabidea.
Hori gertatu zitzaion, adibidez, loteria denda batean. Blogean kontatu zuen. Euskaraz hasi zen: «Arratsalde on. Primitiba egiten nator. Zein da orria?». Langileak ez zion ezer ulertu, eta astiroago hitz egin zion Egiak. Hark ezetz, gaztelaniaz: «Ea ba, ez dizut aditzen». Hirugarrenez ere ahalegindu zen, baina ez zuen erantzun positiborik jaso. «Ez zara ezkutuko kamera horietako batekin grabatzen ari, ezta?». Errepikapenen eta keinuen bidez ukatu zion. Saltokitik alde egin baino lehen, zera esan zion saltzaileak: «Bilbon ez da inoiz euskaraz hitz egin».
Performancea hasterako, Egiak egina zuen hausnarketa teoriko bat: hainbat hipotesi egin zituen. Espero zuen jarrera ezkor batzuk jasotzea, eta, beraz, ez zuten bereziki harritu iruzkin eta portaera batzuek. Aurrera egin ahala, konturatu zen momentu batzuetan komunikatzeko zailtasunak izaten zituela hartu zuen jokabidearekin. Baina gogoeta hau egin du horri buruz: «Kasu batzuetan ezinezkoa zen euskaraz soilik komunikatzea, baina zergatik? Nik ez nekielako gaztelaniaz, edo besteak ez zekielako euskaraz?».
Ohiturak aldatzea
Egiak argi dauka «askoz ere konplikatuagoa dela» ohiko harremanetako hizkuntza ohiturak aldatzea, ezezagunekin aldatzea baino. Harreman batzuetan izan zituen ezustekoak. Ohiko pizza dendan, adibidez. Konturatu zen Naoufal saltzaileak «uste baino gehiago» ulertzen ziola euskaraz, ahalegina egina zuela euskara ikasteko, eta lanagatik utzi behar izan zuela. «Izugarri maite du jendeari euskaraz entzutea eta nahiko luke ikasi». Kuadrillan, berriz, zailagoa egin zitzaien Egiaren portaera aldaketa. «Larunbat batean poteora jaitsi nintzen. Erdiak euskaldunak ginen, eta beste erdiak, erdaldunak. Euskaraz egiten ez zutenak desiratzen zeuden performancea amaitzeko».
Pentsatua zeukan bezala, hilabeteren ostean amaitu zuen ariketa. «Ezin duzu bizitza osoa horrela pasatu Bilbon». Badaki kasu batzuetan komunikazioa hobea izan dadin beharrezkoa dela gaztelaniara pasatzea; aitortu du lagun eta senide erdaldunekin ere ezingo lukeela beti euskaraz egin. Hala ere, adierazi du performancea oso baliagarria izan zitzaiola, konturatu zelako zenbait hizkuntza ohitura aldatu behar zituela.
Euskaraldian parte hartuko du Egiak. Ez dauka oso argi nolako ondorioak izango dituen, baina uste du Euskaraldiak balioko duela jarrera batzuk aldatzeko. Haren iritziz, izan ere, 11 eguneko esperientzia amaitzean parte hartzaileek hizkuntza portaerekin lotutako ideia sendoagoak badituzte, hizkuntza jarrera egokiagoak izan ditzakete: «Hizkuntzaren afera erdigunean jarriko dugu, eta euskarak ikusgarritasuna lortzeko ere balio dezake». Desberdintasun nagusi bat nabari du performancearekin alderatuta: «Printzipioz, Euskaraldiak kanpoan uzten ditu erdaldunak, eta hori izan daiteke eremurik problematikoena. Oraingoan, espazio adikor batean egingo dugu jarduera». Euskaraldian, izan ere, ahobiziei eskatuko zaie ahal duten guztietan euskaraz jarduteko, baina, betiere, solaskideak euskaraz ulertzen badu. Belarriprest rolekoek, berriz, erraztasunak jarriko dituzte solaskideek euskaraz egin diezaieten.
Egiak ez du zalantzarik Euskaraldian parte hartzeaz. Dei hori egin die herritarrei: «Egizu proba, jolastu, behartu zeure burua, baita ingurukoak ere, beti hobetu baititzakegu hizkuntza harremanak. Eta, jakina, disfrutatu».
Etzi: Hizkuntz ohiturak nola aldatu.