astekaria 2018/11/09
arrowItzuli

bizigiro

Beste Bergarak

Edu Lartzanguren

Beste Bergarak

«Eureka, aurkitu dut!». Horra, zientziaren folklorearen arabera, aurkikuntza bat egiten denean oihukatu behar dena. Sirakusan (Sizilia; orduan Grezia, gaur Italia) egin zuen oihu hori Arkimedesek bainuontzian, kondairaren arabera. Bergaran ere (Gipuzkoa), egin zuten eureka aldarri Fausto eta Juan Jose Elhuyar anaiek, lehenbiziko aldiz 1783an wolframa isolatzea lortu zutenean. Aurkikuntza harengatik, Bergarari leku historikoaren izendapena eman zion urriaren 20an Europako Fisika Elkarteak (EPS). Izendapen horren bidez, zientziarentzat mugarri izan diren lekuen zerrendan sartu da Bergara. Baina zeintzuk dira eureka oihua entzun duten beste tokiak? Hona adibide batzuk.

1.BELGIKA:BRUSELAKO METROPOLE HOTELA

Lehen Solvay Konferentzia historiko bat egin zuten Metropole hotelean, 1911ko urriaren 30etik azaroaren 3ra. Erradiazioa eta kuanta izan zen bilkuraren leloa. Izan ere, hor ezarri zen fisika klasikoaren eta fisika kuantikoaren arteko dibortzioa. Hendrik A. Lorentz presidente aritu zen, eta parte hartzaileen artean zeuden Albert Einstein gaztea (32 urte) eta Marie Curie eta Henri Poincare. Geroztik, 27 Solvay konferentzia egin dira, azkena iaz.

2.FRANTZIA: CURIE INSTITUTUA

Marie Curiek eta haren senar Pierre Curiek erradiazioaren eta haren aplikazioen inguruko ikerketak egin zitzaten eraiki zuten Radioaren Institutua, Parisen, 1914an. Marie Curie izan zen lehen zuzendaria, eta, I. Mundu Gerraren ondoren, ia 40 ikertzaile aritu ziren lanean han. Aurkikuntza asko egin zituzten 1920tik aurrera: alfa izpien espektroaren egitura topatu zuen han Salomon Rosenblumek, 1929. urtean. Material arrunt bat erradioaktibo bihur daitekeela ikusi zuten han Irene (Marie Curien alaba) eta Frederic Joliot-Curiek 1934an, eta Nobel saria jaso zuten horrengatik. Horrez gain, frantzio elementua aurkitu zuen han Marguerite Pereyk, 1939. urtean.

Gaur, minbiziaren inguruko ikerketan egiten dute lan Curie institutuan.

3. FRANTZIA: KOSMIKOEN ATERPEA

Alpeetan, 3.613 metroko altueran, Chamonix gaineko glaziarren inguruan, laborategi bat eraiki zuen 1943. urtean CNRS ikerketa institutuak. Han, 1946tik 1955era, erradiazio kosmikoa ikertu zuten. Lan epiko samarra izan zen, gailu astunak glaziarraren gainetik garraiatu behar izan baitzituzten zientzialariek. Espektrometro kosmikoa babestu zuen etxola abandonaturik dago gaur, baina ondoan dago alpinistek erabiltzen duten Kosmikoen Aterpe modernoa.

4.ALEMANIA: WUERZBURGEKO FISIKA INSTITUTU OHIA

Wilhelm Conrad Roentgen fisika irakasleak han aurkitu zituen X izpiak, 1895eko azaroaren 8an. X izena eman zien izpiei, erradiazio mota ezezaguna zelako. Fisikako Nobel saria eman zioten horregatik, 1901. urtean. Haren laborategia gorde dute, garai hartako tresna eta agiri originalekin.

5. ITALIA: ARCETRIKO MUINOA

Mendixka horretan garrantzi historiko handiko hainbat eraikin daude; esaterako, Il Gioiello etxea, zeinean Galileo Galileik bere bizitzaren azken urteak (1631-1642) pasatu zituen idazten. Han daude Astrofisika Behatokia, 1872an eraikia, Optikako Institutu Nazionala, eta Fisika Institutu ohia. Azken horretan idatzi zuen Enrico Fermi fisikariak bere lan nagusia, 1926an.

6. ITALIA: VESUVIOKO BEHATOKIA

Sumendiak ikertzeko munduko lehen gunea izan zen Vesuvioko Behatokia. 1841. urtean eraiki zuten, Vesuvio sumendiko kraterretik bi kilometrora. Gaur, erakundearen egoitza Napoli hirian dago, eta behatokia izan zena sumendien fenomenoa azaltzeko museo bat da.

7. KATALUNIA: FABRA BEHATOKIA

1904. urtean zabaldu zuten Bartzelonako eraikin modernista. Horko Maihlat teleskopioarekin, Saturnoko Titan ilargiak atmosfera zuela deskubritu zuen Josep Comas behatokiko zuzendariak, 1907. urte inguruan.

8. DANIMARKA: NIELS BOHR INSTITUTUA

Urte luzez, laborategi txiki batean aritu zen lanean Niels Bohr fisikaria, Kopenhageko Unibertsitatean. Baina 1921. urtean, bere institutu propioa eman zioten. Han landu zuen atomoaren eredu ezaguna, gero Rutherford-Bohren eredua deituko zena, eta gaur ere irakaskuntzan erabiltzen dena, sinplea eta oso grafikoa delako: nukleoa erdian, eta haren orbitan elektroiak biraka. «Hemen ezarri zituzten fisika atomikoaren eta fisika modernoaren oinarriak», adierazi zuen Europako Fisika Elkarteak lekua izendatzeko ekitaldian.

9. PORTUGAL: COIMBRAKO UNIBERTSITATEKO FISIKA KABINETE ZAHARRA

Jesuiten lehen eskola 1542. urtean sortu zuten, Coimbrako Unibertsitatean. Baina, XVIII. mendean, Portugalgo gobernu ilustratuak kanporatu egin zituen jesuitak, eta orduan filosofia eta matematika fakultateak jarri zituzten eraikinean. Kabinete Zaharrak XVIII. eta XIX. mendeetako zientzia eta didaktika tresna bilduma bikaina dauka ikusgai.

10. SUEDIA: UDMANSKA ETXEA

Lise Meitner zientzialari austriar juduak babesa hartu zuen Goteborgen, Suediako hiririk handienetatik bigarrenean, 1938an, naziengandik ihesi, Alemaniak Austria bereganatu zuenean. Han ulertu zuen badagoela atomoaren nukleoa zatitzerik. Fisio atomikoa posible egin zuen Meitnerren lanak, eta hortik eratorritako energia nuklearra eta bonba atomikoa. Nobel saria, ordea, Meitnerren taldeko Otto Hahni eman zioten.

11. SUEDIA: HVEN UHARTEA

Danimarka eta Suedia arteko Oresund itsasarteko Hven uhartean, XVI. mendeko behatoki astronomikorik aurreratuena eraiki zuen Tycho Brahe astronomoak.

12. SUITZA: EINSTEINEN ETXEA

Albert Einsteinek Bernan 1903tik 1905era bizitoki izan zuen etxea leku historiko izendatu zuen Europako Fisika Elkarteak 2015ean. Orduan idatzi zituen Einsteinek fisika modernoa eratzeko ezinbestekoak izan ziren lau artikuluak, urte miresgarria deitutakoan (1905) argitaraturikoak.

13. INGALATERRA: ERRESUMA BATUKO FISIKA LABORATEGI NAZIONALA

Munduko lehen erloju atomiko praktikoa Londrestik gertuko Teddington hiriko laborategian eraiki zuten Louis Essenek eta John Parryk, 1950. urtean. Zesio-133 atomoen oszilazioarekin funtzionatzen zuen erlojuak, eta hori erreferentzia hartuta definitu zuten segundo bat zer den, 1967an. Gaurko GPS sistema ezinezkoa litzateke erloju atomikorik gabe.

BERRIAn argitaratua (2018/11/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA