astekaria 2018/11/16
arrowItzuli

gizartea

NOLA HEZI HESIETATIK HARATAGO

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

NOLA HEZI HESIETATIK HARATAGO

Desoreka nabarmenak daude maila sozioekonomiko apaleko ikasleen eskolatzean, batik bat migratzaileen seme-alaben eskolatzean. Sare publikoko ikastetxe jakin batzuetan pilatzen dira asko. Desoreka hori era ezberdinetan bizi duten lau ikastetxetan izan da BERRIA, haien egunerokoa ezagutzeko. Mezu argia eman dute hezitzaileek: behar bereziak dituzte eskola horietan, eta administrazioak kontuan hartu behar du egoera hori. Halaber, ohartarazi dute arazoa ez dela eskolan sortu, gizarte desberdintasunen isla dela, eta, ondorioz, erronka horri ezin zaiola heldu eskolatik soilik.

Eskola segregazioaren auzia pil-pilean dago azken hilabeteetan. Zubiak Eraikiz plataformak herri ekinbide legegile bat aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, segregazioaren aurkako neurri batzuk eskatzeko; 17.000 sinaduraren babesarekin egin zuen proposamena. Parlamentuak, ordea, atzera bota zuen eskari hori, EAJren, PSE-EEren eta PPren botoekin; argudiatu zuten EAEko hezkuntza legean jasoko dutela gaia. Ikastolen Elkarteak ere heldu dio gaiari oraintsu, txosten baten bidez; hezkuntzako eragileek eskolatze batzordeetan parte hartzea proposatu du. Aste honetan, berriz, Eusko Jaurlaritzak argitaratu du txosten bat, Atzerritar jatorriko eskolatzea EAEko eskola sisteman izenekoa. Azterketa horrek berretsi du jatorri atzerritarreko ikasle gehienak sare publikoan daudela, eta desoreka nabarmena dela: Lehen Hezkuntzan, eskola publikoetako ikasleen %23k dituzte guraso migratzaileak; itunpeko sarean, %10ek.

Alde handiak daude, hala ere, zentro batetik bestera. Eta egoera nolakoa den, segregazioa ulertzeko modu desberdina dute eskola batzuetan eta besteetan. Ordiziako (Gipuzkoa) Urdaneta zentroan, adibidez, «eskola aniztuna» dutela diote, maila sozioekonomiko eta jatorri desberdineko ikasleen bilgune dela. «Eskola publikoa gara, eta uste dugu hezkuntzak ahalik eta pertsona gehienengana iritsi behar duela; hartu behar ditugu kanpotik etorri eta gure herrian bizi direnak ere», azaldu du Mari Jose Garmendia irakasleak.

Ikastetxe «inklusibotzat» dute beren burua Eskoriatzako (Gipuzkoa) Luis Ezeiza herri eskolan. «Euskal Herriko gizartea plurala da, gero eta pluralagoa; beraz, ulergarria da eskola horren isla izatea», azaldu du Arrate Agirre irakasleak. 150 ikasle ditu eskolak, eta 29 dira migratzaileen seme-alabak. Irakasleek diote, hala ere, jatorriaz eta maila sozioekonomikoaz harago hartu behar dela aniztasuna, «era zabalean».

Ikasleen ezaugarriak

Gasteizen are nabariagoa da eskolen arteko desoreka. «Lehen eta bigarren mailako zentroak daude: pobrezia bizi dutenak eta bizi ez dutenak», azaldu du Samaniego ikastetxeko zuzendari Cristina Arguijok. Eskola horretako irakaslea da Jon Muxika ere, eta bat dator zuzendariarekin. Haren hitzetan, segregazioa suma daiteke maila sozioekonomikoari begiratuta: «Eskola publikoetan jaitsi egin da ISEK maila». Indize sozioekonomiko eta kulturala da ISEK, eta ikaslearen etxeko egoera neurtzen du: gurasoen errenta, ikasketa maila, baliabideak... Bekadunen kopurua ere adierazletzat jo du Muxikak. Horri heldu diote Gasteizko beste zentro batean ere: Ganivet zentroan ikasleen %70 dira bekadunak, eta bi heren baino gehiago geratzen dira jantokian egunero, Marian Moreno zuzendariak kontatu duenez. «Jantokian hiru txanda egin behar izaten ditugu, eta nahiko justu ibiltzen gara bazkalorduan».

Eskola segregazioaren auziak Gasteizen sortu du ika-mika handiena orain arte, desoreka nabarmenenetakoa hiri horretan baitute. Eskola Publikoaren Aldeko Plataforma martxan dago Gasteizen, eta ohartarazia du segregazioa «egonkortzen» ari dela. Arguijo bat dator Gasteizen handiagoa dela arazoa. «Egia da gauzak ez direla ongi egin; Arabako egoera ez da Gipuzkoako eta Bizkaiko berbera. Hemen A ereduak urte luzez mantendu dira». Hiri antolamenduaren gaia jarri du mahai gainean Morenok, horrek eragina izan duela ikastetxeen egoeran: «Ez du zentzurik etxe sozial guztiak kale berean jartzeak; hezkuntzaz haragokoa da arazoa».

Aldaketetara egokitzen

Sortzen ari diren premien arabera, egokitzapenak egin behar izaten dituzte eskolek. «Ikastetxe honetan, abiapuntua ez du irakasleak ezartzen: ikasleak ezartzen du», ohartarazi du Aintzane Garmendia Urdanetako irakasleak. «Guretzat oztopoa litzateke testuliburuekin lan egitea». Horretan ados dago Arrate Landa, Luis Ezeiza ikastetxeko irakaslea: «Testuliburu batekin lan egin behar izanez gero, guztiek aldi berean landu beharko lukete eduki berbera, eta zaila da erritmoari jarraitzea». Proiektuen bitartez lan egiten dute, eta horrek «malgutasuna» ematen die ikasturtea hasi ondoren iritsitako ikasleak txertatzeko. Ganiveten, berriz, bai, erabiltzen dituzte testuliburuak. «Baina moldatuta», Morenok ohartarazi duenez. «Hainbat testulibururen testuak ez dira egokiak ikasleentzat».

Horrelako eskoletan ohikoa da ikasturtea hasi ondoren ikasleak joatea edo iristea, familiak lekuz aldatzen direlako. Adin txikieneko ikasgeletan gertatzen da hori maizen, Raul Lopez de Munain Samaniegoko irakasleak azaldu duenez: «Txikienekin gerta daiteke ikasturte batetik bestera ehun ikasle joatea eta ehun etortzea». Halakoetan, zaila da gelak kudeatzea, baina irakaspena ere bada, Arguijok dioenez: «Ikasle berri bat etortzean, ikasleek eurek antolatzen dituzte ongietorriak; horrekin ere ikasten da».

Gorabehera horiek ikusita, harrera protokoloak dituzte eskoletan. Hala kontatu dute, adibidez, Eskoriatzako eskolan: «Plan bat daukagu, familiekin eta ikasleekin eman beharreko pausoak zehazteko». Urdanetan ere badute horrelako proiektu bat, ikasle enbaxadoreak rolaren bidez funtzionatzen duena. Iritsi berriei laguntzeko ardura dute ikasle horiek. Garmendiak gaineratu du iaz aurkeztu zutela familien arteko harremanak sendotzeko egitasmo bat: «Programaren helburuetako bat da bertako familia batek etorri berri den bat babestea».

Familia horiek kontuan hartzea erronka da ikastetxe horietan: haien kultur ohiturak aintzat hartzea. Adibide ugari dituzte. «Lehen, Gabonetako jaia egiten genuen; orain, udazkeneko jaialdia», esan du Landak, Eskoriatzako irakasleak. Ganiveten ere egin dituzte egokitzapenak. Jone Garcia irakasleak azaldu du txango bat antolatu zutela Olarizura, ikasleak eta sendiak biltzeko, baina ez zirela konturatu ramadanaren hasiera zela; familia batzuek ez parte hartzea ekarri zuen horrek. «Poliki-poliki egokitu behar izan dugu kultur ohituretara».

Zailtasunak izaten dituzte hasieran, beraz. «Familien eta eskolaren artean ezjakintasuna egoten da, baina, pixkanaka, sentsazio hori galdu, eta hesiak apurtzen dira», nabarmendu du Samaniegoko zuzendari Arguijok. «Zenbait familiarentzat, ikastetxea erreferente bilakatzen da». Morenok gaineratu du eskola gizarteratze atea dela familia horientzat. Urdanetan ere saiatzen dira kultura aniztasuna islatzen beren egunerokoan, ikastetxeko jardunean txertatzen. Liburuaren Eguneko adibidea jarri dute: familiei eskatzen diete kontatzeko ipuinak nork bere hizkuntzan. «Garrantzitsuena da familia horiei sentiaraztea badutela leku bat», nabarmendu du Garmendia irakasleak.

Arazoak ere sortzen dira egunerokoan, ordea. Maila sozioekonomikoarekin lotutako adibide bat jarri du Muxika irakasleak: «IKT proiektuan ordenagailu bat apurtuz gero, esaten digute familiek ordaindu behar dutela». Hori bideraezina izaten da sendi batzuentzat, eta oztopoa izaten da ikaslearen ikaskuntza prozesuan. Gainera, Arguijok ohartarazi du kontuan hartu behar dela familien egoera, zaurgarriak direlako: «Gure ikasleria egoera ekonomiko prekarioan bizi da, eta ez da kexatzen. Haientzat aski da. Pauso bat eman behar dugu eskola duina izan dezaten». Kontakizun gordinak entzuten dituzte; adibidez, beka eskatzeko epea joan eta jantokia pagatzeko dirurik ez dutenenak. Garcia: «Gure lana pedagogikoa da, baina oso soziala ere bai».

Hizkuntza harremanerako

Ikastetxe horien erronkak uztartu behar dira hezkuntzaren beste lan ildo beste batekin: euskararen irakaskuntzarekin. Kontuan izatekoa da ikasle horietako askorentzat hirugarren edo laugarren hizkuntza dela euskara. «Lehenik ama hizkuntza dute; gero, inguruarekin erlazionatzeko hizkuntza; eta, azkenik, euskara». Ganivet eskolako Garcia irakasleak azaldu du aintzat hartu behar dela ikasle bakoitzaren egoera, baita euskararen bilakaera soziolinguistikoa ere: «Askotan gertatzen da Haur Hezkuntzan ahozkotasuna landu ostean euskaraz erraz egiten dutela, baina 5 urteko gelan-edo konturatzen direla gaztelania behar dutela besteekin erlazionatzeko. Eta gaztelaniara jotzen dute». Irakasleek, nolanahi ere, ezinbestekotzat jotzen dute ikasle horiek euskaraz heztea. «Hala ez balitz, diskriminazioa litzateke», uste du Landak.

Interesgarria da ikustea hizkuntza ereduen arabera nolako aldea dagoen ikasleen maila sozioekonomikoan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak bildu ditu ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak. Sare publikoaren eta itunpekoaren arteko ezberdintasuna nabaria da, baina ereduen araberakoa ere bai: publikoan, A ereduan ari diren bost ikasletik lau dira maila sozioekonomiko baxukoak; B ereduan, bitik bat; D ereduan, hirutik bat. Gasteizen nabari da desoreka handiagoa, Samaniegoko irakasle Lopez de Muniainek dioenez: «Ereduek eragina izan zuten, garai horietan soilik A eta B ereduak baikeneuzkan. Administrazioak ez zuen ondo egin hezkuntza politika Gasteizen».

Hizkuntza gorabehera gehiago ere izaten dute ikastetxeetan. Familiekin komunikatzeko arazoak izaten dituzte maiz. Informazio oharren kasua aipatu dute Ganivet ikastetxean. Moreno: «Egun batean ohar bat banatuz gero, badakigu biharamunean familia ilara bat izan dezakegula zain. Noski, familiek jakin nahi dute zer den informazio oharrean ageri dena, eta banan-banan azaldu behar izaten diegu». Garciak gaineratu du «mimika» ere erabili behar izan dutela noiz edo noiz.

Erronketatik tiraka

Egoera hori ikusita, eskari argia egin dute ikastetxeek: bitartekoak behar dituzte. «Baliabideak eman behar dira, aukerak», azaldu du Arguijok. Ohartarazi du behar handiagoa dutenei bitarteko gehiago eskaini behar zaizkiela. Egitasmo batzuk martxan jarriak dituzte erakundeek gisa horretako eskolentzat; Jaurlaritzak, adibidez, 11 esku izeneko proiektua. «Egia da administrazioak gauzak egiten dituela, baina pausoak ez dira horren ausartak», ohartarazi du Muxikak. Adibide zehatz bat jarri du Arguijo zuzendariak: euskara barnetegiak eskaintzen dizkiete ikasleei. «Aukerak, ordea, murriztuak dira, eta guztiek ezin dituzte aprobetxatu. Esaterako, maila batean 80 ikasle daude, baina 50 ikasleri eskaintzen diete».

Baliabideekin batera, irakasleen egonkortasuna da zentroen aldarrikapena. «Proiektuan sinesten duten irakasleen egonkortasuna falta da; Hezkuntza Sailak ez ditu kontuan hartzen ikastetxe bakoitzeko egoera bereziak», salatu du Landak, Eskoriatzako irakasleak. Datu bat eman du Ganiveteko zuzendariak: irailean 40 irakasle berri hasi dira zentro horretan. «Irakasle horientzat sekulako zailtasuna da, dena baita berria. Koordinazioa eskatzen du horrek. Ez daukagu astirik».

Egonkortasuna aipatu dute Samaniego ikastetxean ere, baina beste kontzeptu bat erantsita: «Duintasuna». Arguijok nabarmendu du «ikasleriaren arrakasta» bermatu behar dela. «Hemen daude hurrengo belaunaldiak».

Baliabideen eta egonkortasunaren gaiarekin lotuta, gogoan izatekoa da Eusko Jaurlaritzak eta hezkuntzako sindikatuek -ELAk ez gainerakoek- akordioa sinatu zutela joan den maiatzean, eta bereziki aipatu zituztela premia bereziak dituzten eskolak; indize bat garatuko du Jaurlaritzak zentro bakoitzaren egoera aztertzeko eta laguntza handiagoa jartzeko.

Iritziak eta zurrumurruak

Ikastetxeek badute beste kezka bat ere: haien inguruan agertzen diren iritziak. «Niri pena ematen dit etorri gabe zurrumurru eta mito guztiak plazaratzeak», esan du Urdanetako irakasle Garmendiak. Kasu batzuetan, umeak beste eskola batera eramatea erabakitzen dute familiek. Horrelakoak izan dituzte Ganiveten, Haur Hezkuntzan: 2 urterekin matrikulatu, eta 3 urte egitean beste eskola batera joan. Gainontzeko ikastetxeetan diote ez dutela izan horrelako arazorik. «Hemengo arazoa da ez datozela: ez dira matrikulatzen», esan du Landak. Hesiak apurtzeko beharra sumatzen du: «Gure erronka hori da: etorri, eta ezagutu. Bestela, ezjakintasunean egongo dira».

Ihesa zergatik gertatzen ote den, irakasleek diote beldurra nabari dela gurasoen artean. «Eskolako hezkuntza proiektua ezagutzera etortzen dira familiak, eta sarritan galdetzen digute zenbatekoa den beste kulturetako ikasleen kopurua. Eta galdetzen dute ea euren seme-alabak atzeratuago egongo diren ere», kontatu du Morenok, Ganiveteko zuzendariak. Seme-alaben harremanak izan dituzte hizpide Ordiziako Urdanetan: «Askotan, beldur gara seme-alabak ikastetxe honetara ekarrita zer harreman izango dituzten kanpoan. Ez dakit beldurra den, edo aitzakia; arbuioa ere badago». Garmendia irakasleak dioenez, kontraesanak agerian geratzen dira halakoetan.

Eskoriatzan ere sumatzen dute distantzia hartu nahia: «Nik uste dut jende pobrearekin nahasteak ere ematen digula beldurra. Ez dute horiekin elkartu nahi; beraz, beste bide bat topatzen dute», azaldu du Maitane Gomez de Segura irakasleak. Bide beretik jo du Arguijok ere, Samaniegoko zuzendariak: «Iruditzen zait gizarteak pobrezia estigmatizatu duela. Gure ikasleek ez dute dirurik, ez dute baliabiderik. Baina benetako errealitatea hori da».

Eskolaz haragoko lana

Gurasoen jokabidea dute hizpide, baina gertatzen ari den desorekaren eta joera horien ardura osoa ezin da utzi aita-amen gain, Muxikak ohartarazi duenez: «Familiei ezin zaie ezer eragotzi, ezin dira militanteak eskatu; administrazioarena da erantzukizuna». Haren arabera, egoerari aurre egiteko hainbat proposamen egin dituzte hilabete hauetan; besteak beste, matrikulazio bulego bakarra sortzea, iruzurrak eragozteko helburuarekin. Sareen arteko banaketari heldu dio Arrate Agirre Eskoriatzako irakasleak, hori delakoan desorekaren oinarrietako bat: «Arazoa da 4.000 biztanleko herri batean bi eskola daudela diru publikoarekin bizi direnak; ez du inolako zentzurik; arazo hori administraziotik dator».

Desoreka ez da ikastetxeetara mugatzen, nolanahi ere. Irakasleek gaineratu dute horri erantzuteko beharra zabalagoa izan behar dela. «Herri mailako erronka bat da. Inklusibitatea hemengo lau pareten artekoa bakarrik bada, hori ez da inklusibitatea», esan du Urdanetako irakasle Garmendiak. Gaineratu du harresiak eraitsi behar direla, eta ikastetxe horiek egiten duten lana ikusarazi. Eskoriatzako irakasleen ustetan, eskolak egin du bidea, eta gizartearen ikuspegitik egin behar da indarra orain. «Herriko jendea ez gerturatzea oso gogorra da», azaldu du Gomez de Segurak. Gizartearen erantzukizuna dute gogoan ikastetxeek. «Gizarte bat bagara eta guztiok hor bagaude, guztiok hartu behar dugu parte», esan du Garciak.

Herrian aritu beharraz ohartarazi dute Ordiziako eskola publikoko irakasleek. «Niri pena handia ematen dit herri mailan sortzen den tentsioak; horrekin ez du inork irabazten», azaldu du Garmendiak. «Gauzak bere lekuan jartzeko garaia da». Udalaren erantzukizunaz ere aritu dira maistra horiek: herrian neurriak hartzen ez badira, areagotu egingo dela arazoa. Esaterako, aisialdiko eskaintza faltaz eta horren ondorioez aritu dira: «Antolatzen diren gauzak ezin dira batarentzat edo bestearentzat izan; askoz ere zabalagoak izan behar dute».

Gogorarazi dute, izan ere, arazoak ezin direla eskolaren bidez soilik bideratu. «Ikasleak gurekin egongo dira zenbait urtez, baina gero hemen biziko dira: herrikoak dira. Eskolako bidea jorratuko dugu guk, baina gero zer?», ohartarazi du Urdanetako zuzendari Mabel Ziak. «Egoera konpondu ezean, etorkizunean arazo bilakatuko da. Beste lurralde batzuetan garbi ikusi da».

Garrantzian ados, bidean ez

Eskola segregazioa, bidegurutzean

BERRIAn argitaratua (2018/11/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA