iritzia
Txarrenari onena
Garazi Arrula Ruiz
«Euskalduna da eta harro dago» hitzekin aurkeztu zuten Savater. Filosofoa Europa batuaz mintzatu zen, «norbera nondik datorren inporta ez duen Europa bat» (betiere Espainiatik badator, esan beharrik ez). Identitate, tradizio eta kondairek elkarbizitza hondatzen dutela eta hiritartasuna babestu behar dela. Zeinuak, berriz: besteen identitateez mintzo da Savater, norberarena ez den talde gutxituaren pertenentziaz. Esan beharrik ez den horrek jan egiten duelako boza goratu beste aukerarik ez duen Bestea. Ez dugu muga gehiago ezarri nahi, diote; esan nahi baita aski dutela beraienekin, hesi, tiratzaile eta mugako bertako kanporatzeak barne.
Tamalez, errealitatean badute oinarri bat Savaterren esanek. Geografia gorabehera, Nafarroa Garaiak hurbilago du Murtzia Nafarroa Beherea baino, hizkuntza biekin konpartitu arren. Modu inplizituan egunero sartzen diguten hori baita identitate batzuk indartzeko eta besteak desagerrarazteko modu «naturala» (geure buruari erantzukizuna kendu gabe): ETBko albistegiak jarri eta Rambletako atentatuen urteurrena lehenago aipatzea Maravillas gaztetxearen hustea baino; ehunekoak ematea Espainiaren marko erreferentzialean ari direla aipatu gabe; alderaketak egitea Espainiako eskualdeetako egoerarekin; «euskal» aldiro erabiltzea tokiko zernahi taldez aritzeko eta horretarako beharrik ez ikustea azpian nagusia dagoenean.
Boterea hori baita: norbera ez dena adjektibatzeko ahalmena.