astekaria 2018/11/09
arrowItzuli

gizartea

Azken-azken hatseraino zaindu

Arantxa Iraola

Azken-azken hatseraino zaindu

Gai ezberdin bi dira. Pairamen egoera batean, paziente batek propio eskatuta, heriotza aurreratzea da bat: eutanasia egitea. Gaitz batek sendabiderik ez duenean pazienteari heriotzaren aurreko uneak eta sufrimenduak arintzea bestea: zainketa aringarriak ematea. Usu bi gaiak lotuta aipatzen dira, ordea, eta Espainiako Kongresuan eutanasia arautzeko asmoz lantzen ari diren lege proposamenean ere —PSOEk aurkeztua da— oroitarazten da heriotza aurreratzeko eskatzen duen paziente orori aurrez zainketa aringarrien aukera hor dagoela bermatu eta gogorarazi beharko zaiola. Eta jakina da oraindik zainketa horiek ez dutela behar adinako zabalkunderik. Mabel Marijuan EHUko irakaslea da, bioetika irakasten du, eta propio ikertu ditu bizitzaren amaierarekin lotutako gaiak. Argi du zainketa horiek asko hobetu direla garai batetik. «Egun ja argi ulertu da indikazio bat direla zainketa aringarriak, ez karitatea». Orain benetan zainketa horiek indartzeko «hautu politikoa» lehenetsi behar dela uste du, eta horren ondorioa: «Inbertsioa».

Zainketa aringarrietan diharduten profesionalak elkartzen dituen Arinduz elkarteko presidentea da Alberto Melendez. Bat dator hura ere: ahaleginak indartu behar dira. «Zainketa aringarriak ez baitira bermatzen». Adierazi du propio zainketa aringarrietan diharduten talde «espezifikoen» zabalkundea «desberdina eta ekitaterik gabea» dela gaur egun. «Bizi zaren tokiaren eta artatzen zaituen medikuaren araberakoak dira egun zainketa aringarriak». Adierazi du, adibidez, Europako Kontseiluak zainketa mota horiek egoki bermatzeko ematen dituen irizpideak ez dituela Osakidetzak betetzen. Ezinbestekoa iruditzen zaio alorrean diharduten talde «espezifikoen» garrantzia nabarmentzea, haiek sendoak badira osasun sistemako gainerako medikuek ere haien «erreferentzialtasuna» sentituko dutelako, eta gaiarekiko kontzientzia handituko delako. Iñaki Peña medikuak ere alorrean dihardu, eta usu sentitu du baliabideen eskasia bainoago, horien ezagutza falta. «Baliabideak badira, baina maiz profesionalek ez dituzte ezagutzen». Halaber, propio alorrean ari ez diren medikuak herren antzeman ditu sarri pazienteak zainketa aringarrietara bideratzerako garaian; «hilezkortasunaren fantasiara» atxikita ikusi izan ohi ditu gehiegitan. Horrelako egoerak saihesteko oso garrantzitsua da profesionalen «trebakuntza» egokia: profesional guztiena, eta hor ere bidea dago egiteko. Melendez: «Estatuko unibertsitateen erdietan ez da irakasten zainketa aringarririk: horien artean dago EHU».

«Paradoxa» bat

Zainketa aringarrietako profesional gisara, horiek guztiak aldarrikatzea dagokiela esan du Melendezek, ez besterik: «Eutanasiaren gaia ez dagokigu guri profesional moduan. Sarritan gutaz hitz egiten da gai hori ateratzen denean bakarrik; horrela izaten da hori. Baina ez zaigu gustatzen». Eutanasia legeztatzea bera zainketa aringarriak osatzeko lagungarria izan daitekeela onartu du, baina «paradoxa bat» iruditzen zaio. Eta argi du; saihestu behar da inork eutanasia eskatzea «zama bat» sentitzen delako. Eta zaintzaren eremuan oraindik ere aurrera egin behar dela dio: gizartea bera antzaldatu arte. «Auzoetako zaintza eredura bueltatu behar da; jendeari zaintzeko era eman behar zaio». Alde horretatik, adibidez, hiri errukitsuak deitutako egitasmoak sustatzen ari dira —abian dute, adibidez, Gasteizen, Getxon, Santurtzin...—.

Eutanasia legeztatzearen aldeko jarrera argia du, berriz, Marijuanek; uste du beldurrik gabe egin behar litzatekeela urratsa. «Ezin da lege bat egin gabe utzi norbaitek erabilera gaizto bat egin dezakeen susmoa dagoelako», ohartarazi du. Egungo egoerak ere praktika desegokiak dakartzala, gainera. Zenbaitetan, «errukiak bultzatutako homizidioak» egiten direla adierazi du, isilpean, eta «zalantzazkoak» izan daitezkeela: ilunpe horrexegatik. Horregatik, horrelakoak egun argitan egitea bultzatu behar dela adierazi du, legeak eskatzen dituen berme guztiekin: deus ere ezkutatu gabe. Eutanasia legeztatuta dagoen tokietako esperientzia ere hor dagoela esan du, eta abusurik ez dela atzeman inon. Guztiz sinesgarria deritzo: «Inork uste du medikuren batek esango diola inoiz min duen bati eutanasia egitera joateko zainketa aringarririk eskaini gabe?».

«Klandestinitaterik» ez

Bi kontzeptuen arteko desberdintasuna argi izateko eskatu du Marijuanek: «Zainketa aringarriak medikuen indikazio bat dira. Eutanasia hautu pertsonal bat da». Bermatu beharrekoa, haren iritzian: «Jendea halakoetan klandestinoki ibili beharra saihestu behar da». Onartzen du eutanasia legez egitea onesten bada horrek berak egun zainketa aringarrietan dauden hainbat «kontraesan» biluziko dituela, baina uste du legea egin gabe ez dela utzi behar horregatik. «Paternalismoan» oinarritutako beldur asko antzematen ditu Madrilen eztabaidatzen ari diren legean, baina gizartea «heldu» ikusten du eskubidearen alde egiteko.

Bitartean, zainketa aringarriak sendotzen jarraitu behar da. Gero eta era zabalagoan. Bizitzaren amaierarekin lotzen dira gehienetan, baina Iñaki Peñak onartu du «terminaltasuna» bera asko aldatu dela garai batetik. «Izan daiteke urtebete baino gehiago. Terminaltasuna gaur egun asko luza daiteke, batez ere onkologikoak ez diren pazienteekin».

BERRIAn argitaratua (2018/11/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA