bizigiro
Perretxiko ehiztariak
Ane Ubegun Goikoetxea
«Euria lagun ez bada, perretxiko gutxi izaten dira. Kontrakoa ere gertatzen da: euria egin eta perretxikorik ez agertzea, baina aurten oso euri gutxi egin du, eta hori izan da perretxiko gutxi jaiotzearen arrazoi nagusia». Hala azaldu du Ibai Olariaga Aranzadi elkarteko Mikologia Saileko zuzendariak. Olariagak adierazi du perretxiko espezie bakoitzak bere beharrak eta zikloak dituela, eta urtetik urtera aldaketa asko gertatzen direla: «Onddo kolpeak ez dira urtero izaten, baizik eta lau edo bost urtetik behin».
Edurne Gerendiain Ultzamako (Nafarroa) parke mikologikoko langileak ere adierazi du aurtengo denboraldia oso «eskasa» izan dela: «Aurten, askoz ere perretxiko gutxiago atera dira: nahiko desastrea izan da. Oso udaberri ona izan genuen, baina, geroztik, ez du ia euririk egin, eta euririk gabe ezinezkoa da perretxikoak ateratzea. Orain euria egin du, eta badirudi zer edo zer ateratzen ari dela; baina urrian nahiko pobre egon dira basoak». Aitzitik, Gerendiainek argi dauka masifikazioaren arazoak ondorio «larriak» dituela basoan: «Mendian jende asko ibiliz gero, perretxikoak ez dira behar bezala ateratzen, onddoa lur azpian baitago».
Olariagak onddoaren eta perretxikoaren arteko lotura azaldu du: «Pentsatu behar dugu perretxikoa onddoaren lorea dela; landare bati loreak kentzen badizkiogu urtero, landarea hor egongo da, eta urtero emango ditu loreak; baina loreak ematen ez baditu, ez da landare berririk izango, eta, azkenean, bukatu egingo dira». Perretxiko bilketarekin alderatu du prozesu hori: «Urtero perretxiko horiek biltzen baditugu, gero eta perretxiko gutxiago egongo dira. Epe luzeko kontuak dira, oso motelak, baina egia da jende askok basoko lurra zapaltzen badu, basoak txikiak direnean batez ere, zapalketak baduela eragina». Alabaina, harreman «estua» dago onddoen eta basoaren artean, eta bi elementu horien hartu-emana etengabekoa da: «Mizelioek zuhaitzaren sustrai moduan funtzionatzen dute: zuhaitz horiek mantenugai gehiago jasotzen dituzte, eta askoz ere lehiakorragoak dira; hobeto hazten dira, gaixotasun gutxiago izaten dituzte, eta abar. Beraz, zenbat eta mizelio gehiago egon, orduan eta onura gehiago izango ditu zuhaitzak». Modu horretan, Olariagak azaldu du baso batek perretxiko asko izateak ez duela esan nahi baso hori egonkorragoa denik: «Gerta daiteke baso batean perretxiko gutxi jasotzea, baina lur azpian dauden mizelio eta onddoak oso osasungarri egotea. Askotan, basoaren baldintzak oso egonkorrak baldin badira, perretxikoen ekoizpena txikitu egiten da».
«Arautu gabeko» eremua
Ultzamako parkean neurri bereziak hartu zituzten orain dela 11 urte, ohartu baitziren gero eta jende gehiago bertaratzen zela: «Ibarrean masifikazioa zegoelako jarri genituen martxan neurriak. Jende asko etortzen zen perretxikotara, eta hori kudeatzeko modu bat da», azaldu du Gerendiainek. Hartutako neurrien artean, besteak beste, hauek daude: bisitariek ordaindu egin behar dute parkera sartzeko, eta egunean zortzi kilo perretxiko har ditzakete pertsonako. Horretaz gain, aholkularitza zerbitzuak, bisita gidatuak, mapak eta praktika onerako materiala eskaintzen dizkiete bisitariei. Geroztik bisitarien kopurua mantendu egin dela dio Gerendiainek, baina badakitela jende gutxiago ibiltzen dela mendian: «Jendeari ez zaio asko gustatzen ordaintzea».
Koldo Ugartetxea Plentziako (Bizkaia) Perretxiko Taldeko kidearen aburuz ere, arazo «larria da» bilketa masiboarena, baina uste du bilketa mugatzea baino garrantzitsuagoa dela jendea kontzientziatzea eta ulertaraztea kontsumituko dituztenak baino ez direla bildu behar: «Perretxikoak modu masiboan biltzeak duen ondorioa da mizelio guztiak suntsitzea, inongo begirunerik gabe». Azaldu du haien elkartearen helburua dela jendeak jangarriak eta ez-jangarriak diren perretxikoen artean desberdintzea, osasun arazoak eta zalantzak saihesteko. Gainera, esan du hobe dela edozein zalantzaren aurrean perretxikoak botatzea, ondoren indigestio bat izatea baino.
Olariagaren iritziz, «zaila» da esatea zein neurri liratekeen eraginkorrenak, ikerketa gutxi egin baitira orain arte, eta urte asko behar baitira ikusteko baso batean zein ondorio eragiten dituen perretxikoak hartzeak —50 urte inguru—. Dena den, esan du neurririk hartzen ez bada jendeak gehiegikeria asko egiten dituela, eta neurriak «beharrezkoak» direla ingurumena zaintzeko.
Gerendiainek argudiatu du parkean hartutako neurriak «eraginkorrak»izan direla orain artean, baina uste duela gehiago mugatu beharko litzatekeela ekintza hori: «Langileon iritziz, irtenbiderik onena lizentzia moduko bat ateratzea litzateke, Euskal Herri mailan erabilgarria litzatekeena, ehizarekin egiten den bezala». Azaldu du perretxikotara joaten diren askok ez dakitela nora joan behar duten, ez eta baimen berezirik behar duten ere: «Ordenantza asko daude, baina toki askotan ez dituzte kontrolatu ere egiten». Azaldu du Italian dagoeneko martxan dagoela halako neurri bat: «Oso mugatua dute perretxikoen kudeaketa, et,a perretxikoak biltzeko baimenarekin batera, formakuntza berezi bat izaten dute». Euskal Herrian ere formakuntza bat jasotzea garrantzitsua litzatekeela adierazi du, baina uste du «zaila» dela, eta «hemen bakoitzak ahal duena» egiten duela.
Ugartetxearen iritziz, ordea, bilketa mugatzearen ondorio zuzena da barruti pribatuak sortzea. Gainera, salatu du perretxiko bilketaren beste arazo bat dela askok perretxikoak ondoren saltzeko asmoarekin hartzen dituztela; horregatik, esan du ondorioetan pentsatu gabe hartzen dituztela, joaten diren aldiro kopuru handia, eta «diru pixka bat ateratzeko» baino ez.